2004-2005 denboraldian Espainiako Ligako Lehen Mailan inork izan duen boladarik txarrena berdindu dezake Osasunak, gaur arratsaldean Bartzelonari irabazten ez badio. Azken sailkatuak, Numanciak, soilik egin ditu hamar jardunaldi jarraian irabazi gabe. 2005eko lehen garaipena lortzeko garaia bada, ordea, eta, aurrean liderra izanagatik, Osasuna garaipenaren bila zelairatuko dela ziurtatu zuen atzo Javier Aguirrek: «Aurrean nor dugun aintzat hartu gabe, etxeko partidetan irabaztera zelairatzera behartuta gaude». Real Madrilekiko aldea areagotu nahiko duen taldea izango dute aurrean, lehen sailkatua, Bartzelona.
Norgehiagoka samurra ez dela izango argi dute osasunazale guztiek, baina Osasunak talde handien aurka eskaini ohi du itxurarik onena. Otsailaren 13an Sadarren Real Madrilen aurka aritutako taldeak zerikusi gutxi zuen iragan asteburuan Malagaren aurka aritu zenarekin, nahiz eta bi partidak galdu. Gaur arratsaldean ere motibazioa eta jarrera ez dira arazo izango nafarrentzat. Aguirrek, gainera, badaki zer egin behar den Bartzelona estu hartzeko: «Presioa behar bezala egiten asmatu behar dugu, Bartzelonari baloia kentzea ezinbestekoa baita. Bartzelona zelaian deseroso egotea da gure helburua, eta baloirik gabe, Bartzelonak ere sufritu egiten du».Aurkariari egin presioan egon daiteke gakoa Aguirreren ustez. Eta azken emaitza txarrek Osasunari presio berezia eragingo diotenik ere ez du uste entrenatzaileak, gainera: «Antsietaterik ez dugu, gure lana behar bezala eginez gero, laster iritsiko da urteko lehen garaipena».
Krutxaga ezinbestekoa da
Albaceten berritasunez jositako hamaikakoa zelairatu bazuen ere, Aguirrek ez du aldaketa askorik egiteko asmorik Bartzelonaren aurkako partidan. Atzealdean Cesar Krutxaga itzuliko dela argi utzi zuen atzo entrenatzaileak, «une honetan Krutxagaren eskarmentua ezinbestekoa baita taldearentzat». Kapitaina ez zen txukun aritu Malagaren aurka 1-6 amaitu zen partidan, eta Albaceten Flaño maila ederrean aritu zen arren, gazteak beteranoari tokia utzi beharko dio. «Krutxaga behar dugu, eskarmentu handiko gizona da, aldagelan sekulako garrantzia du eta zelaian ezinbestekoa da bere lana», esan zuen atzo Aguirrek.
Segurutzat soilik Cesar Krutxagaren itzulera jo daitekeen arren, beste aldaketa bat egotea ere posible da. Atzo, aurrealdean zalantzak dituela onartu zuen Javier Aguirrek. «Savo Milosevic eta Richard Moralesen arteko zalantza daukat, eta bihar arte ez dut azken erabakia hartuko», esan zuen entrenatzaileak. Albaceten Milosevic aritu zen hasieratik, baina Moralesek egin zuen Osasunaren gol bakarra, bigarren zatian, ordezkoen aulkitik zelairatu ostean. Une honetan, beraz, Moralesek jokatzeko aukera gehiago duela dirudi.Bestalde, Bartzelonak ere puntuak batzeko beharra dauka, azken bi partidetan bi puntu besterik ez baitituzte lortu Frank Rijkaarden jokalariek: Sorian Numanciaren aurka 1-1 egin zuten, eta, Espanyolen aurkako derbian, 0-0. Hala ere, datorren asteartean, Chelsearen aurka Londresen Txapeldunen Ligako kanporaketa erabakigarria jokatu behar dute kataluniarrek, eta Osasunaren onerako izan daiteke hori. Rijkaard entrenatzaileak, dena dela, argi utzi du gaurko partidak ez diola «ez kezka ez urduritasunik» eragiten.
FUTBOLA. OSASUNA. Hamargarrenean agi danez
Bederatzi partida irabazi gabe egin ondoren, bolada txarrari amaiera eman nahi dio gaur Osasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu