ATHLETIC

Gabarrarik gabe ere, zoramena

Espainiako Superkopa irabazi ondoren, 50.000 zaletik gora bildu dira Bilboko udaletxean eta Bizkaiko aldundian Athletici harrera beroa egiteko; titulurik irabazi gabeko 31 urteko aldiari amaiera eman diote zuri-gorriek, eta Gabarra atera ez arren, ospakizun handiak egin dituzte.

Athleticeko jokalariak Superkopa irabazi ostean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
A. A - N.A. - A. A.
2015eko abuztuaren 19a
08:21
Entzun

Gabarrarik ez zuten atera atzo Bilbon, ezta beharrik ere. Zoramena zabaldu zen hirian arratsaldeko lehen orduetatik. Bilboko erriberan, penaturik zeuden Athleticen zale asko Gabarra ez ikusteagatik, baina poztasuna nagusitu zen kaleetan. Berandu esnatu zen hiria, aurreko gaua luzea izan baitzen, eta ohikoa baino jende gutxiago ibili zen kalean eguerdira arte. Baina eguerdia pasatxo, zuri-gorriz tindatu ziren kaleak. Bazegoen zer ospatu: Espainiako Superkopa irabazita, 31 urtean lehen aldiz, kopa bat ekarri dute etxera Athleticeko jokalariek. Hala, lehoien lorpena ospatzen jardun zuten milaka lagunek egun guztian zehar. Gabarra atera ez, baina, beti bezala, handiki ospatu zuten Bilbon, gaueko ordu txikiak arte.

Adurizek partidaren 74. minutuan Bartzelonari gola sartu zionean hasi ziren ospakizunak, eta San Mames inguruko kaleetan bildutako zaleek goizeko lehen orduetara arte luzatu zuten parranda. Beste zale asko Lezamara bildu ziren, Athleticeko jokalariei harrera egiteko. 05:00ak aldera heldu ziren hara. Musikarekin, txaloekin eta bengala zuri-gorriekin egin zieten ongietorria.

Goizean goiz taldea animatzeko aukera galdu nahi ez, eta 12:00etan Lezaman (Bizkaia) bildu ziren ehunka zale entrenamendua ikusteko. 12:30ean zen hastekoa saioa, baina ordu erdi lehenago ez zegoen tokirik zelaiaren inguruan. Gehienak aldageletako sarreran zeuden pilaturik jokalariak noiz aterako zain, eta txalo zaparrada batekin hartu zituzten zaleek. Segituan entrenatzen hasi beharrean, zelaiari buelta bat eman zioten txaloak bueltatuz, eta jasotako berotasuna eskertuz. «Aupa Athletic»; «merezi duzue»; edota «Barça entzun, Athletic txapeldun» bezalakoak entzun zituzten jokalariek.

Adin guztietako Athleticen zalez beteak zeuden harmailak eta inguruko zelaiak, eta ez zuten aukerarik galdu animatzeko. Saxofoi jotzaile bat ere bazebilen tartean, Athleticen ereserkia joz, ikusleak alaituz. Julen Anakabe Oñatitik (Gipuzkoa) hurbildu zen entrenamendua ikustera. Lezamara bildu ziren guztiak bezala, «pozik» zegoen Bartzelonan lortutakoarekin: «Dezente itxaron behar izan dugu; hamar urte nituen Athleticek azken titulua irabazi zuenean». Lezaman zeuden askok, ordea, atzo arte ez zuten ikusi Athletic titulu bat eskuratzen; Igor Plaza gazteak, adibidez. Lemoiztik joana zen lagunekin entrenamendua ikustera, eta gero Bilbora hurbiltzeko asmoa zuten ospakizunarekin jarraitzeko.

Milaka lagunek egin zieten harrera Bilbon. Begoñako basilikan egin zuten lehen geldialdia, eta, tradizioari jarraika, Carlos Gurpegi kapitainak eta Ernesto Valverde entrenatzaileak Begoñako Amari kopa eskaini zioten.

Bitartean, 50.000 lagun zituzten zain udaletxe aurrean. Orduak zeramatzaten zale askok lehen ilaretan itxaroten. Haietako bat zen Ismael Izagirre; orain hiru urte hasitako tradizioari jarraika, lehoiz mozorrotuta joan zen jokalariak ikustera: «Finaletan eta finalerdietan, Txapeldunen Ligan eta Europako Ligako partida batzuetan janzten dut». Superkopakoa berezia izan da, ordea. «Ikusi dudan lehen titulua izan da, eta espero dut Gabarra ateratzea eta hori ere ikustea». Gabarrarik ez zuten atera atzo, eta ez dirudi asmorik dutenik, nahiz eta zale asko penatuta egon, Igone Jauregi kasu: «30 urteren ondoren, bazen garaia. Gabarra atera beharko lukete, baina». Tristurak, hala ere, ez zuen lekurik izan.

Autobusarekin, eromena

Sabairik gabeko autobus gorri batean agertu ziren jokalariak, eromena sortuz. Juan Maria Aburto alkatearekin eta Bilboko zenbait zinegotzirekin batera, dozenaka gaztetxo zituzten itxaroten udaletxe barruan. Horien artean zeuden Mikel Zaldunbide eta haren bi urteko alaba Ane; lehen aldia zuten biek udaletxe barruan: «Familia osoak ikusi genuen partida Ibarrangelun». Ondoren, jokalariak balkoira irten ziren. Iker Muniainek egin zituen aurkezle lanak, eta dantzan jarri zituen zale guztiak. Banan-banan aritu ziren jokalari gehienak, eta zaleei eskaini zieten kopa.

Autobusean bueltan, astiro egin behar izan zuten Bizkaiko aldundirako bidea; izan ere, kabitu ezinik zeuden milaka lagun Areatzan eta Kale Nagusian. Unai Rementeria ahaldun nagusiak egin zien harrera. Goiz amaitu ziren ospakizunak, atseden hartzeko eta osteguneko partidarako indarrak berritzeko. «Hurrengoan Gabarrarekin etorriko gara», bota zuen abisua Aritz Adurizek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.