Hirukoa gora eta hirukoa behera, sarritan entzuten da kontzeptu hori politikan. Atzo nabarmen geratu zen hirukoaren garaia atzean geratu dela Euskal Herrian, baina futbolean oraindik ere indarrean da formula hori. Anderson, Carrick eta Fletcherrek osatu zuten atzo hirukoa. Manchester Uniteden hirukoa. Hiru euskarri, aurreko hiru artisten itzalean geratu ziren hiru langile. Parkek sartu zuen lehen gola, 8. minutuan, Gibbs bere arean labaindu egin zela baliatuta; Cristiano Ronaldok bigarrena, 11. minutuan, urrundik egindako falta jaurtiketa bati esker -Almunia Arsenaleko atezain nafarrak zerbait gehiago egin zezakeela zirudien jokaldi horretan-; eta portugaldarrak berak hirugarrena, 61. minutuan, Park eta Rooneyren laguntzarekin kontraeraso dotorea bikain amaituta. Euren izenak ageri ziren markagailuaren azpian, baina hirukoak irabazi zuen partida neurri handi batean.
Joaneko partidan 1-0 irabazi zuen Manchester Unitedek etxean, eta gol bat nahi zuen atzo, Arsenal hiru sartzera behartzeko. Etxekoek, ordea, zaleen indarrarekin, azkar sartu nahi zuten gola, kanporaketa berdindu eta egungo txapelduna estutzeko. Goi-goian presioa eginda, itxura onean hasi zuen partida Arsenalek. 3. minutuan Cescek urrundik jaurti, Manchesterreko bi jokalariren gorputza jo, eta ozta-ozta kornerrera joan zen baloia. Bazirudien etxekoek aurkaria ito egingo zutela presioarekin.
Baina zirt eta zart. 11. minuturako 0-2 zen aurretik txapelduna. Lau gol behar zituen Arsenalek Txapeldunen Ligako finalean sartzeko. Joko alaia, bizia eta ikusgarria egin zalea da Arsenal, eta saiatu, saiatu zen atzo ere joko hori egiten. Baina Cesc, Nasri eta Van Persie lotu egin zituen Manchester Unitedeko hirukoak. Hiru hiruren aurka ziren, baina gehiengo argia izan zuten Andersonek, Carrickek eta Fletcherrek. Arsenaleko joko sortzaileetako bat zelai erdira baloiarekin iristen zen bakoitzean, presio itoa egiten zion Manchesterreko euskarrietako batek.
Atzeko lerroa aurreratu beste erremediorik ez zuen izan Arsenalek kanporaketa iraultzen hasteko. Eta Cristiano Ronaldori atzelarien bizkarrean lekua uztea baino gauza arriskutsuagorik ez dago. Arrisku handia sortu zuen aurrelariak bere mugikortasunari esker. 18. minutuan Rooneyk area ertzetik jaurti eta Almuniak ozta-ozta kornerrera bidali zuen; 30. minutuan Cristiano Ronaldok jaurti zuen area ertzetik... 0-2 eta eurenak ziren aukerarik argienak. Lehen sei minutuetan egin bezala, lehen zatiko azken bost minutuetan ere Cesc saiatu zen jokoa lotzen, baina oso sendo aritu zen partida guztian Manchesterren atzealdea.
Eta 0-2koari eutsi gabe, hirugarrenaren bila zelairatu zen txapelduna bigarren zatian. 52. minutuan jaurtiketa ona egin zuen Cristiano Ronaldok area ertzetik; eroso ari zen taldea, baloia ukitu eta ukitu. Bizpahiru kornerren bidez sartu zuen Arsenalek aurkaria bere arean, baina Manchesterren azken erakustaldia falta zen. 61. minutuan Ferdinandek kornerra urrundu, Cristiano Ronaldok takoiarekin Parki utzi, hark Rooneyri pase ona eman, burua altxa, erdiratu, eta portugaldarrak barrura. Hori da kontraerasoa, hasi eta bukatu, behar den bezala egitea. 0-3koarekin, bost gol behar zituen Arsenalek.
Aukeran, gehiegi. 75. minutuan epaileak penaltia adierazi zion Flechterri -zalantzagarria-, eta txartel gorria atera zion. Van Persiek sartu zuen penaltia (1-3), baina berandu zen. Egungo txapeldunak merezita lortu zuen atzo maiatzaren 27an berriz ere txapeldun izateko aukera.
Arsenal 1
Manchester United 3
Arsenal. Almunia; Sagna, Toure, Djourou, Gibbs (Eboue, 45. min.); Walcott (Bendtner, 63. min.), Cesc, Song Billong; Nasri, Van Persie (Carlos Vela, 80. min.); eta Adebayor.
Manchester United. Van der Sar; O'Shea, Ferdinand, Vidic, Evra (Rafael, 65. min.); Fletcher, Carrick, Anderson (Giggs, 63. min.); Park, Cristiano Ronaldo eta Rooney (Berbatov, 66. min.).
Golak. 0-1. Parkek (8. min.). 0-2. Cristiano Ronaldok (11. min.). 0-3. Cristiano Ronaldok (63. min.). 1-3. Van Persiek (penaltiz, 76. min.).
Epailea. Roberto Rosetti. Txartel gorria Manchesterreko Flechterri. Txartel horia Arsenaleko Nasri eta Adebayorri.
Bestelakoak. Txapeldunen Ligako finalerdietako itzuliko partida Emirates futbol zelaian. 59.867 ikusle.
Futbolean, hirukoarekin bai
Manchester United Txapeldunen Ligako finalerako sailkatu da, partida hastearekin batera bi gol sartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu