FUTBOLA. Liderrari irabazi beharra

Azken bi porroten ostean, laugarren postuari nola edo hala eusteko, Bartzelona mendean hartzera behartuta dago gaur Osasuna

2006ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Aspaldiko partez, kale eginez gero Txapeldunen Ligako postuetatik at geratzeko arriskuarekin ariko da gaur Osasuna futbolean. Bartzelona lider sendoa da gaur egun, eta bisitaririk gaiztoena dirudi. Halere, Lehen Mailako bi talde galiziarren aurka porrot egin ostean, katalanen eta euskaldunen aurka jokatu beharreko hurrengo lau norgehiagokak erabakigarriak izan daitezke Osasunaren etorkizunerako (Bartzelona, Espanyol, Reala eta Athletic dira nafarren hurrengo lau aurkariak, hurrenez hurren), eta gorritxoek ezin dute kale egin. Azken orduko txakalaldi ikusgarririk ezean, iragan sasoian lortu Liga txapelketa errepikatzeko bidean dira Frank Rijkaarden mutilak eta gaur iluntzekoa ez da norgehiagoka erraza izango gorritxoentzat. Akatsik gabeko partida egiteko asmoz zelairatuko dira Javier Aguirreren mutilak, klubaren eguna izanagatik, ia beteta egongo den Nafarroako Erresuman bildutako zaleen babesean.

«Zaila dela badakigu, baina partida perfektuaren bila zelairatu behar dugu. Guk akatsik gabe jokatzeaz gain, Bartzelonak bere egunik onena ez izatea garrantzitsua izango da, baina irabazten ahalegindu behar dugu. Etxean jokatu arren faborito ez garela badakigu, baina atzetik ditugun taldeak asko gerturatu zaizkigu sailkapenean eta garaipena ez den beste ezerk ez digu balio», adierazi zuen atzo Javier Aguirrek, entrenamendu amaieran Taxoaren eskainitako prentsaurrekoa hasteko. Gorritxoen entrenatzaileak laudorio ugari eskaini zizkion Rijkaarden taldeari. Guztietan esanguratsuena honako hau izan zen: «Banakotasunak taldearen zerbitzura jartzea lortu du Bartzelonak». Eta egia da, izar ugari dago liderraren aldagelan, baina beste zenbait aldagelatan izarrak oilartu eta beste izarrei mokoka hasten diren bezala, Bartzelonan taldea da garrantzitsuena. Ondo jokatzea, gol eder ugari egitea eta tituluak lortzea da Bartzelonako izarren ametsa, eta hori lortu ahal izateko bat eginda egotea ezinbestekoa dutela irakatsi die Frank Rijkaard entrenatzaileak. Ronaldinho, Eto'o, Deco, Xavi, Giuly, Puyol, Messi eta enparaua garrantzitsuak dira, baina taldea da garrantzitsuena. Agian horrexegatik, Messi eta Xavi bezalako jokalari garrantzitsuen hutsunea ez dute nabaritu ere egingo gaur iluntzean Bartzelonakoek.

Hamaikakorik lehiakorrena

Eta agian horrexegatik, Javier Aguirrek ez du datorren asteburuan Montjuicen Espanyolen aurka jokatu beharreko partidarako ezer gordeko. Duen guztiarekin ariko da Osasuna gaur iluntzean. Celtaren aurka, mexikarrak atseden eman zien txartel hori bat ikusi eta Bartzelonaren aurkako partida galdu zezaketen jokalari garrantzitsuei. Ricardo atezaina, Cuellar erdiko zentrala, Raul Garcia euskarria eta Delporte erdilari erasokorra ez ziren hasierako hamaikakoan Balaidosen. Txartel pilaketaren ondorioz zigorra jasotzeko atarian ziren laurak. Bartzelonaren aurka ere zigorraren mehatxupean ariko dira jokalari hauek, baina Aguirrek laurak zelairatuko ditu hasierako hamaikakoan. «Bartzelonaren aurka, eta batik bat etxean jokatuta, ezin dugu ezer gorde, garaipenaren bila zelairatu behar dugu, daukagun guztiarekin. Laugarren postuari eustea da helburua biharko norgehiagokan», esan zuen atzo Aguirrek bere erabakia arrazoitzeko. Eta ez zaio arrazoirik falta. Hargatik, Raul Garciak eta Puñalek txartel hori bana ikusiz gero, Espanyolen zelaian jokatzeko moduan izango duen euskarri bakarra Iñaki Muñoz izango dela ere ez da gezurra. Sosa min hartuta dago, eta Raul eta Puñal zigorraren atarian.

Aguirrek, ordea, Bartzelona hartu nahi du mendean, nola edo hala. Eta Vigon atseden hartu zuten lau jokalari garrantzitsuez gain beste bi aldaketa ere egingo ditu mexikarrak, hamaikakorik lehiakorrena zelairatu ahal izateko. Batetik Clavero zigortuta dago eta bere hutsunea Corralesek beteko du atzealdeaaren ezker hegalean, eta bestetik David Lopez hamaikakora itzuliko da Valdo, Milosevicengandik gertuago jarri eta Romeo aulkian uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.