FUTBOLA. Wesley Sneijder

Herbeheretarrak biak. Gazte zirela nabarmendutakoak. Real Madrilek fitxatu zituen 2007an, baina joan den udan saldu egin zituen, entrenatzaileak haiengan konfiantza izan arren. Bederatzi hilabete geroago, bi jokalariak ezinbestekoak dira haien taldeetan.

Igor Susaeta.
2010eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Jose Mourinhok begiz jota zeukan. Joan den udan harengan pentsatzen zuen, Inter Milanen zelai erdiari zentzu pixka bat emateko. Gainera bazekien Wesley Sneijder jada pixka bat nazkatuta zegoela. Izan ere, Real Madrilekin kontratua zeukan herbeheretarrak, eta entrenatzaileak esaten zion bazuela harengan konfiantza. Zuzendaritza, ordea, tematuta zegoen: udan egindako inbertsio latzaren ondoren, Sneijder saldu nahi zuen kosta ahala kosta. Mourinho jakinaren gainean zegoen, eta Sneijder konbentzitzen saiatu zen. Haren sakelakoaren zenbakia lortu, eta SMSak bidaltzen hasi zitzaion: «Gure taldeko liderra izatea nahi dut». Inter eta Real Madril ados jarri ziren-16 milioi euro mahai gainean jarrita-, eta erdilari herbeheretarrak Italia aldera jo zuen, Espainiako Liga hasteko egun gutxi falta zirenean. Hara helduta hotz antzean agurtu zuen Mourinhok Pinetinan, nerazzurroen entrenamendu gunean. Hori da, baina, portugaldarraren estiloa. Bederatzi hilabete geroago Interrek Txapeldunen Ligako finala jokatuko du 38 urte geroago. Eta Mourinhok SMS bidez esaten ziona egia da; ez zen konplimenduzko esaldi soil bat: Sneijder da Interren liderra.

Badu horretarako gaia, egia esan. Zelai erdian jokatzen du: izan euskarriaren aurretik, edo erdilariaren atzetik. Ondo moldatzen da bi hankekin, jaurtiketa bikaina dauka, azkar pentsatzen du mugitzeko zirrikiturik ez duenean, eta erraz ikusten du futbola. Ajaxen eskolako jokalaria dela, alegia. Han sartu zen zazpi urte baino ez zituenean. Jeffrey anaiarekin proba bat egitera joan, eta barrura. Baloiari eskuinarekin jotzen zion orduan, baina Ajaxen bi hankak erabiltzen irakasten diete haurrei. «Zortzi eta 11 urte bitartean, hanka txarrarekin entrenatzen da han», esan izan du Sneijderrek. Hala, garai hartan, entrenamendu gunetik aterata, etxeko lanak jartzen zizkien entrenatzaileak haurrei. Bitxia zen horietako bat: hiru orduz egon beharra zeukaten hanka txarrarekin trebatzen. «Hurrengo egunean aztertu egiten gintuen, hobera egin ote genuen ikusteko».

Ajaxen eskola famatuan ikasi zuen teknika. Ofizioa, ordea, kalean; Utrechteko Ondiep auzoan. «Puntara iritsiko da, han haztea oso gogorra baita», esan izan du Leo Beenhakker entrenatzaileak Sneijderri buruz. Eta jokalariak haurra zeneko egunerokoa kontatu du: «Toki gogorra da. Kantxa bakarra zegoen, eta han jokatzeko beste umeekin borrokatu behar zinen. Haurrak gogorra izan behar zuen derrigorrez, errespetatua izan zedin».

Jokalariak, egia esan, teknika eta borroka uztartzen ditu haren jokoan. Ez da 10 zenbakidun klasikoa. Johan Cruyffek, adibidez, Bartzelonarako egokia ez zela esan zuen behin. Hark, ordea, dezentetan laudatu du Sneijderren jokoa. Joko horri esker iritsi zen Ajaxen lehen taldera. 2002-2003an egin zuen debuta. Zlatan Ibrahimovic, Andy Van der Meyde, Cristian Chivu edo Steven Pienaar zituen, besteak beste, taldekide. Bost sasoi egin zituen han, baina azkenean saldu zuten: Real Madrilera, 27 milioi eurorengatik.

Bikain hasi zuen liga, eta Madrilgo komunikabide batek Alfredo Di Stefano mitoarekin konparatu zuen. Jokoa sortzen zuen, defentsan lagundu, eta golak sartu. Liga irabazi zuen 2007-2008an, eta 2008ko Eurokopara sasoi betean iritsi. Lehen ligaxkan neurketa zoragarria jokatu zuen Italiaren kontra, eta gol eder bat sartu. Herbehereek, ordea, ezin izan zuten final-laurdenen langa gainditu. Halere, txapelketako hamaikakorik onenean sartu zuten Sneijder.

Ezinbestekoa da

Uda haren bukaera, baina, ez zen Sneijderrek espero bezain ona izan. Arsenalen kontra jokatutako lagunarteko batean min hartu zuen, eta lesioa espero bezain larria izan ez arren, taldean sartzea kostatu zitzaion. Denboraldia bukatuta, Real Madrilek salgai jarri zuen. «Entrenatzaileak taldean nahi nau, baina klub hartan gauza oso arraroak gertatzen dira», adierazi zuen Sneijderrek, Interrekin fitxatu eta gero. Han, aldiz, ezinbestekoa da. Mourinhok eta hark oso ondo elkar hartu dute. «Mourinhorekin hobetu besterik ezin da egin». Esteban Cambiassok eta Thiago Mottak ere haren ekarpena hobetzen dute. Haiek egiten diote lan zikina Pitbull deitzen dioten jokalariari txikiari. Baina Mourinhok konbentzitu zuen SMSei esker.



Nortasun agiria

Izena: Wesley Sneijder.

Jaioterria: Utrecht (Herbehereak).

Jaioteguna: 1984ko ekainak 9.

Garaiera: 1,70 metro.

Pisua: 67 kilo.

Postua: Erdilaria.

Ibilbidea: Ajax Amsterdam (2002-2007), Real Madril (2007-2009), eta Inter Milan (2009tik).

Garaipen zerrenda: Ajaxekin Herbehereetako Liga bat, bi superkopa eta bi kopa; Real Madrilekin Espainiako Liga bat eta superkopa bat; eta Interrekin Italiako bat eta kopa bat.



Ibilbidea: Groningen (2000-2002), PSV Eindhoven (2002-2004), Chelsea (2004-2007), Real Madril (2007-2009), eta Bayern Munich (2009tik).

Garaipen zerrenda: PSVrekin Herbehereetako Liga bat; Chelsearekin Ingalaterrako Liga bi aldiz, ligako kopa bi aldiz, eta kopa bat; Real Madrilekin Espainiako Liga eta Superkopa; Bayern Munichekin Alemaniako Liga eta kopa.



Arjen Robben

Azkar, azkarregi

I. Susaeta.

Bedumgo, haren jaioterriko taldean, jokatzen hasi zen Arjen Robben. Wiel Coerver zuen entrenatzaile, eta hark bazuen jokoaren edo jolasaren sekretuak erakusteko modu bitxi bat. Peleren, Rivelinoren edo Puskasen bideoak hartu, kamera geldoan jarri, eta haiei begira egoteko esaten zien umeei. Kamera geldoan. Baina ikasleetako batek, Robbenek, azkar, azkarregi jokatzen zuen orduan, bideoak kamera geldoan ikusten zituenean, eta egun ere berdin-berdin. Halere, dohain hori edukitzeagatik da, hain zuzen, munduko jokalaririk onenetakoa. Egia da askotan lesionatzen dela, kontrarioaren atea baino ez duela buruan, berekoiegia dela... Baina erabakigarria da. Hark bakarrik desoreka dezake partida bat. Eta haren ekarpenari esker iritsi da Bayern Munich finalera.

Erabakigarria denez, Robbenek berak sartu zituen Alemaniako taldeak aurrera egiteko behar zituen golak, bai final-zortzirenetako kanporaketan zein final-laurdenetakoan. Fiorentinaren kontra aurrenekoa, eta Manchesterren Uniteden kontra hurrengoa. Biak etxetik kanpo. Biak erabakigarriak. Hori da izarrek egiten dutena.

Eta Robbeni hasiera-hasieratik ikusten zitzaion futbolari handia izango zela. 16 urte baino ez zituen Groningenekin Herbehereetako Ligako Lehen Mailan, Eredivisiean, debuta egin zuenean. 2000-2001 sasoia bukatu zenean fitxatu zuen PSV Eindhovenek, 3,9 milioi euro ordaindu ondoren.Beste denboraldi bat egin zuen utzita Groningenen, eta 2002ko udan PSV handira jauzia.

Gaztea izanagatik, erantzukizun handiko zeregina zeukan Robbenek. Philips multinazionalaren taldea beti da hango liga irabazteko faboritoetako bat. Harribitxia, baina, ondo egokitu zen, eta ez zion erantzukizunari muzin egin. Hamabi gol sartu zituen, eta PSVk liga irabazi. Hegal batean beharrean aurrelariaren atzetik kokatu zuen Guus Hiddinkek, entrenatzaileak. Mateja Kezman serbiarra zen aurrelari hori. Batman eta Robben deitzen zieten.

Munduko talde boteretsuek bazekiten ordurako, PSVn tximista baino azkarragoa zen futbolari batek jokatzen zuela. Bizkorra, erritmo aldaketa bortitzekoa, teknikoa, ondo erdiratzen zuena, eta hobeto jaurti. Baina oraindik ere ez zekiten erraz, errazegi, lesionatzen zela. Herbehereetan egindako azken denboraldian, jada, dezentetan min hartu zuen. Chelseak, baina, ez zuen bitan pentsatu. Roman Abramovitxek 18 milioi euro ordaindu zituen harengandik. Udan, baina, eskuin hankakobehatz bat hautsi zuen lagunarteko partida batean. 2004ko azaroan egin zuen debuta, hortaz, bluesekin. Di-da batean moldatu zen, baina, Jose Mourinho entrenatzaileak eskatzen zionera. 4-3-3 joko sistema erabiltzen zuen orduan Chelseak, eta Robben gustura sentitzen zen haren barruan.

2005ko otsailean, ordea, min hartu zuen atzera. Sasoi hartan, hortaz, ligako hemezortzi partida baino ez zituen jokatu. Londresko taldean egindako hurrengo bietan, berriz, 23 bakoitzeko. Ez dira gehiegi, izar bat izateko. Gehiegitan min hartzen duenaren erakusle argia. Azkarregi. Tartean, 2006ko Munduko Kopan nabarmendu zen. Gogoratzeko modukoa Serbiaren kontra jokatutako partida eta sartutako gola. Mourinhok -Robbenek hari buruz esan du «irabaztea bakarrik» inporta ziola-, dena dela, jokalariarengan konfiantza galduta zeukan. 2007ko udan, hortaz, ez zuen arazorik jarri hura saltzeko.

Calderonek agindutakoa

Robben, beraz, salgai zegoen. Eta Real Madrileko presidente izateko kanpainan hura fitxatuko zuela agindu zuen Ramon Calderonek. Hala izan zen, 36 milioi euro ordainduta. Baina Real Madrilen hamar lesio izan zituen; bost jardunaldiko bat, alegia. Joan den sasoian, halere, partida ederrak lotu zituen jarraian. Hango komunikabideak hasi ziren esaten Leo Messi baino hobea zela. Lehia horietan, ordea, jokalariaren gabezietako bat geratu zen agerian: berekoiegia dela, harentzako jokatzen duela.

Hortaz, ezinbestekoa ez zela ikusita, eta Benzema, Kaka, Cristiano Ronaldo eta enparauak fitxatu ondoren, hura saldu nahi zuen Real Madrileko zuzendaritzak, Manuel Pellegrini entrenatzaileak harengan konfiantza izanagatik. Bayern agertu zen liga hasteko egun gutxi falta zirenean, eta 25 milioi pagatuta, Alemaniara. Robbenek zera esan zuen: «Nik ez nuen alde egin nahi. Gezur asko esan dira». Hilabete batzuk geroago Madrilera ez dadila joan gomendatu dio Franck Ribery taldekideari: «Han dena da politika». Eta Madrilen gertatutakoa atzean utzita, herbeheretarra inoizko haren denboraldirik onena burutzen ari da. Lesionatu izan da, bai, baina hamalau gol sartu ditu Bundesligan, eta taldeak haren bueltan jokatu izan du. Erabakigarria izanagatik, onerako zein txarrerako dena azkar, azkarregi eginez.

Nortasun agiria

Izena: Arjen Robben.

Jaioterria: Bedum (Herbehereak).

Jaioteguna: 1984ko urtarrilak 23.

Garaiera: 1,80 metro.

Pisua: 75 kilo.

Postua: Eskuin zein ezker hegaleko aurrelaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.