FUTBOLA

Futbola utzi ostean, zuri-gorri

haritz gallastegi
BILBO
2004ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Gauzak ondo egiteko, lanbidea ondo ezagutzea baino gauza hoberik ez ei dago. Futbol kontuak kirola barrutik ezagutzen dutenen ardurapean utzi behar dela uste dute aditu askok; jokalari ohien esku utzi behar dela, alegia. Athleticeko zuzendariek, kirol kontuetarako ez eze, gainerako beharretarako ere makina bat jokalari ohi aukeratu dituzte. Jokalari profesionalak zirenean zuri-gorriak ziren, eta utzi ostean ere zuri-gorri izaten jarraitzen dute.

Lehen taldean jokatzeko aukera izan zuten hamabost jokalari ohi ari dira egun Athleticen lanean lehen taldean jokatu ez arren beheko mailetan aritu ziren beste hainbat ere ari dira. Hainbat arlotan egiten dute lan eta, Athleticen segitzeko zein talde zuri-gorrira bueltatzeko, bide ezberdinak egin dituzte.Andoni Zubizarreta Javier Uria zenaren eskutik itzuli zen. Uriak hauteskundeak irabazteko erabili zuen atezain ohia. Bartzelonan bizi arren, Lehen Mailan debuta egiteko aukera eman zion taldeko kirol zuzendari izateko aukera eskaini zion Uriak. Erronka onartu egin zuen aretxabaletarrak. Bere zereginetan laguntzeko aspaldiko lagunez inguratu da Zubizarreta. Patxi Bolaños eta Luis Fradua dira gertuen dituen kolaboratzaileak. Fraduak gaztetxoetan jokatu zuen talde zuri-gorrian eta Bolañosek 80eko hamarkadan jantzi zuen elastiko zuri-gorria.Zubizarretak aspaldiko beste lagun batekin egiten du topo Ibaiganen egunero: Jose Angel Iribarrekin. Athleticeko inoizko atezain onena izan ondoren, taldeko entrenatzaile eta atezainen entrenatzaile ere izan da zarauztarra. Egun, presidentearen albokoa da, klubaren ordezkaria hainbat ekitalditan.Entrenatzaileen artean ohikoagoa da jokalari ohiak aurkitzea. Urte askoan izan duten ogibidetik gertuen dagoen lana da. Egun sei ari dira entrenatzaile lanetan Lezaman. Aspaldiko partez gainera, lehen taldeko entrenatzailea ere jokalari ohia da. Krisi ekonomikoak bultzatuta, Valverderen alde egin zuen zuzendaritzak, eta entrenatzaile gazteak ez du huts egin. Bigarren taldeko eta Baskoniako entrenatzaileek ere ondo ezagutzen dute Liga. Sarriugartek Edorta Muruak baino hobeto, egia esan.Futbolak dirua ematen du. Athleticen zenbait sasoitan jokatu duten futbolariek lasai bizitzeko dirua eskuratu dezakete egungo jokalariek lehengoek baino gehiago. Horregatik bat baino gehiago harritu egingo da Urkiaga, Gallego eta Luke Lezaman kirol materiala alde batetik bestera eramaten ikusita. Hala ere, horrek ez du esan gura arazo ekonomikoak dituztenik, ez kasu gehienetan behintzat. Lanbide bat da, beste edozein bezain duina. Gainera, zelai eta baloiez inguratuta daude, eurak gura duten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.