FUTBOLA. Portugesez bai; portugaldarrak ez

Angolaren kontra ariko da gaur Portugal. Behin kolonia izan zuenaren aurka, alegia. Partida bero-beroak izan dira orain arte jokatu dituztenak.

enekoitz telleria sarriegi
2006ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ia 500 urteko zapalkuntza ez da erraz ahazten. «Munduko Kopan jokatuko ditugun partida guztiak galtzeko baimena eman didate, baina Portugalen kontrakoa irabazten badugu». Marco Abreu Angolako jokalariak gaurko partidaren bezperan esandakoa da, eta Angolako biztanle askoren sentipena ere bada. «Angolakoak garen guztiok, Angola herrialde on bat dela eta aurrera egin nahi duela erakutsi nahi diogu mundu guztiari. Baina, bereziki, Portugali», jarraitu du barrenak husten Marco Abreuk. Angolan jaio eta Portugalen hazitakoa da bera.

1483. urtetik dute Angolan portugaldarren berri. Urte hartan iritsi, eta urte hartan hartu zituzten bertako guztiak eurentzat. Congo ibaiaren inguruak bere egin, eta Luandan sortu zuen Portugalek kolonia, esklaboen traturako. Angola izena eman zioten. Bertako bantu hizkuntzako N'gola hitzari adiera berria emanda (bertako buruzagiek zuten tituluari egiten zion erreferentzia ordura arte N'gola hitzak). Congo ibaiaren inguruetatik hasi, eta kostalde guztiaren jabe eginak zeuden portugaldarrak XVI. menderako, gerrak eta hitzarmenak tarteko -Herbehereekin aritu ziren lehian-. Lurralde guztia hustiatu eta odolustu arteko bakerik ez zuten izan. 1975ean lortu zuen Angolak independentzia, baina lehen ereindakoaren fruituak ari da orain jasotzen: probrezia, barne gatazkak, eta milaka gaixotasun.

Ihesbide bat ere badute Angolan azken hilabeteotan: futbola. Hura izango da, hizkuntzarekin batera, portugaldarrek utzitako aztarna bizi bakarra. Kolonizatzaileen kirolak sustrai sendoak ditu Angolan. Girabola Ligak badu sona, eta Benfica eta Sporting bertako taldeek ere bai -Benfica eta Sporting Portugalgo talde nagusien anaia txikiak-. Asko dira Angolan hasi eta Portugalgo Ligara jauzi egiten dutenak, eta horregatik ditu egun Angolako selekzioak Portugalen ari diren hamaika jokalari. Horietako batek, Pedro Emanuelek, Angolarekin jokatzea erabaki du, Portugalekin jokatzeko aukera ere izan zuen arren.

2001ean bi selekzioek Lisboan jokatu partida ez dute ahaztu. Bertan behera gelditu zen Angolako lau jokalari egotzi zituelako epaileak, joko bortitzarengatik. Kolonizatzaileek irabazi zuten (5-1).



Serbia eta Montenegro

Memoria. Azken bi hitzorduetan galdu dute Herbehereen kontra. 1998ko Munduko Kopan (2-1) eta 2000ko Eurokopan (6-1).

Buruhausteak. Petkovic entrenatzaileak dituenak. Vidicek min hartua du-eta azken unean.

Ezagun bat. Savo Milosevic Osasunakoa ariko da hasieratik aurrealdean. Eskarmentu handiko jokalariak ditu Serbiak.

Herbehereak

Zortzi urte. Tradizio handia duen arren, Herbehereetako selekzioa duela zortzi urte aritu zen azken aldiz MundukoKopan.

Gazteen alde. Van Bastenek beste itxura bat eman dio selekzioari, eta gazteen alde egin du.

Zalantzak. Erdiko lerroa osatzen duten Van Bommel, Sneijder eta Cocu min hartuta egon dira, baina osatu direla dirudi.



Mexiko

Sekula ez bezala. La Volpe entrenatzaileak orain arte beste inork lortu ez duena lortu du: erregulartasuna.

Prestakuntza. 2003tik ari dira Munduko Kopa prestatzen. 68 partida jokatu dituzte.

Erasoa. Concacaf eremuan jokatutako 18 partidetan, 64 gol sartu dituzte. Jared Borgettik sartutakoak dira 14.

Iran

Aldatuta. Argentinan eta Frantzian aritu zirenekin ez du zerikusirik. 2005ean, 15. jarri zen Iran FIFAren sailkapenean.

Estatistika. Partida bakarra irabazi du Iranek Munduko Kopan, AEBen kontra, Frantzian.

Entrenatzailea. Ivancovicek zuzentzen du taldea, baina Petricevic laguntzaileak ezagutzen du Mexiko, han jokatutakoa baita.





Angola

Kolonia. Portugalen kolonia izana da Angola. Abreu: «Esan digute, galtzeko partida guztiak, baina hau ez beste guztiak».

Ezagunak. Portugalgo Ligan ari diren edo aritu diren hamaika jokalari ditu Angolak. Ongi ezagutzen dute kontrarioa.

2001eko partida Lisboan. Ez zen bukatu. Angolako lau jokalari kanporatu zituelako epaileak.

Portugal

Gorabeherak. 2002ko Mundialean etxera lehen fasean, eta Portugalgo Eurokopan finala galdu. Erregulartasun bila dabiltza.

Taldelana. Izar asko izateak beti ematen ditu arazoak, eta Scolari entrenatzaileak talde lanaren beharra nabarmendu du.

Gehiago. Teknikoki kontrarioak baino gehiago dira Figo, C. Ronaldo, Pauleta eta enparauak.







E eta F multzoetako norgehiagokak jokatuko dira bihar

Munduko Kopako laugarren eguna da biharkoa, eta E eta F multzoetako partidak jokatuko dira. E multzokok bi dira: AEBek eta Txekiar Errepublikakoek jokatuko dute bat (18:00, La Sexta) eta Italiak eta Ghanak bestea (21:00, C+E). F multzoko partida bakar hori, Australiak eta Japoniak jokatuko dutena da (15:00, C+E).





Otto Pfister Togoko entrenatzaileak dimititu egin du

Asteartean jokatuko du Togok Munduko Kopako estreinako partida Alemaniaren kontra, baina Kodjovi Mawuena bigarren entrenatzaileak zuzenduko du partida hori, Otto Pfisterrek dimititu egin baitzuen atzo. Mundialean parte hartzeagatik jokalariek jasoko duten diru saria ez da nonbait eskatutakoa, eta horregatik dimititu du.





Zambrotta, Nestaeta Gattuso Italiakoak jokatzeko moduan

Marcello Lippi Italiako entrenatzaileak buruhauste handi samarrak zituen bihar Italiak Ghanaren kontra jokatuko duen estreinako partidarako, baina arnasa lasai hartzeko moduan da atzodanik. Medikuek jakinarazi diote, min hartutako Zambrotta, Nesta eta Gattuso osatu direla, eta ez dutela jokatzeko arazorik izango.





Brasildarrak ez direla fisikoki bete-betean iritzi dio prestatzaileak

Moracy Sant'Anna Brasilgo prestatzaile fisikoak, haien sasoi puntuari buruzko zalantzak uxatu (edo areagotu) nahian edo, jokalariak ez direla lehen fasean bete-betean ariko esan zuen. «Oso zaila izango da lehen fasean inor bete-betean egotea. Hura gainditutakoan guztiak euren maila onera iristea espero dut», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.