«Levantek baino talde joko indartsuagoa daukagu», esan dio Leire Bañosek BERRIAri gaur argitaratutako elkarrizketan. «Taldeak ondo irakurtzen ditu partidak, helduagoa da, eta baliabide gehiago ditu partidak irabazteko», nabarmendu zuen Salamancara joan aurretik Garbiñe Etxeberriak, txuri-urdinek kirol zuzendariek. Bada, bi arrazoi horiek erakutsi ditu gaur Gonzalo Arkonadaren taldeak Helmantico futbol zelaian, eta hala lortu du Levante azpiratzea Superkoparen finalerdietan. Igande honetan, iazko maiatzean Granadan egindako balentria errepikatzeko aukera izango du, beste titulu bat eskuratuta. Ostegunean jakingo da nor izango duen aurkari finalean: Bartzelona edo Atletico Madril.
Meritu handiko garaipena izan da, Levante azarotik zegoelako galdu gabe. Ondo hasi du neurketa Realak, baloiaren jabetza edukiz eta hegaletatik Barbara Latorrerekin eta Marta Cardonarekin arriskua sortzen ahaleginduz, eta Levanteren joko irteeran presioa ondo eginez. Baina Levantek gutxi behar du gol aukerak sortzeko, eta harena izan da neurketako lehen aukera argia. Alba Redondok zutoinera bidali du baloia, erasoan Levantek ondo lotutako jokaldi batean.
Baina horren segidan iritsi da txuri urdinen gola. Nahikarik ondo estutu du Levanteren atzealdea, eta horrek ahalbidetu dio Barbara Latorreri baloia berreskuratzea. Hark ondo utzi dio baloia Leire Bañosi. Arean sartu, eta ez du barkatu.
Reala ondo jarrita aritu da zelaian, eta taktikoki Gonzalo Arkonada Maria Pry Levanteko entrenatzaileari gailendu zaio planteamenduan. Arkonadak berak onartu du ligan ezustean harrapatu ziola Levantek egindako joko proposamenak, eta gaur bestela izan da. Arkonadak zelai erdian jarri du Ana Tejada, eta aurreratu egin du Leire Baños; euskarriak indarra eman dio punta erdian.
Lehen zati horren erdialdean, indarrak parekatu egin dira, eta Levante aukerak sortzen hasi da. Baina tantaka. Eta atzean sendotasuna galdu du. Txuri-urdinek gertu izan dute bigarren gola, 36. minutuan, falta jaurtiketa batean. Nuria Mendozak bikain jaurti du, eta baloia langara joan da, Paraluta atezaina gainditua zegoenean.
Espero bezala, Levante estutzera irten da bigarren zatian, baina jarraipenik izan gabe, eta ligako partidan zelai erdian izan zuen nagusitasunik gabe. Horrek ezinbestean eragina izan du haren erasoko jokoan.
Hori aldatu asmoz, eta erasoan beste aukera batzuk sortze aldera, Pryk Correrdera kendu du, eta Esther zelairatu. Aurrelariak ia gola egin du ukitu duen lehen baloian, baina Mariasunek ondo geratu du. Aurrelari petoa da Esther, gol sena duena, nahiz eta sasoi honetan ez dabilen oso fin. Gaur, Realaren atzealdeak sufritu egin du hura atera denean.
Partidaren azken 30 minutuak joan-etorrikoak izan dira, eta bi taldeek izan dituzte abaguneak. Realaren argiena Nahikarik izan du. Ederki errematatu du eskuinetik etorritako erdiraketa bat, eta gutxigatik ez du bigarrena egin. Ondoren, epaileak baliorik gabe utzi du Levanteren gol bat, Alba Redondok jokoz kanpo errematatu baitu areara iritsi zaion baloia.
Txuri-urdinek arnasa eta hauspoa behar izan dituzte azken txanpan ere zelaian ondo jarrita egoteko, eta emaitzari eusteko. Hori lortze aldera, Arkonadak Nerea Eizagirre eta Maddi Torre zelairatu ditu Marta Cardonaren eta Ana Tejadaren ordez.
Granadan bezala, hustuta amaitu dute txuri-urdinek. Azken minutuak sufrikarioa izan dira. Baina pozik bukatu dute. Orain, bi egun dituzte indarrak berreskuratu, eta igandeko finala prestatzeko, lortu dezaketena handia baita.