Lagun Aro GBC 86. Fuenlabrada 70

Gabon lasaiak

Legez irabazi dio Lagun Arok Fuenlabradari, eta garaipen garrantzitsua lortu du; Baronek zortzi hiruko lortu ditu

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Lagun Aro GBC. Salgado (14), Vidal (16), Papamakarios (3), Panko (7), Betts (16) —hasierako bostekoa—; Raul Neto (2), Doblas (4), Baron (24), Adeleke, Lasa, Motos eta Olaizola.

Fuenlabrada. Colom (10), Laviña (13), Penney (12), Mainoldi (10), Ayon (10) —hasierako bostekoa—; Sene (7), Vega (6), Barton, Laso, Sanchez eta Muñoz (2).

Markagailua. 29-18, 38-33 (atsedenaldian); 66-53 eta 86-70.

Epaileak. Redondo, Garcia Gonzalez eta Perez. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 5.830 ikusle Illunbeko pabiloian.

Lagun Arok Gabon lasaiak izango ditu. Legez menderatu zuen Fuenlabrada, eta jaisteko postuetatik salbu pasatuko ditu Gabonetako lehen egunak. Urtea bera ere arriskutik kanpo buka dezake, emaitzak lagun baditu, baita Kanaria Handian aurtengo azken jardunaldian garaipena lortzen badu ere —abenduaren 29an jokatuko da Las Palmasen—. Donostiarrak gorabeheratsu aritu ziren bigarren laurdenean, eta aldageletatik bueltan, baina orokorrean nagusi izan ziren, eta kontrolpean eduki zuten markagailua une oro.

Jimmy Baronek sekulako partida jokatu zuen bigarrenez. Zortzi hiruko ere sartu zituen, eta horietako pare bat une erabakigarrietan iritsi ziren. Arnasa eman zien taldekideei estatubatuarrak, baina haren hiruko guztiak onak, landuak izan ziren, eta ez berekoikeriaz eginak. Baronek lekua egiten duenean, edo lekua egiten diotenean, nekez egiten duelako kale. Aurreko partidan, zazpi hiruko sartu zituen Baronek, eta atzo, zortzi. Sasoi ona berreskuratu duela bistan da, eta Doblasek eta Bettsek oso blokeo onak egin zizkioten, eroso jaurti zezan.

Lagun Aroko jokalari onena, ordea, Sergi Vidal izan zen. Berea izan zen balorazio onena, 27, eta denetarik egin zuen: puntuak, erreboteak, asistentziak, taldeari komeni zitzaion erritmoa jarri... Zortzi falta behartu zituen, eta apenas izan zuen atsedenik, 38 minutuz egon baitzen kantxan. Javi Salgado joko antolatzaileak ere partida biribila egin zuen. Hitzordu garrantzitsua zen Santutxukoarentzat, bere 250. partida baitzen Ligan. Salgadok 14 puntu saskiratu zituen, eta 20 puntuko balorazioa pilatu.

Hiru jokalari horiei esker, oharkabean pasa zen Andy Pankoren gau grisa. Presaka, Mainoldi parekoari gaina hartu ezinik, behingoagatik eskas ibili zen hegalekoa. Harrisburgekoak 10 errebote hartu zituen, halere. Nabarmentzekoak izan ziren une jakinetan Doblasek egindako defentsa ona, Papamakariosen hiruko bat, eta nola ez, Andy Bettsen lan ona. 16 punturaino joan zen ingelesa, eta asteak aurrera joan ahala fisikoki gero eta hobeto dagoela erakusten ari da. Mantsoa da, biguna, baina 217 zentimetroko morrosko bat geratzea ez da erraza.

Hamar minutuko txakalaldia

Lagun Arok egurrean ekin zion partidari. Mainoldiren lehen hirukoak urduritasun apur bat sortu zuen, baina talde biek elkarri botatako erronka onartu zuten. Saskiratzea saskiratzeari. 10-12 zihoazenean argia joan zen Ilunben, baina bueltatu zenean bisitariak ere argirik gabe geratu zirela nabaritu zen. 29-18 egin zuen ihes Lagun Arok, azken segundoan Baronek sartutako hirukoarekin.

Fuenlabrada azpi lanean hasi zen orduan. Zona ixten, pase lerroak presionatzen, eta markagailua zeharo lehortu zen. Lagun Aro segadan erori zen, eta bederatzi puntu bakarrik saskiratu zituen laurden osoan. 10 baloi ere eman zituen, eta Fuenlabradakoak bost puntura gerturatu ziren. Odolhustea aldageletan etengo zela pentsa zitekeen, baina ezta gutxiago ere. 0-10ko partzila lortu zuen Fisacen taldeak Ayoni esker eta 38-43 aurreratu ziren. Momentukon urduritasuna azkar desagertu ziren Salgadoren gidaritzarekin, Vidalen lidertzarekin eta Baronen punteria finarekin. Baditu lau, bosgarrena lortzea urtea bukatzeko modu bikaina litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.