FUTBOLA. UEFAn ere final-laurdenak jokatuko dituzte gaur

Schalke 04 da faborito, Txapeldunen Liga hasi zuen Alemaniako taldea

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Txapeldunen Ligan bezala, UEFA Kopan ere, gaur, final-laurdenak jokatuko dira. Sailkatutako zortzi taldeek finalarekin egiten dute amets, behin kanporaketa honetara iritsita, txapelketa honetan edozeinek irabaz baitezake azken urteetan bigarren mailan geratu den kopa. Ez dira izen handiko taldeak, baina garbi dago edonor ez dela iristen Europako txapelketa bateko final-laurdenetara, eta orain duten aukera baliatu nahi dute euren izena loriatzeko.

Schalke 04 Alemaniako taldea da besteen artean faborito, baina Mirlo Slomka entrenatzaileak zuhurtziaz mintzatu da: «Iritsi gara guk nahi genuen kanporaketara, eta historia egiteko aukera daukagu. Ezin dugu esan faborito garenik, baina baikor naiz, hori bai». Txapeldunen Liga jokatzen hasi zen denboraldi honetan Schalke 04, baina ligaxkan hirugarren postuan geratu ondoren UEFA Kopa jokatzera pasa zen. Gainera, sailkatuta dauden taldeen artean txapelketa irabazi duen bakarra da, 1997an.Sasoi betean dagoen beste talde bat Sevilla da. Espainiako taldeak Zenit Errusiako taldearen aurka jokatuko du. «Aste honetako mentalitatea mantendu behar dugu. Garrantzitsua da lasai egotea eta argitasunez pentsatzea», esan zuen Juande Ramos entrenatzaileak, aurreko astean Espainiako Ligan Valentziari 1-0 irabazi ostean. Aitor Ocio gasteiztarra min hartuta dago. Bucaresteko Rapidek eta Steauak derbia jokatuko dute, eta zaila da esatea nor den faborito. Gainera, partida arrisku handikoa dela erabaki dute, eta segurtasun neurri bereziekin zainduko dute. Basileak eta Middlesbroughek Europan ezagun egiteko egin nahi dute aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.