FUTBOLA. REALA. AITOR LOPEZ REKARTE. «Gazteek ilusioari eusten laguntzen digute»
Azken urteetako denboraldi-aurrerik luzeena izan da Realeko jokalarientzat, ia bi hilabete igaro baitira entrenatzen hasi zirenetik. Tarteko, Hego Korean jokatutako txapelketa, eta etengabeko lan saio latzak. Lehiaketari ekiteko irrikan daudela adierazi dio Aitor Lopez Rekartek berriari.
Helburua lehen hamarren artean sailkatzea da. Posible ikusten al duzu?
Noski baietz. Hasieratik itxaropen hori izan behar dugu. Horretarako daramatzagu bi hilabete lanean. Derbia partida hoberena da hasteko, morala hartzeko, eta gauza handiak edo behintzat gauza politak egin ditzakegula ikusteko.
Eta UEFA?
Oraingoz ez dugu horretan pentsatzen. Ondo hasten saiatu behar dugu, beti markatzen digulako asko hasierak. Azken denboraldietan emaitza txarrak izan ditugu lehen partidetan.
Denboraldi-aurrea txarra izan da. Garrantzia eman behar zaio horri?
Kontuan hartu behar da lan handia egin dugula, izugarrizko bolumenarekin. Lehenengo partidetara fin iristea da garrantzitsuena, eta uste dut lortu dugula. Nahiz eta emaitzak onak ez izan, ilusio aldetik eta gogo aldetik prest gaude hasteko. Fisikoki ere iaz baino hobeto gaude.
Gola falta zaio Realari?
Denboraldi-aurrean golak sartzeko arazoak izan ditugu, baina horrek ez du esan nahi lehen partidan bost gol sar ez ditzakegunik
Zuzendaritza berriarekin zer moduz?
Saiatzen dira oraingoz tarte bat uzten beraien eta gure artean, bakoitzak bere esparruan saiatu behar baitu gauzak ahalik eta hoberen egiten. Baina sumatzen dugu baita ere nolabaiteko hurbiltasuna, guretzat oso garrantzitsua dena. Gustura gaude.
Giroa ere apur bat lasaitu dela dirudi.
Bai, oraingoa beste kontu bat da. Hala ere, lehen pausoa taldeak eman behar du, larunbatean irabaziz. Nahiz eta gure inguruan dudak egon, konfiantza mantendu behar dugu gugan bukaera arte. Batzuk ezkor daude, denboraldi-aurreko emaitzengatik, baina zalegoak eta taldeak bat egitea nahi dugu. Azken urteetan ez da hala gertatu, baina horri buelta emango diogu.
Derbia hasteko partida ona dela diozu. Zergatik?
Tentsio puntu bat gehitzen dute horrelako partidek. Athleticen kontra motibazioa askoz handiagoa da. Ea nabaritzen den, eta 90 minutuak jo eta su aritzen garen.
Nolako lehia espero duzu?
Partida fisikoa izango da. Orduaez da batere erosoa, baina ilusio handia daukagu, eta aurpegia emango diogu Athletici.
Nola ikusi duzu Athletic orain arte?
Gutxi ikusi dut, baina eurak ere ez dituzte emaitza onak lortu. Hala ere, horri ez diogu erreparatu behar, denboraldi-aurrean zaila baita hankek buruaren erritmo beran lan egitea. Partida gogorra izango da, etxean jokatzen dute, eta San Mameseko zaleei garaipena eskaini nahiko diete.
Zubiaurrerekin gertatutakoak zertan aldatzen du derbia?
Ezertan ere ez, zelaian behintzat. Talde arteko harremanetan izan liteke nolabaiteko hoztasun bat, baina jokalariontzat beste derbiak bezalakoa da.
Zein da zure iritzia afera horren inguruan?
Hemen ez gaude ohituta horrelakoetara, baina beste toki askotan sarri gertatzen da. Zubiaurrerentzat ez da batere egoera ona, eta ikusita epaileak ere Realaren alde egin zuela... ez dakit. Espero dudana da dena ahalik eta azkarren erabakitzea, eta Iban berdegune gainean ikustea.
Zale batzuei jokalariek Zubiaurreren alde egiten duzuela iruditzen zaie, kluba ez duzutela babesten.
Edozein erabakita hartuta ere uste dut denok irabaziko dugula. Noski Reala babesten dudala, nire taldea delako, eta gure interesen alde borrokatu behar dugulako. Baina buruan daukagu ere Iban pertsona dela, eta oso egoera zailean dagoela. Dena konpontzea nahi dut, besterik ez.
Karpin eta Alkiza joan dira, besteak beste. Indarra galdu du taldeak zelai erdian?
Hutsune garrantzitsuak dira. Agian ez gaude ohituta urte batetik bestera hainbeste jokalari joaten ikustera. Aurten hori gertatu da, baina talde talde polita daukagu, igo direnak, Gorka Larrea edo Agirretxe adibidez, lanerako gertu dira, eta horrekin egin behar dugu aurrera. Fitxaketa berriak egon daitezkeela dirudi, gainera.
Karpin taldearen arimatzat jotzen zuten askok. Haren hutsunea bereziki sumatuko al da?
Askotan gauzak handiagotzen ditugu, gehienbat, komeni zaigulako. Beti eman diot garrantzia, talde moduan, bera bezalako jende asko egoteari. Baina lidergoa eta horrelako gauzak askotan ez dira kanpotik ikusten. Zelaian besoak asko mugitzea ez du ezer esan nahi. Nolanahi ere, oso hutsune garrantzitsua da, Karpinek gauza asko ematen zizkigulako, bai futbolari moduan baita pertsona moduan ere. Hori argi utzi behar da. Bere lekuan jartzen denak zaila dauka hark egindakoa hobetzea.
Gazteengandik zer espero duzu?
Ilusioa. Entrenamenduetan egunero erakusten dute izugarrizko lana egiten dutela. Horrekin gelditzen naiz.
Etxeko 'helduei', zuri eta Aranbururi, gehiago eskatuko zaizue orain?
Taldea da garrantzitsuena. Reala. Une askotan esperientzia gehiago edukitzeak beste puntu bat ematen dizu, baina horrek ez du esan nahi gehiago zarenik. Igotzen direnek ere badute hitza, ekarpena egiten dute, eta guri ere asko laguntzen digute ilusioa eta grinari eusten.
Zu ere ari zara beterano bihurtzen. Nola ikusten duzu zeure burua, debutatu berria zen Aitorrekin alderatuta?
Alor tekniko eta taktikoei buelta gehiago ematen dizkiet buruan. Baina oraindik, 30 urterekin, gauza asko dauzkat ikusteko eta ikasteko.
Kapitain izateari garrantzia ematen al diozu?
Oraingoz anekdota da niretzat kapitain izatea. Hala ere, ikusten dut ematen dudan irudia ere inportantea dela. Eta saiatzen naiz nire esperientziarekin laguntzen. Jokalarion artean giro ona egoteaz gain, elkarri egur pixkat eman behar diogu, eta kapitaina izan daiteke horietako bat.Baina jende asko egon daiteke hori egiten duena, lehen esan dizudan moduan.
Iazko txistuak-eta, ahaztu dituzu jada?
Bai. Egunero gaude iazko txistuei bueltak ematen, baina nik nahiago dut gauza onen oroitzapenak izatea. Esperientzia gogorra izan zen, baina buru aldetik hobetzeko balio izan zidan. Hala ere, inori ez diot opa egoera horretan egotea. Askotan gertatzen da eta iaz niri gertatu zitzaidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu