UEFA kezkatutako dago zenbait herrialdetako futbol taldek harrobiekin duten politikarekin, eta hori aldatzeko derrigorrezko zenbait neurri hartzeko prest dago. Nyonen bildu zen atzo Batzorde Eragilea eta esku artean harrobiko jokalarien aldeko proposamen bat zuen: partida guztietan talde bakoitzari deialdian gutxienez harrobiko zazpi edo zortzi jokalari egotea derrigortzea, eta talde bakoitzak 25 jokalari baino gehiago ez edukitzea.
Apirilean Ohiko Batzarra egingo du UEFAk, Tallinen (Estonia), eta Batzorde Eragileak atzo aztertutako proposamena eramango du ziurrenik. Europako txapelketen aurrean, ligak indartu nahi ditu UEFAK erabaki horrekin, eta, bide batez, selekzioei kalitateko etorkizuna bermatzea. Proposamenak Europako Batasunaren onespena du, ez baita europarren zirkulazio askearen kontrako neurria. Harrobiko jokalariek ez dute zertan herrialde berekoak izan, eta posible da, adibidez, talde batek beste herrialde batean jaiotako jokalari bat harrobian haztea.
Athleticek, Osasunak eta Realak, arazorik ez
Erabakia garrantzi handikoa izan daiteke. Espainiako Ligako Lehen Mailan, esaterako, azken jardunaldian soilik sei taldek bete zuten gutxieneko kopuru horrekin gutxieneko kopurua zortzikoa bada bost. Athletic izan zen harrobiko jokalari gehien deitu zituen taldea (14), Reala izan zuen atzean (13), eta ondoren Bartzelona (9) eta Betis, (9), Osasuna (8) eta Espanyol (7). Levante, Albacete, Numancia eta Getafek harrobian hazitako jokalari bakar bat ez zuten deialdian sartu.
Hasiera batean, proposamena apirilean onartzen bada, datorren denboralditik jarriko da indarrean. Zenbait klub neurri hori hartzearen kontra azaldu direla onartu du UEFAk, baina Lars-Christer Olsson UEFAko idazkari nagusiak «kontsulta zabal bat egin ondoren», proposamenaren aldeko iritzia zabala izan dela gaineratu du. Oreka bilatzea beharrezkotzat jo du Lennart Johhanson UEFAko presidenteak.
FUTBOLA. UEFAk harrobiak indartzera behartu nahi ditu Europako futbol taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu