Dena prest gabarra ateratzeko

16:30ean abiatuko da Athleticen jokalariak eramango dituen ontzia Getxotik, eta festak 18:30ean joko du goia, Bilboko udaletxera iristean. Jendetza espero da, eta trafikoa etengo da. Metroak ere zerbitzua indartuko du.

(ID_13767948) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-04-08, Bilbo. Gabarra prestaketa lanak  08-04-2024, Bilbo
Gabarra Bilboko itsasadarrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 10a
15:38
Entzun

Hemen da. 40 urteren ondoren, bihar aterako da gabarra Bilboko itsasadarrera, Athleticek larunbatean Espainiako Kopa irabazi zuela ospatzeko. Itsasadarraren bi alboak txiki geratuko dira txapeldunei gorazarre egiteko. Bilbon, adibidez, milioi bat pertsona egotea espero da. Horrek segurtasun eta trafiko neurri bereziak hartzea ekarriko du. Guztira 1.300 langile arituko dira lan horretan. Festak 18:30ean joko du goia, ontzia Bilboko udaletxera iristean. Han, jokalariei harrera egingo diete, eta ondoren joango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzara. 22:00 aldera amaituko da ospakizuna.

Ontzia 16:30ean irtengo da, Getxoko Abrako Itsas Klubetik, eta itsasadar osoa zeharkatuko du. Areeta, Portugalete, Lamiako, Labe Garaiak, Erandio, Sestao, Lutxana, Zorrotzako punta, Zorrotzaurreko Erribera, Zorrotza, Deustu, Itsas Museoa, Campo Volantin pasealekua, Uribitarte eta udaletxea.

Goizetik espero da jendea itsasadar inguruetan, gabarra ikusteko tokia hartzeko. Hala, segurtasuna bermatze aldera, hainbat neurri hartu dituzte, gaurtik bertatik. Adibidez, Zorrotzaurreko irla itxita dago jada, bertan bizi direnentzat izan ezik. Soilik oinez iritsi ahalko da bertara.

Bihar, trafiko mozketak goizean goizetik hasiko dira. 08:00etan ekingo diote langileek hesiak jartzeari, udaletxetik foru aldundira jokalariek autobusez egingo duten bidean. Trafiko mozketa eta desbideratze nagusiak, hala ere, 14:00etatik aurrera hasiko dira, jende gehien espero den tokietan: Areatzan, Ernesto Erkoreka plazan, Plaza Biribilean, Udaletxeko eta Areatzako zubietan, eta Kale Nagusitik Plaza Eliptikora. Olabeaga ingurua ere ordu horretan itxiko dute ibilgailuentzat, 20:00ak arte. Uribitarte pasealekuarekin ere berdin geratutako da. Zenbat jende biltzen den, Abandoibarra hiribidea eta Ramon Rubial kalea ere itxiko dituzte. Antzera gertatuko da itsasadarraren beste aldearekin: Elorrietatik eta Unibertsitate etorbidetik hasi, eta Campo Volantin pasealekura.

Gabarraren ibilbidea
 
 

Zubietan eta pasabideetan ere jarri dute arreta. Hala, 14:00etatik aurrera itxi egingo dituzte Pedro Arrupe pasabidea eta Zubizuri. Areatzako eta udaletxeko zubiak autoentzat itxita egongo dira. Salbeko zubia ere itxita egongo da oinezkoentzat. Besteak irekita egongo dira.

Garraio publikoa erabiltzeko deia egingo dute. Bilboko Metroak zerbitzua indartuko du. 15:30ak arte, zerbitzua ohikoa izango da. Baina hortik aurrera hiru minutuan behin izango dira trenak Etxeberri eta San Ignazio artean, sei minutuan behin Basauri eta Kabiezes artean eta Etxebarri eta Ibarbengoa artean, eta 18 minutuan behin Etxebarri eta Plentzia artean. Eguna agian luzatu egingo dela aurreikusita, gauean, 22:30etik aurrera, 5, 10 eta 20 minutuan behin izango dira zerbitzuak, 06:00ak arte.

Pantaila erraldoia

Bestalde, Bilboko Udalak pantaila erraldoia jarriko du udaletxe aurrean. Mugitzeko zailtasunak dituztenentzat ere gune bat jarriko dute, Guggenheim museoaren aurrean. Gune horrek 350 lagunentzako tokia izango du, eta edukiera bete arte izango da bertan sartzeko aukera. Hori dela eta, garaiz joateko gomendatu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.