FUTBOLA. Zuri-gorrien taupadak entzuten dira

Bandera zuri-gorria igota, atzo eguerdian ireki zuten ofizialki 'Athletic hiria' gunea Valentzian; atzo bezala, gaur ere Athleticeko zale guztien bihotz taupadak elkartuko dituen gunea.

Unai Zubeldia. Berriemaile berezia. Valentzia
2009ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Turia Valentziako garai bateko ibaiaren arroa zuri-gorriz apainduta dago atzotik. Gaur iluntzean iritsiko da Athleticeko zale guztiak zain dauden momentu berezi hori, baina atzo ere une hunkigarriak izan ziren Athletic hiria gunean. 8.000 metro koadroko gune handi horretan dago Valentziara joan diren zale zuri-gorrien bihotza. Atzo eguerdiko 13:00etarako zegoen iragarrita hasiera ekitaldia, eta ordu horretarako bandera zuri-gorria esku artean zutela zeuden Jose Angel Iribar Athleticeko atezain handia izandakoa eta Fernando Garcia Makua Athleticeko presidentea. Orduak pasatu ahala, geroz eta zale gehiago inguratu zen Athleticen gune horretara, eta 13:00etarako 200 bat zale bilduta zeuden karparen inguruan.

Athletic zuri ta gorria... Bozgorailuetatik Athleticen ereserkia entzuten zela baliatuta, eta zaleen lehenengo Eup! eta Athletic!, Athletic! oihuak lagun zituztela, ekitaldi xume baina polita egin zuen klubak. Bandera zuri-gorria jaso, Athletic hiria gunea ofizialki ireki, eta festa giroa nagusitu zen jana eta edana falta ez zen gunean. Txistularien laguntzarekin, algara batean egon ziren zale guztiak Iribarri eta Garcia Makuari begira. Festarako giroa nabari zen Euskal Herriaren zortzigarren probintzian.

Barça entzun, Athletic txapeldun! etengabearekin, pantaila erraldoiari begira-begira geratu ziren zale gehienak. Garai bateko irudiak, denboraldi honetako Espainiako Kopako finalerdietako partidak, elkarrizketak, erreportajeak... Giro beroa eta berezia sortu zen gunea irekitzearekin batera. Presidentea bera ere zaleen inguruan sartu zen, Athleticek daukan amets handian bat gehiago dela erakutsi nahian. Atzo jada nabari zen zale asko gerturatzen ari zela Valentziara. Eta horietako asko sarrerarik gabe geratu direnez, presidenteak mezu argia helarazi zien atzo: «Bidaiatzen duena primeran egongo da, sarrerarekin nahiz sarrerarik gabe». Horretarako prestatu baitute Athletic hiria gunea. Gozatzeko. Eta Mestallara joaterik ez dutenek finala bertan ikusi ahal izateko. Sarrerarik gabe dauden 8.000 zale inguru elkartuko dira gaur Valentzian, «denboraldiko momenturik garrantzitsuena» bertatik bertara ikusi eta sentitzeko.

Faboritoa, Bartzelona

Bandera zuri-gorria igo berritan, Valentziara inguratutako zale guztien babesarekin, gaurkoa «egun handia» izan daitekeela esan zuen Iribarrek. Atezainak berak Espainiako Kopako bost final jokatu zituen bere garaian, eta horietako bi irabazi. Ondo asko daki finalak nola jokatu behar diren. Taldea «autoestimu handiarekin» ikusten du. «Eta, zaleen laguntzarekin, Athleticek irabazteko aukeraren bat izango duela uste dut». Faboritoa zein den galdetuta, ordea: «Bartzelona».

Iribar gustura, eta presidentea lasai. Athleticeko jokalariak «erabat kontzentratuta» daudela esan zuen atzo, ziur. «Lor dezaketela sinetsita daude». Garcia Makua zoratzen zegoen zaleak taldeari ematen ari diren babesarekin. Baina egia biribila bota zuen berehala. «Orain zelaian bertan irabaztea da kontua». Zelaitik kanpo partida bikaina egiten ari baitira Athleticeko zaleak. Bihotza bero-bero daukate jada. Taupada zuri-gorriak entzuten dira.



Athleticek Valentzian ere badauka peña bat, 'Peña Athletic' izenekoa. Indarra galduta daude azkenaldian, baina, finalari esker, berrindartuko direla diote, ziur.

Bizkaia baino gehiago delako

U. Zubeldia. Valentzia. Berriemaile berezia.

A thletic ez da Bilbon amaitzen, ezta Bizkaian ere, eta Euskal Herrian ere ez. Mundu osoan dago Athleticen sentimendua barruraino sartuta daukan txokoren bat. Baita Valentzia aldean ere. «Aita Athleticeko zalea zen 1950eko garaitik, eta bere ondorengoak gara gu». Vicente Gadea da Valentziako Peña Athletic-eko kideetako bat. «Aurretik mugimenduak izan ziren, baina 1995ean Athleticeko peña ofizialik ez zegoenez, sortzea erabaki genuen». Orain iritsi zaie egun handia. Athletic-Bartzelona Espainiako Kopako finala Valentzian jokatuko zela jakin zutenetik hasi ziren gaurko eguna prestatzen.

Laneguna izaki, Valentzia hiriburuan dagoen Athleticen peña bakarreko hiru partaide soilik inguratu dira Athletic hiria gunera. Hori bai, pankarta zabal-zabal eginda jarri dira berehala, harro. «Valentzian beti sentitu izan gara kanpotar zentzu batean, eta, orain, zorionez, etxean jokatuko dugu finala». Gadeak argitu duenez, 70 lagun baino gehiago elkartzen ziren garaiak ere izan zituen eurek peñak. «Baina 30 bat elkartzen gara orain». Elkartu, zerbait esateagatik. «Ez daukagu lokalik, ez daukagu ofizialtasunik, eta hori da gure arazoa». Athleticeko gainerako peñei ezin dietela txokorik eskaini.

Betidanik izan dute harremana Athleticeko zaleekin. «Nahiz eta Bilbora joatea ez den goizean jaiki eta metroa hartzea». Gadearen hitzak entzunda, protestan hasi da peña horretako beteranoetako bat. 67 urte dauzka Manuel Gutierrezek, Javi Gutierrezen aitak, eta Bilbo oso gertu dagoela erantzun dio. Hala sentitzen duen seinale. «Bazkalondoren irten eta gauerako han gaude eta!». Bilbo aipatuta, Gutierrez semeak gogoan du Lezamara ere joan ziren behin, «Stepanovic entrenatzaile zenean», instalakuntzak barru-barrutik ezagutzeko. Beste garai batzuk ziren, ordea. «Orain ez daukagu harremanik klubarekin». Gadeak zehaztu du lehen, «Zaragozara-eta» joaten zirenean, Athleticek berak ziurtatzen zizkiela sarrerak. «Baina orain geure kasa egiten dugu dena». Peña Kalimotxo, Vila-realeko peña, Deustukoa... Klubarekin gertatu zaien bezala, Athleticeko peña horiekin ere harremana galduz joan direla onartu du Gutierrez semeak.

Baina garai batean izan zirenaren erdia izanda ere, animoso dago Gutierrez aita. «Finala hemen jokatuta, berriz ere jendea inguratuko zaigula iruditzen zait». Irabazita, mesede Athleticen eta Valentziaren arteko lotura sendotzeko. «1984an ere finalean izan ginen, eta orain ere ez dugu huts egingo. Hemengoek ere Athleticek irabaztea nahi dute. 1-0 irabazita, nahikoa», aitak. Eta irabaziz gero, zer? «Lana daukat ostiralean, eta, pena da, baina ezingo naiz joan Gabarra ikustera», bota du Gadeak. «Ezetz?», ondotik beteranoak. «Zergatik ez ba?». Gaurko borroka irabaziz gero, beraz, bilbotar bat gehiago egongo da etzi Ibaizabalen inguruan Gabarrari begira.

Astearen lehen egunetik bertatik hasi dira inguratzen Athleticeko zaleak Valentziara, gehienak errepidean bederatzi orduko bidaia luzea eginda.

Gurpil gaineko sentimendua

U. Z. Valentzia. Berriemaile berezia.

Guk sarrera saldu? Ez, ez. Ez dago dirurik sarrera hauek erosteko». Ainhize Lopez aste osoko oporraldia hartuta joan da Valentziara. «Kopa ospatzera». «Bizitza guztia daramat honen zain, nire bizitzako ilusioa da», dio ondotik Haritz Aranzadi ortuellarrak. «Umeak ginen aurreko finala jokatu zutenean». Ilusio berezia sortu du Athleticek, eta sentimendu batek lotu ditu Bilbo eta Valentzia.

