Golak: 1-0: De Marcosek (26. min.).1-1: Romaricek (33. min.). 1-2: Weissek (48. min.). 2-2: Llorentek (59. min.).3-2: Javi Martinezek (65. min.). 3-3: Albinek (92. min.). Epailea: Fernandez Borbalan. Txartel horiak: Athleticeko Muniaini, David Lopezi, Iturrasperi, Herrerari eta Javi Martinezi; eta Espanyoleko Forlini eta Albini. Bestelakoak: 34.000 ikusle inguru San Mamesen.
Futbolean emaitza ez dela garrantzitsuena esaten duena gezurretan ari da. Kirol guztietan, irabaztea baita helburu nagusia. Loria lortzeko bide bakarra da. Ametsak betetzeko aukera. Baina irabazteko bide asko daude. Denak dira balekoak, baina bide askok ez dute zerikusik euren artean. Athleticeko jarraitzaileek oso ondo adieraz dezakete bide batzuen eta besteen artean zer alde dagoen. Duela hilabete batzuk, egun eskuratzen dituen antzeko emaitzak lortzen zituen taldeak. Baina sarri ez zuten gustuko ikusten zuena. Emaitzek ez zuten gogobetetzen. Aspertu ere egiten ziren. Denboraldion, ordea, ez. Taldeak sailkapenaren goiko postuetan jarraitzen du, eta gozatu egiten du San Mamesera joaten den bakoitzean. Nahiz eta, atzo gertatu zen legez, eserlekua ahozapore gazi-gozoarekin utzi.
Espanyolek, hain zuzen ere Albinek gola azken minutuetan sartu zuelako itzuli zen etxera triste Athleticen zalea. Garaipena gertu ikusi zuelako. Eta jokoan zeuden hiru puntuek taldea laugarren postura eramango zutela zekielako. Baina puntu bakar batekin konformatu behar izan zuen. Beraz, litekeena da jardunaldi bukaeran hasi aurretik baino atzerago egotea. Eta puntu bi galdu zituen apustu berriaren ondorio batengatik. Jokatzeko estilo berriaren erruz. Duela hilabete batzuk nekez galduko zituen bi puntu San Mamesen azken minutuan. Baina atzo hiru zuri-gorri zeuden aurkariaren atezainaren inguruan arauzko denbora beteta zegoenean. Horrek zuloa utzi zuen zelai erdian. Eta, gainera, Uchek Albini goleko pasea eman zionean irrist egin zuen Javi Martinezek. Horrela sartu zuen berdinketaren gola Espanyolek.
Neurketaren azken jokaldian gertatutakoa ez da ona. Zuzendu beharrekoa da. Baina ez pentsa Marcelo Bielsak jokatzeko era aldatuta konponduko duenik okerra. Athleticek berdin jokatuko du. Eta klubak eta jarraitzaileek gustuko ez badute, beste teknikari bat fitxatu beharko da. Ez dirudi horrela izango denik. Bilbon pozez txoratzen daudelako. Azken jokaldia penagarria izan zen. Baina zer esan aurretik ikusitakoaz? Ederra izan zela oso. Ikuskizun paregabea eskaini baitzuten bai Athleticek baita Espanyolek ere. Neurketa ederra. Erasokoa. Joan-etorrikoa. Une batzuetan, tenis partida baten antza izan zuen. Aukerak alde batean eta bestean. Nor baino nor gehiago jokatutakoa. Bost izarrekoa.
Golari gola
Kopako partidaren atarian, Bielsak atsedena eman zien ohiko zenbait jokalariri. Pochettinok, berriz, fitxatu berri bat hasieratik jartzea erabaki zuen: Coutinho. Ligan zeresana emango duen jokalaria dela erakutsi zuen. Erritmo handiarekin ekin zioten neurketari bi taldeek. Lehen minutuak Espanyolenak izan ziren, baina laster hartu zuen Athleticek aginte makila. Lehen abisua Llorentek eman zuen. Espanyolen erantzuna berehalakoa izan zen. Lehen golaren aurreko hiru jaurtiketak areaz kanpotik egindakoak izan ziren, De Marcosek, Muniainek eta David Lopezek. Athleticek De Marcosi esker hartu zuen aurrea. Area barruan aurkari bati baloia hankapetik pasa ostean behartuta egin zuen jaurtiketa. Casillari besapetik pasa zitzaion, eta indar gutxirekin sartu zen atean. Athleticen joko onak merezi zuen saria izan zen.
Baina Espanyol ez zen kikildu. Gola jaso ostean hazi egin zen. Zazpi minutu nahikoa izan zituen neurketa parekatzeko. Romaricek gol ederra egin zuen areaz kanpotik. Banakoaren ostean Hectorrek buruz sartutako legezko gol bat baliogabetu zuen epaileak.
Bigarren zatiko lehen minutuak izan ziren zuri-gorrien txarrenak. Hirugarrenerako aurrea hartu baitzuen Espanyolek Weissek areaz kanpotik baliatutako jaurtiketa bati esker. Bielsaren taldea jota zegoen, baina ez hilda. Atzokoan estrategia jokaldiak aprobetxatu zituen neurketari buelta emateko: Llorentek lehenbizi, eta Javi Martinezek ondoren, biek buruz. Eta hiru puntuak etxean geratuko zirela zirudienean ailegatu zen hirunakoa.
ATHLETIC 3. ESPANYOL 3
Futbolak irabazi du
Athleticek eta Espanyolek joko ona eta golak eskaini dizkiete arratsalde hotz batean San Mamesera joandako zaleeiAzken minutuan egindako huts batek garaipen barik utzi du talde zuri-gorria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu