Hasieratik jokatzeko aukera emango dio Aguirrek behingoz, eta gustura da Delporte. Garrantzitsuena taldeak irabaztea dela dio. Sevillaren aurkako partida gogorra izango dela badakien arren, gerrarik ez dutela nahi argi utzi du erdilari frantziarrak.
Beno, azkenean iritsi zaizu hasieratik jokatzeko aukera. Pozik?
Bai, noski, nire aukeraren zain nengoen eta pozik nago. Hamabost, hogei edo berrogei minutu jokatzea eta hasieratik zelaian izatea oso gauza ezberdinak dira. Halere, taldeak irabaztea izango da garrantzitsuena.
Sevilla talde gogorra da, dena den.
Bai, une gozoan daude eta partida zaila izango dugu. Liga hasiz geroztik lehen bost sailkatuen artean egon da beti Sevilla eta irabaztera etorriko dira. Guk ere garaipena nahi dugu, ordea.
Aizu, nola arrazoituko zenuke hainbeste jardunaldi igaro arte titular izateko aukerarik ez izana?
Ez dakit, hori entrenatzaileari galdetu beharko zenioke. Plantilla ona daukagu, eta tokia egitea ez da erraza. Mohak bikain jokatu du orain artean.
Nola egin diezaiokezue min Sevillari?
Hegaletako jokoa garrantzitsua izango da. Valdo eta ni jokalari azkarrak gara, eta erdiraketa onak egiten badakigu. Horretan ahalegindu beharra daukagu , Moralesek eta Webok golak egin ditzaten.
Zu ez zinen Osasunan Sevillako liskarren egunean. Zerbait berezirik nabaritu al duzu aldagelan?
Beno, taldekideek gogoan dute han gertatutakoa, eta hitz egin dugu egun hartakoaz. Nik telebistaz ikusi nituen liskarrak. Dena den, gerrarik ez dugu nahi. Irabazi egin nahi dugu eta burua hotz dugula zelairatzea komenigarria litzateke. Gogor jokatu behar dugu, oldarkortasun handia erakutsi behar dugu, baina txartel inozoak ikusi gabe eta alferrikako borrokak eragin gabe.
FUTBOLA. OSASUNA. LUDOVIC DELPORTE. OSASUNAKO ERDILARIA. «Gerrarik ez dugu nahi»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu