Atzo erabaki zen zer ordutan jokatuko duten ostegunean Austria Vienak eta Athleticek partida. Iluntzeko 19:30ean jokatuko da, aste honetan atzeratu zena baino ordu eta laurden lehenago. Eguraldi iragarpenek, datorren astean ere, Vienan elurra egingo duela aurreratu dute, eta, asteazkenean zer gertatu zen ikusita, partidaren hasiera aurreratu egin dute.
Astebete du Vienako Udalak Ernst Happel futbol zelaia zaintzeko. Austria Vienak asteburuan bere ohiko zelaian jokatuko du Ligako partida, Franz Hoor futbol zelaian, eta astelehenera arte ez da entrenatuko Happelen. UEFAk zelaia ondo ez dagoela baderitzo, partida beste nonbait jokatu daiteke, nahiz eta Austria horren kontra agertu.«Vienara joaten bagara eta ostegun honetan ere partida jokatzen ez bada, ez gara hirugarren aldiz itzuliko», esan zuen atzo Fernando Lamikiz presidenteak. Asteazkenekoa berriro gerta ez dadin, partida jokatu baino 72 ordu lehenago ordezkari bat bidaltzeko eskatu dio Athleticek UEFAri. Partida baldintza onetan jokatu dela ziurtatzen ez badu, ordezkari horrek bertan behera uzteko eskumena izatea nahi du Athleticek.
Kalte-ordainak nahi dituzte bi klubek
Garesti atera zaio Athletici Vienara egindako bidaia. Atzo, sarrerak itzuli nahi dituzten zaleei dirua itzuliko diela jakinarazi zuen. Horretarako, sarrera erosi zuten lekura joan beharko dute jarraitzaileek: bidai agentzietara edo San Mameseko txarteldegira. Gainera, zaleei egindako ahalegina ordaintzeko ezer gehiago egiten ez badu denbora faltagatik dela gaineratu zuen Lamikizek. Kalte-ordainak eskatzea ere aztertzen ari da Athletic, eta ez da bakarra; Austria Viena ere horretan ari da, eta 160.000 euroko gastua egin duela argudiatu du.
FUTBOLA. UEFA. Austria Viena eta Athleticen arteko partida 19:30ean jokatuko da ostegunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu