Argentina batek honela jokatu behar badu dituen jokalariekin, zerbait oker dabil. Izan daiteke Alejandro Sabella entrenatzaileak futbolaz duen pentsamendua. Hortik hasiko gara. Jakina da ze eskolatakoa den. Argentinan hain ohikoa den bereizketa erabiliz,'Bilardista' da 'Menottista' baino. Antzeman zaio gaur ere estrategia zehazterakoan: Iranen aurka jokatzeko, jokoa sortzeko ardura Gagori eta Mascheranori eman die, jakinik Iranek ze estrategia erabiliko zuen; erabili duena, hain zuzen: atzean sartu du talde osoa Carlos Queirozek. Ona da horretan taldea, eta horren alde egin du. Zilegi. Zeren beldur zen orduan Sabella? Ia-ia garesti ordaindu du koldarkeria, eta ez bi puntu galtzeko arriskua izan duelako bakarrik, hiru galtzeko zorian ere izan baita.
Oker dabil zerbait Argentinan. Izan daiteke Leo Messiren inguruko ikuspuntu okerra. Usteko zuten akaso sasoiko dagoela, buruz eta fisikoz. Baina ez dago. Oinez dabil zelaian, baloia dagoen inguruetatik urruti jartzen da batzuetan, eta ia ez da gai aurkaria atzean uzteko. Sabellak pentsatuko du akaso Messiren agerraldi distiratsu batekin irabaziko duela beti. Gaur hala izan da, eta bai, gola ikusgarria izan da. Txalo. Baina ez dezala gezur handi bat ezkutatu. Argentinak ez du piperrik jokatzen, eta Messi hau ez da izan zenaren laurdena ere.
Futbola zerbait bada, gaur triste egongo da. Bihotzik badu, malkotan ariko da. Justiziarik dagoen ala ez dagoen auskalo, baina futbolak merezi zuen Iranek punturen bat edo hirurak irabaztea. Edo alderantziz esanda, Argentinak, Sabellak eta Messik zigorra merezi zuten. Irabazteko ez dutelako ezer askorik egin. Baina gaur, alde atera zaie. Bide honetatik ez du ematen, ordea, urrutira helduko direnik.
Partidak bi une izan ditu, bi fase: 70. minutura artekoa bat, eta hortik aurrerakoa bestea. Aurrenekoan, Argentinak baloia izan du, baina deseroso egon da. Makal, ezinean, atzean sartuta zen Iranen defentsako lan bikaina hausteko. Aukerak sortzeko ere ez da gai izan. Garbi-garbirik ez behintzat. Iranen estrategia kontraerasoren bat harrapatzea izan da, baina ezin. Bigarren fasean, Iran harrotu egin da. Ikusi dute jokalariek Argentina hau oso eskasa dela, laua, eta irabazteko aukerak izan zitzaketela. Gora ateratzen hasi dira lotsa gutxirekin, eta izan dituzte bi aukera garbi. Baina Romero atezainak sekulako maila eman du bi jokaldi horietan. Eta nola ez, Argentinak talde handiek izaten duten laguntza ere izan du, epailearen partetik. Penalti garbia adierazi gabe utzi baitio Serbiako epaileak Asiako selekzioari.
Azken-azkenera azaldu da Messi. Area ertzean utzi du atzean aurkaria, eta baloiari gozo joz, zehatz bota du zutoinaren aldera. Gol bikaina bai. Dudarik ez. Baina ez dezala inork esan Messi horretarako dagoela. Izan dena izan eta gero, hain gutxi ematea ez da ona futbolarentzat. Ezta Sabellaren pentsamendua ere.