FUTBOLA. Reala, dolutan

Darko Kovacevicek jaioterrira itzuli behar izan zuen atzo, amaren heriotzaren ondorioz

Xabier Lopetegi.
2005eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Darko Kovacevic ez da gaur Romaredan egongo. Aurrelariak jaioterrira joan behar izan zuen asteazkenean, bere amaren gaixotasun larria tarteko. Koman izan zuten, eta larri jarraitzen bazuen ere, hobera egin zuen ondoko egunetan, eta horrek itxaropen izpi bat ekarri zion serbiarrari. Herenegun Donostiara itzuli, eta gaurko partida jokatzeko asmoa zuela adierazi zion Amorrorturi, baina atzo Serbiarako bidea hartu behar izan zuen berriz ere, amaren heriotza zela-eta. Miguel Fuentes Realeko lehendakariak eta Iñaki Alaba kontseilariak lagundu zioten bidaian.

Hamaikakoan uzten duen hutsunea albo batera utzita, zaila izango da Kovacevicen zorigaiztoak taldekideei ez eragitea. Serbiarra oso begiko dutelako aldagelan, eta horrelako gertaerek agerian uzten baitute, era tragikoan, futbolaren eta gaurko neurketaren garrantziarik eza. Haren amaren heriotza izan zen, ezinbestean, hizpide atzo Zubietan. «Gaur goizean jakin dugu. Guztioi eragiten digu. Partida irabaztea da orain egin dezakegun gauza bakarra, Darkori eskaintzeko», adierazi zuen Javier Garridok.Ez da Kovacevicek hurkoen zoritxarragatik sufritzen duen lehen aldia. 1996. urtean, Realera iritsi eta sei hilabetera, haren aita zendu zen. Eta 2001ean, Laziotik Realera itzuli zen egun berean, Zeljko anaiak egin zuen azken hatsa. Anaiarekin harreman estua zuen oso Kovacevicek. Iragan hunkigarri horrek are lazgarriagoa bilakatu du bere amaren heriotza. Realeko jokalariek xingola beltza eramango dute gaurko partidan dolua adierazteko.

De Paularen aukera

Trantze txarra lehenbailehen gainditu eta aurrera begiratu beharko du Kovacevicek. Ez dauden tokitik indarrak ateratzera behartu du patuak birritan, eta gauza bera egin beharko du orain. Taldekideek ere, ahal den neurrian gaurko neurketan kontzentratzen ahalegindu beharko dute . Aurrelariaren hutsuneak hamaikakoaren ateak ireki diezazkioke Oscar De Paulari. Denboraldi-aurrean kluba uzteko aukera izan zuen, baina gelditzea erabaki zuen, eta bereak egin ez duela erakusteko parada izan dezake gaur. Ezin da baztertu, ordea, zelai erdia indartu nahian, Amorrortu 4-1-4-1 sistemara itzultzea. Nihatek bakarrik jokatuko luke goian orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.