Erregulartasunik eza izan zen iragan denboraldian txuri-urdinen ezaugarri nagusia, baina, unerik zailenetan, soka lepoan izan zutenean, gora egiteko indarra atera zuten. Gauza bera egiteko tenorea iritsi da, nahiz eta horrelako krisi batean sartzerakoan, buelta ematea zaila den. Osasunari iaz gertatutakoa da horren adibide: gorritxoek, Espainiako Ligan gol gehien jaso zituen taldea izateaz gain, hamar partida baino gehiagoko bolada izan zuten irabazi gabe, baina, azkenean, lehortea gainditu zuten. Realak zortzi partida daramatza garaitzearen gozoa dastatu gabe, eta gauza bera egin behar du gaur, jokalarien hitzetan, «aurkari zuzen» baten aurka. Esanguratsua ere bada hori esatea, Liga hasieran helburua «lehen hamarren artean» sailkatzea zelako.Nekez eskatu dakieke konfiantza jarraitzaileei, taldeak ez badu bere buruan halakorik erakusten. Puntu erreserba ez ezik, kreditua ere agortzen ari da. Egia da taldeak jokalari garrantzitsuak galdu dituela, esperientzia falta zaiola, eta, azken partidetan, Jauregi eta Nihat izan direlako hamaikakoan Lehen Mailan zaildutako jokalari bakarrak. Aitortu behar da, tarteka, Realak joko maila ederra erakutsi duela, erasoan batez ere. Baina hori ez da nahikoa Racing, Real Madril eta Sevillaren aurkako norgehiagokatan gertatutakoa zuritzeko. Istorio bera, hiru bider. Gehiegi kasualitate hutsa izateko. Realak ezin dio kontrarioari hainbesteko erraztasunik eman. Aintzat hartu beharreko datua da ere hiruretan jokalariren bat kanporatu diotela.Egia da, Reala talde heldu gabea dela. Gazte askori une zailean egokitu zaiela jauzia ematea. Baina futbolak ez du barkatzen. Jokalariek beraiek aditzera eman dutenez, buruan dago arazoa, urduritasunari ezin eutsiz aritzen dira, aurrekoetan gehiegi pentsatuz... Konponbidea, beraz, euren esku dago. Eurek bilatu beharko dute lasaiago jokatzeko modua. Jarraitzaileen babesa ez zaie inoiz falta. Taldearen inguruan dagoen informazio gaindosia eta komunikabideon presioak agian ez du askorik lagunduko, baina horrekin bizitzeko prest ez badaude, jai daukate. Puntuekin dator konfiantza; horregatik da gaurkoa derrigor irabazi beharreko partida. Lantzean behin egiteko gai den jokoa (Sevillako lehen zatian, urrunago joan gabe) partida osoan zehar egitea da gakoa. Cifuentesek eta Garitanok partida bateko zigorra bete beharko dutenez, litekeena da Rekarte eta Novo hamaikakora itzultzea. De Paulak min hartuta jarraitzen du, eta Gabilondok bigarren partida jokatuko du jarraian ezker hegalean. Maila ona eman zuen añorgarrak Sevillan lehen zatian, baina fisikoki nabarmen egin zuen behera bigarrengoan, eta partidak beharko ditu erritmoa hartzen jarraitzeko. Lesioak eta txartelak tarteko, Reala Bko hiru gazte sartu ditu deialdian Amorrortuk: Ansotegi erdiko atzelaria, Susaeta erdilaria eta Agirretxe aurrelaria.
Aurkaria, goitik behera
Kontrarioari erreparatuta, seinale txarra izango litzateke Realak gaur hiru puntuak ez poltsikoratzea. Denboraldi hasieran lortutako emaitza onei esker, mailari eustea izango zutela pentsatzeko arrazoiak eman zizkieten Cadizeko jokalariek jarraitzaileei, hasieran uste zutena baino errazagoa. Baina taldea izaten ari den bolada kaskarrak errealitatera itzuli ditu.
Lehen Mailan eskarmentua duten oso jokalari gutxi dauzka Cadizek (Oli da bakanetakoa), eta golak sartzeko komeriak (Mirosaljvlevic, aurreko denboraldiko goleatzailerik onena, ordezkoa da). Realak bezala, zortzi saio daramatza irabazi gabe Victor Esparragok entrenatzen duen taldeak. Cadizek, ordea, ez du etxean jokatzen. Hori baliatu behar du Realak.
EGOERA EKONOMIKOA
Soldata jaistea erabaki dute jokalariek
«Eskasia garaietan, Athleticeko jokalariek beren soldatak %15 jaistea onartu zuten, baina hemengoek ez dute horrelakorik egingo, ez!». Zenbat aldiz ez ote den entzun azken aldian esaldi hori realzaleen ahotan. Bada, Lopez Rekarte, Alberto eta Jauregi, atzo, Amorrortu eta Fuentesekin batera agertu ziren hori bera egingo dutela iragartzeko, portzentajea zehaztu gabe. «Denok dakigu Realak etorkizunerako oso garrantzitsuak diren egoerei egin beharko diela aurre. Klubaren egoera ekonomiko zailak guztion konpromisoa eskatzen du. Gure konpromisoa kirol arlotik haratago doa, horregatik, denboraldi honetako soldataren zati bati uko egitea erabaki dugu», esan zuen Rekartek, kapital handitzean ere parte hartuko dutela gaineratu aurretik.
Amorrortuk Sevillaren aurkako partidan eginiko aldaketetan ez zuela asmatu eman zuen aditzera. Bitxia da entrenatzailearen inguruan komunikabideetan sortu den polarizazioa: batzuk bere balioa zalantzan jartzen dute, eta besteek «Realak izan dezakeen entrenatzailerik onena» dela diote. Bi muturren arteko punturen batean egongo da egia. «Ilusioz gainezka» dagoela azpimarratu zuen deustuarrak atzo, «egoera samurra ez bada ere».