Valverderen erabakia ez da izango, ordea, gaurko bakarrik. Aurreko astean bi atezainekin hitz egin eta UEFA Kopako ligaxka osoan eta Espainiako Kopan Lafuentek jokatzea erabaki zuen entrenatzaileak. Atzo argudiatu zuenez Aranzubiaren arreta osoa Ligan nahi du entrenatzaileak, eta horrek bultzatu du erabaki hori hartzera. Errioxarrak Malagaren aurka egindako zenbait hutsek ez dutela eraginik izan esan zuen atzo.Harridura handia eragin zuen Valverderen erabakiak atzo, batez ere gaurkoa bezalako partida garrantzitsu baten bezperan iragarri zuelako. Horrek ez luke, ordea, taldearen eta zaleen arreta desbideratu behar. Norbaitek uste al du italiarrek alde batera utziko dutela UEFA? Inork uste al du Parma ez dela lehiakorra izango? Athleticek erraz irabaziko duela uste duenik egon beharko litzateke? Ez, ez eta ez. Athleticek neurketa gaitza, oso gaitza izango du gaur Parmaren aurka. Egia da italiarrak ez daudela sasoi onean Baldinik dimisioa aurkeztu omen zuen igandean Bresciaren aurka galdu ostean, baina ez zioten onartu. Calcio-an gora egitea Europan ondo aritzea baino gurago izango dutela ere inor gutxik ipiniko du zalantzan. Lehentasunak lehentasun, Silvio Baldiniren taldeak ez du oparirik egingo. Are eta gehiago, aukera txiki bat ikusten badu Parmak ez du barkatuko. Italiarrak dira. Athleticeko teknikari eta jokalariak ezin dira fidatu. Zuri-gorrien jokoa ere ez da oso baikor egoteko modukoa. Zaleek ere ezin dute lasaitu. Irabazi egin behar da. Ligaxkan lau partida jokatu behar ditu talde bakoitzak. Emaitza txar batek ez ditu aurrera egiteko aukera guztiak baztertuko, baina ezin da ukatu lehen saioan hiru puntuak eskuratuz gero hurrengo kanporaketarako txartel erdia eskuan izango duela gaur Athleticek. Hasiera batean, bi garaipen nahikoa izango dira final-hamaseirenetarako sailkatzeko. Non eskura ditzake Athleticek? Etxean, San Mamesen. Zaleen laguntzarekin hazi egiten da talde zuri-gorria eta katedralak ematen duen indarra baliatzen saiatu behar da. Etxetik kanpo ez du maila bera ematen, eta aurten are eta gutxiago. Gauza asko egin beharko ditu ondo Athleticek gaur. Hegaletatik min egiten saiatu beharko du. Era berean, baloia galdutakoan azkar egin beharko dute atzera, nahiz eta Gilardinok ez duen hasieratik jokatuko.
-
entrenatzaileak
ERNESTO VALVERDE (Athletic)
«Ez dut Parmaren biktimismoan sinesten. Euren hamaikakoak ez du gure jokoan eragingo»
«Etxeko partidak oso garrantzitsuak izango dira. Inork ez dezala pentsa Parma biktima denik. Ez dut sinesten. Atzean sartuko dira eta kontraerasoan jokatuko dute. Athletici ez dio eragingo aurkariak zelairatzen duen hamaikakoak».
SILVIO BALDINI (Parma)
«Arrigo Sacchik esan digu herri baten aurka jokatzera gatozela, ez talde soil baten aurka»
«Gure helburua Calcio-a da, eta ordezko jokalariekin ariko gara. Arrigo Sacchik esan digu herri baten aurka jokatzera gatozela, ez talde soil baten aurka. Baina ezin da esan oraindik Athletic ligaxkan faborito denik.