FUTBOLA. «Numanciaren bolada txarra hemen ez amaitzea espero dut»

2004ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Unai Exposito Numanciatik etorri zen Osasunara, eta oroitzapen onak besterik ez du Sorian bizitakoaz. Izquierdoren lesioa baliatu, eta iragan sasoian baino askoz gehiago jokatzen ari da Barakaldokoa, eta horrelaxe jarraitu nahi du. Numanciaren aurka irabazi eta Gabonetako oporrak lasai igarotzea du helburu orain.

Numancian ibilia zara; partida berzia al da zuretzat?

Sorian lagun mordoa utzi nuen, eta oroitzapen onak ditut; alde horretatik, partida berezia da. Lezamatik irten beharra izan nuenean, hara joan nintzen; partida guztiak jokatu nituen, eta sasoi ona egin nuen, nahiz eta taldeari dagokionez igotzerik izan ez genuen.

Han zenuena faltan sumatzen al duzu?

Ez, ez; Iruñean oso gustura nago; gainera, nire etxetik are eta gertuago nago Iruñean, eta hemengo jendeak Bilboko jendearen antz handiagoa dauka. Oroitzapen onak ditut, baina Osasunan oso gustura nago.

Asko aldatu al da Numancia harrezkero?

Bai; nik izan nuen entrenatzaile bera dute oraindik ere, baina jokalari gehienak aldatu egin dira gaur egun. Aurrelariei dagokienez, esaterako, orain daudenetatik inor ez zen Numancian nik Sorian jokatzen nuenean. Alde horretatik, abantaila handirik ez dut izango.

Zer-nolako partida espero duzu?

Gogotsu etorriko direla badakit behintzat, eta guk ere hala zelairatu beharko dugu, irabazi ahal izateko.

Etxetik kanpo puntu bakar bat ere ez dute lortu Numanciakoek.

Bai, hori egia da, baina egunen batean lortuko dute etxetik kanpoko bolada txar hori amaitzea, eta lehen aldi hori gure zelaian ez izaten ahalegindu behar dugu guk. Beste edozein partidatan bezala zelairatu behar dugu, talde garrantzitsuagoen aurka erakutsi ohi dugun grina berberarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.