Gero eta gehiago ari zara jokatzen. Orain artean egin duzunarekin gustura al zaude?
Bai. Etorri nintzenean entrenatzaileak esan zidan dagoeneko bazituela hegaleko bi jokalari, Aitor eta Agustin, baina aurten neurketa asko jokatu behar genituela eta badaezpada jokalari gehiago behar zituela. Banekien nire aukerak izango nituela, eta uste dut Gabonen ondoren aukera horiek ongi ari naizela aprobetxatzen.
Orain laudorioak biltzen ari zara, baina hasieran zenbait kritika entzun zenituen.
Beno, nik beti esaten dut taldeak galtzen duenean jokalari guztien ardura izaten dela. Baita orain ere, irabazten ari denean. Paristik etorri nintzenean, denbora pixka bat behar nuen moldatzeko. Bi hilabete inguru, ordea, min hartuta eta entrenatu ezinik izan nintzen. Bolada txarra pasatu nuen. Orain gustura nago, laguntzen ari naizelako.
Sarriago jokatu ordez tarteka jokatzeak ez dizu mesede egingo.
Bai, egia da jardunaldizjardunaldi ez jokatzeak zaildu egiten dizkidala gauzak. Beti jokatzen duzunean, behin ongi ez arituta ere hurrengoan hobetu dezakezu, baina tarteka jokatuz ez. Dena den, gauzak datozen bezala hartu behar dira.
Ezkerretik eta eskuinetik joka dezakezu. Berez ezkertia al zara?
Ez, ez. Bi oinekin joka dezaket eta berdin-berdin dit batean edo bestean jokatu.
Denboraldi baterako utzita etorri zara. Hurrengo denboraldian Realean jarraitu nahi al zenuke?
Bai, baina orain ez dakit zer gertatuko den Paris Saint Germainen, beste hiru urteko kontratua dudalako. Dena den, orain nire egoera ez da garrantzitsua, taldearena baizik.
Zer diozu Realean aurkitu duzun mailaz?
Talde ona da. Bi lehiaketa garrantzitsu jokatzen ditugulako, arazoak izan ditugu, zaila delako hiru egunez behin partida batera behar bezala jartzea. Fisikoki zaila da, baina are zailagoa psikikoki. Horregatik uste dut izan genituela arazoak. Orain aste osoak ditugu arlo taktikoa eta fisikoa lantzeko, eta horrek mesede egiten digu.
Espainiako Ligan sei neurketa jokatu dituzu. Frantziako Liga baino askoz ere gogorragoa iruditu al zaizu?
Oso maila ona du, Frantziakoak baino hobea. Batik bat, aurrelarietan nabaritzen dut aldea. Hemen oso zaila da aurrelariak behar bezala zaintzea. Frantziakoak baino hobeak dira.
Igandean Celtaren aurka jokatuko duzue, zuen aurkari handi baten aurka.
Igandeko partida orain arteko garrantzitsuena dela deritzot; dena alda dezake. Irabaziz gero, UEFArako postuak nahikoa hurbil izango ditugu, baina galtzen badugu, behean segituko dugu eta zailagoa izango zaigu ateratzea. Oso neurketa garrantzitsua da; dena alda dezake.
Iaz, bi taldeak oso ongi; aurten, berriz, biak berriz ere jaitsiera postuetati ihes egin nahian. Antzeko ibilbidea.
Bai, ematen du eurei ere Txapeldunen Liga jokatzeak eragin egin diela gero Ligan. Hala ere, oso jokalari onak dituzte. Talde ona da Celta.
Txapeldunen Ligan Frantziako talde baten aurka jokatuko dituzue final- zortzirenak: Lyongo Olympique. Zer dakizu talde horretaz?
Frantziako Ligan askotan jokatu dut haien aurka, eta talde ona dutela onartu beharra daukat. Bosgarren aldia da Txapeldunen Liga jokatzen dutena; esperientzia dute Liga horretan. Jokalariei dagokienez, nazioarteko selekzioekin aritzen diren jokalari dezente dituzte, Munduko Txapeldun izandako bi tartean. Talde ona da, baina bi partidara gaizki ere aritu liteke. Adibidez, Monakoren aurka 3-0 galdu zuten, eta gure aurka bitako partida batean hori egingo balute, ez dut uste kanporaketa gaindituko luketenik. Anoetan golik sartzen ez badigute aurrera egin dezakegula iruditzen zait.
Partida berezia izango da zuretzat.
Bai, Lyondik 40 minutura familia dudalako. Kazetari askok deitzen didate: telefonoa jo eta jo egon ohi da. Realari buruzko kontuak nahi dituzte jakin, baina nik bakarrik Lyonek kanporaketa gainditzeko %60ko aukerak dituela esaten diet. Nahiago dut eurak faborito gisa aritzea, hartara guk ezustea emateko.
Lau hilabete eman dituzu hemen, eta hedabideen aurrean nahiko txukun egiten duzu espainolez. Lehendik ari al zinen ikasten?
Ez, orain ari naiz. Aurreko denboraldian Paris Saint Germainen, Luis Fernandezen aginduetara, hitz solte batzuk ikasi nituen, defentsako jokalariak hegoamerikarrak edo Espainiako Ligan arituak zirelako. Gainerakoa orain ikasi dut.
Euskaraz ezer ikasi al duzu?
Gutxi. Egun on, gabon, arratsalde on, eskerrik asko...
«Umeengatik bizi naiz Hendaian»
Madrilgo zenbait hedabidetan Lionel Potilloni buruzko erreportaiak egin dituzte, euren ustez Frantzian bizi eta Espainian lan egiten duen jokalaria delako. Hendaian bizi da (han ateratakoa da argazkia), eta Donostian egiten du lan.
Zergatik aukeratu zenuen Hendaia bizitzeko?
Realarekin kontratua sinatu nuenean, klubak esan zidan Hendaian bizitzea hobe nuela, Donostian zegoen Eskola Frantsesak ateak itxi zituelako. Umeengandik bizi naiz Hendaian. Bi neskatila ditut eta eurentzako oso garrantzitsua da eskola.
Gustura bizi al zara bertan?
Bai. Lehenago Parisen bizi nintzen eta hura oso handia da. Hendaia, aldiz, oso da lasaia. Udatokia da, eta udan jende dezente zegoen, baina orain oso gutxi dago.
Errepidean denbora pixka bat egingo duzu egunero Zubietara ailegatzeko.
25 eta 35 minutu artean behar izaten ditut. Anoetara lehenago iristen naiz, hogei bat minutuan. 30 kilometro dira, baina euria egiten duenean oso arriskutsua egon ohi da errepidea. Poliki joaten naiz.