FUTBOLA. Maradonaren oinordekoa

Xabier Lopetegi.
2005eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
uan Roman Riquelme eta Diego Armando Maradonaren ibilbideak bat datoz gauza askotan. Futbolak erlijio kutsua duen herrialdean idoloak dira; Argentinos Juniorsen hasi ziren nabarmentzen; Boca Juniorsen bihurtu ziren izar, eta handik Europara egin zuten jauzi. Riquelme gaztea zenean, liluratuta gelditu zen Maradonarekin, eta handik urte batzuetara bera izan zen bere lorpenekin Pelusari zorion malkoak behin baino gehiagotan aterako zizkiona. Patuak berak frogatu zuen batak bestearen lekukoa hartzera deituta zegoela; ezetz asmatu, Maradonak Bocarekin jokatutako azken partidan, nork ordezkatu zuen zelaitik atera zenean? River Platen kontra izan zen, 1997an, eta 18 urte zituen Riquelmek.

Parekotasunak ez dira hor bukatzen, adibidez, biek daukatelako pobreziatik arrakastarako jauzia egin dutenen berezko karisma, baina, ororen gainetik, aparteko talentua duten jokalariak izateak batzen ditu. Oso noizean behin ateratzen dira Riquelme bezalako futbolariak. Presio eta defentsa lanetan alfer samarra da, eta besteek baino astiroago jokatzen duela dirudi, baina itxura besterik ez da, abiadura buru barruan daukalako. Erraz eta inork baino azkarrago ikusten du jokaldia, naturaltasunez, horretarako jaioa balitz bezala. Jokatzen hasten denean, estrategiek, banakako defentsek, ostikoek eta hainbat entrenatzaileren zekenkeriek ez dute ezertarako balio.Erakustaldi ugari eman ditu zelai gainean, baina guztien gainetik nabarmendu beharrekoa da 2002. urteko Kontinente Arteko Kopako finalekoa. Real Madril barregarri utzi eta Bocari garaipena eman zion orduan bere paseekin eta erregateekin. Partida horri esker iritsi zen Bartzelonara. Han, ordea, arazo asko izan zituen moldatzeko: erritmoa azkarragoa zen, eta bere jokoa gustuko ez zuen entrenatzaile batekin egin zuen topo, Louis Van Gaalekin. Hegalean jokatzen zuen, hau da, ez zegokion tokian. Carlos Bianchik esan zuen bezala, «taxi gidari bat tabernako barraren beste aldean jartzen» ari zen Van Gaal. Txutxumutxuek ere antzeko zerbait zioten, alegia, ostatuetan ordu asko ematen zituela. Horretan ere, Maradona bezala.

Hurrengo denboraldian, Rijkaard-Begiristain bikoteak taldean tokirik ez zuela erabaki eta Vila-realera bidali zuten bi urterako. Hasieran arazoak izan zituen han ere, sasoiz kanpo iritsi zelako eta Floro ere ez delako artisten inspirazioari askatasuna ematen dien horietakoa. Nolanahi ere, pixkanaka gora egin zuen eta aurten hasi da futbolerako duen sena erakusten, gehienbat Pellegrini entrenatzailea iritsi denetik: zortzi gol egin eta hamaika golerako paseak eman ditu, eta defentsan ere lehen baino gehiago laguntzen du. Ronaldinhok esan du dagoeneko gustura jokatuko lukeela bere ondoan. Maradonak lortu ez zuena lortzeko bigarren aukera izan dezake, beraz, Bartzelonan ez baitzuen arrakastarik izan Pelusak. Abantaila dauka gainera, bere idoloak egindako akatsetatik ikasteko aukera eman baitio bizitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.