Krisi hotsak han eta hemen. Sos falta nabaria txoko guztietan. Diruak Errusia eta Turkiara egin du ihes, eta diruaren bila, joan den denboraldian ACB ligan jokatu zuten izar askok. Jokalari onenaren sailkapeneko hamar onenetatik zazpi, hain zuzen ere: James Augustine, Kaloian Ivanov, Andy Panko, Joel Freeland, Paul Davis, Mirza Teletovic eta Nik Caner-Medley. Itxuraz, izarren ihesaldiak ACB ligaren indarra murriztu behar luke, baina Espainiako ligan handiei itzal egiteko gai diren talde sorta polita dago, eta Errusia eta Turkiako ligetan, ez. Han, bizpahiru talderen artean banatzen dute tarta osoa, eta horrek ikusgarritasuna kentzen dio hango ligari, ACB ligaren mesedean.
ACB Liga ere, ordea, ez dago aberatsenen diktaduratik salbu. Bartzelonak eta Real Madrilek futbol taldeen mugarik gabeko babesa izaten dute, eta egoera horrek merkatua hausteko arriskua dakar. Hautsi, jokalari onenak, sos gehien jasotzen dituztenak, bi talde horien sarean jausten direlako nahitaez. Bi aberatsek euren lana bukatu zain egoten dira klase ertaineko taldeak, Caja Laboral Baskonia eta Gescrap Bizkaia, besteak beste, baina sarri ogi apurrak fitxatzeko aukera eskasa baino ez zaie geratzen.
Erakunde publikoen diru bilketa murriztu izana da egoeraren jatorria. Talde gehienek, bi aberatsek izan ezik, erakunde publiko horien menpekotasuna dute, babesle pribatuek jarritako dirua nabarmen apaldu delako. Diru publikoa, ordea, bukatzen ari da, eta klubak zer egin ez dakitela geratu dira, hankamotz. Dirua bilatzea lan zaila bilakatu da, eta ez da egon aurrekontuak dezente jaitsi beste erremediorik. Eta dirurik gabe, jakina, talde kaskarragoak. Hiru euskal taldeak horren adibide. Baskonian, nabaria izan da guraizeak erabili dituztela. Bilbo aldean, hainbestean moldatu dira eta talde txukuna egin, eta Lagun Arok, berriz, gorriak ikusi ditu aldundiaren diru laguntza erdira txikitu ondotik.
Ondorioa? Aberatsak, aberatsago, eta pobreak, pobreago. Nork mendera ditzake Real Madril eta Bartzelona? Baskoniak, egunen batean. Unicajak, Valentziak edo Gescrap Bizkaiak beste egunen batean, baina haiek dute aginte makila, eta galtzen dutenean beren hutsa izango da, aurkariaren meritua baino gehiago. Deigarria da Real Madrilek osatu duen talde puska. Milioiak barra-barra. Zeudenak taldean mantentzeko, eta izar distiratsuak ekartzeko.
Sergio Llulli hiru milioi euro pasa eman dizkiote urteko, eta Rudy Fernandezi, milioi bat gehiago. Sergio Rodriguez, Jaycee Carroll, Martinas Pocius, Carlos Suarez, Nikola Mirotic, Felipe Reyes eta Mirza Begic mantendu dituzte, eta Dontaye Draper eta Marcus Slaughter fitxatu. Rafael Hettsheimer pibot brasildarra ere lotua omen dute. Ikusgarria! Bartzelona apalxeago ibili da, baina Erazem Lorbeki eutsi dio, eta Nathan Jawai pibot australiarra fitxatu, zeresana emango duen jokalari zabala. Kontu korrontea astindu baino, nahiago izan du zuhur jokatu eta etorkizun handiko jokalari gazte bi fitxatu: Marko Todorovic eta Alex Abrines.
Valentzia eta Unicaja
Bi handien itzalpean bizitzen ikasi beharko dute Baskoniak eta hirugarren koska horretara igotzeko asmoa duten beste taldeek, batez ere Valentziak eta Unicajak. Talde politak egin dituzte, eta ibil daitezela erne Gasteiz eta Bilbon. Malagan, Zoran Dragic, Krunoslav Simon, Marcus Williams, Sergi Vidal, Earl Calloway, Txemi Urtasun, Kosta Perovic, James Gist eta Fran Vazquez fitxatu dituzte. Valentzian, Pau Ribas, Thomas Kelati, Marko Keselj, Bojan Dubljevic eta Justin Doellmann. Stablishment-a, boterea daukatenak eraisteko hautagaiak dira.
Futbolaren ispilu ote da?
Aberatsak aberatsago, pobreak pobreago, ia-ia ezinezkoa dirudi Real Madril eta Bartzelonaren agintea haustea ACBn
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu