FUTBOLA. ZERUTIK

LEHEN MAILARA IGOTZEKO, CADIZEK EDO CELTAK BAINO EMAITZA HOBEA BEHAR DU GAUR EIBARREK FERROLEN AURKA

IMANOL MAGRO - EIBAR
2005eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Amets egitea zilegi da zerutik pauso bakarrera zaudenean, urteetako grina eta ilusioa kolpean ateratzeko aukera ezin hobea duzunean, hamazazpi urte luze Bigarren Mailako zelaietako lokatza irensten pasatu ondoren Lehen Mailara iristeko aukera duzunean. Horregatik bete dituzte Eibarko etxeak bandera gorri-urdinekin, zaleek eta taldekideek ilusioari eutsi nahi diotelako. Mailaz igotzea oso zail du Eibarrek, bere partida jokatzeaz gain Celtaren eta Cadizen emaitzei begira egon behar duelako. Baina zer inporta dio horrek zerua eta izarren liga hain gertu ikusten duzunean?

Eibarrek mailaz igotzeko behar duen karanbola oso erraza da azaltzen: Celtak edo Cadizek baino emaitza hobea behar du. Beste biek euren partidak irabazten badituzte, Eibarrek ez du igotzerik izango. Aldiz, Cadizek edo Celtak berdintzen edo galtzen badute, Eibarrek eskura izango du Lehen Mailako bosgarren euskal taldea izatea. Ipuruako harmailak lepo beteko dira gaur. Bi egun dira sarrerarik lortzea ezinezkoa dela eta harmailetan ez da eserleku hutsik ikusiko. Eibarrek urteko partidarik garrantzitsuena du Ferrolen aurka, eta ezin du zaleen aurrean hutsik egin. Gaurkoa, gainera, partida berezia izango da jokalari askorentzat, taldeari adio esango baitiote.

Mendilibar, mesfidati

Eibarrek ez luke arazo handirik eduki beharko Ferroli irabazteko. Galiziako taldeak ez du deus ere jokoan, eta normalean jokatzen ez duten bederatzi jokalari izango ditu hasierako hamaikakoan. Jose Luis Mendilibarrek, ostera, hiru jokalari garrantzitsuren falta izango du.Silvak, Moisesek eta Iñigok ez dute deialdian sartzerik izan. Hutsune horiek betetzeko, Varela eta Alberto Suarez sartuko dira hasierako hamaikakoan.

Eibarreko entrenatzaileak atzoko prentsaurrekoan esan zuenez, bere jokalariak ziur daude partida irabaziko dutela. Mendilibarren nahia jokalariek beste zelaietako egoera ahaztea eta arreta partidan bakarrik jartzea da. Celtaren eta Cadizen partidei buruz hitz egitean, berriz,diru sarien beldur dela aitortu zuen. «Xerez eta Cadizen arteko partida derbia da, eta Cadizek zail izango du irabazten. Kirolaz kanpoko zerbait dagoen ala ez gero ikusiko da. Irabazteko diru sariak daudela esaten dute, baina nork dio galtzeko ere ez daudela?».Era berean, Celtak gorriak ikusiko dituela aurreratu zuen, «ez dagoelako irabazteko mentalki prestatuta». Eibarrek arratsaldeko zortziak eta erdi aldera jakingo du bere historiako orrialderik gozoena gaur idatziko duen. Lehen Mailara igo zein ez, zaleek jokalariak txalotuko dituzte partidaren ostean, eta gaua oso luzea izango da denentzat.

-

Igoerako partidak



EIBAR-RACING FERROL



Mailaz igotzeko, Cadizek edo Celtak baino emaitza hobea behar du Eibarrek.

xerez-cadiz



Derbia da. Bi taldeetako zaleen artean liskar ugari egon dira. 10.000 zale joango dira Cadiztik.

lleida-celta



Celtak irabazten badu, mailaz igotzea ziurtatuko du. Lleidak ez du ezer jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.