08:15ean irten da autobusa Bilbotik, eta bederatzi ordu luzeko bidea geratzen da helmugara iristeko. Aste honetan Valentzian dago San Mames. Liburu eta egunkari artean Athletici buruzko artikulua daukate askok esku artean. Are harroago sentitu daitezen saiatuko gara. Athleticeko jokalarien esanak irakurtzen ari da Arkaitz Lekanda kirol egunkari batean. Dagoeneko nahikoa harro dago sopeloztarra taldearekin. Hain harro, finala ikusteko sarrerarik gabe doa Valentziara. «Han topatu nahi dugu baten bat». Astelehen goiza da, eta ez da giro berezirik nabari autobusean.

Berezia da autobusaren egitura. Erdi-erdian Athleticeko hamar bat zale daude, gazte zein heldu, eta aurrean eta atzean Benidorm aldera oporretara doazen adinekoak. Athleticekoak, erdi lo; eta oporretara doazenak, Errioxan barrena kantari. Itxuraz, hurrengo bi egunetarako gorde dituzte kantuak zaleek. «Oso bidaia berezia» da Ziortza Udondorentzat. Lekandarekin batera, sarrerarik gabe doa Valentziara. «Eta nik, behintzat, ez dut 1.000 euro ordainduko sarrera erosteko». Langa horretan dago birsalmenta. Hankak luzatzeko ordu erdiko atsedenaldia egindakoan, begiradak eta irribarreak elkartu dira autobusaren atarian. Kazetaria Athleticeko zaleekin hizketan ari dela agertu da urrutian zuri-gorria ez den elastiko zuri-urdin bat. Patxi Iraizoz realzale amorratua da. Batzuek Bilbotik Valentziara eta besteak Alacantatetik Donostiara. «Oso gaizki jokatu zuen Realak, baina, tira, 1-2 irabazi zuen eta...».

51 urte daramatza Iraizozek Realaren ondoan, batera eta bestera. «178 bidaia egin ditut. Reala sakratua da niretzat». Athleticeko zaleei aldamenetik begira geratu da. «Ondo moldatzen gara eurekin». Emaitza ere eskatu egin behar eta... «Hobeto Athleticek irabaztea. Athletic Euskal Herria da, Bilbo Euskal Herria da. Onena opa diet». Gustura joan da gizona autobusera, etxerako bidean jarraitzeko asmoz.

Pasadizo xelebre horren ostean, euren saltsan jarraitu dute Lopezek eta Aranzadik. «2-1 irabaziko du» esanda sartu da Lopez autobusean. Aranzadi ere baikor dago. «1-0, ziur». Eta arrazoia ere bota du. «Iniesta lesionatuta dago. Bat gutxiago. Messi? Eto'o? Ez dago beldurrik». 14:30 pasatxoan, gazteenei begira irribarre egiten du Marisa Egiak. «Finalerako sailkatu ginenean hartu genuen hotela». Bazkidea da Egia, baina ez du zorterik izan. «Zozketan ez zaigu sarrerarik tokatu». Semeari bai, ordea. «Bera, behintzat, joango da zelaira». Eurek hotelean ikusiko dute partida. Gazteen ilusioa kutsatuta edo, partida aztertzen hasi eta emaitza ere bota du Egiak. «1-0. Baina ea Llorentek sartzen duen gola, denboraldia behar bezala biribiltzeko». Hala gertatuz gero, ostiralerako plana eginda dauka jada. «Gabarra ikustera joango gara, noski».

Momenturik onenaren zain

Finala epaitzen hasita, zein hoberik Julen Gardeazabal Juan Gardeazabal nazioarteko epaile handia izandakoaren lehengusua baino. «Ona da Bartzelona finalera liga irabazi gabe iristea; arduratuta egongo dira». Iniestak ez jokatzea ere «garrantzitsua» izango dela uste du Gardeazabalek. Bihotzari hizketan utzi eta «2-1 Athleticen alde» bota du.

17:00etan iritsi da autobusa Valentziara, eta han daude zain Lopez eta Aranzadiren lagunak. Apartamentura joan, Valentzia bisitatu, festa giroan ibili, eta gaurko hitzorduak jarriko ditu denak berriz ere tentsioan. Bitartean, gozatzeko asmoz daude Valentzian elkartu diren Athleticeko zale guztiak. Aketza Curpionek aipatu duen moduan, «azken urteotako momenturik onena» izaten ari direlako zaleak. Momenturik onena iristeke dagoela sinetsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.