Liverpool

Gailurrean da berriro

Urrezko aro berri bat ari da bizitzen Anfield Roadeko taldea, Kloppen agindupean. Europako eta munduko txapeldun bilakatu ondoren, Ingalaterrako liga irabazteko bidean da.

PETER POWELL / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Orain gutxi arte, piztia lokartua izan da Liverpool. Apalaldi gogorra pairatu du, Europako beste zenbait talde handik bezala. 2010ean hasi ziren reds-ak gorriak ikusten, Rafa Benitezen azken denboraldian, eta, hortik aurrera, kaskarkeria gainditu ezinik aritu ziren. Ohikoa bilakatu zen Anfield Roadeko taldea Txapeldunen Ligatik kanpo gelditzea. Eten egin zen zelaiko jardunaren eta klubaren historia oparoaren arteko lotura. Iraultza baten beharra zegoen. Bada, iritsi zen Juergen Klopp, eta berehala, liluratu egin zen The Kop, Anfieldeko gainontzeko harmailak bezalaxe. Alemaniarrak 2015ean hartu zuen teknikari kargua, eta, haren lemapean, dagokion tokira itzuli da Liverpool; futbolaren gailurrera, alegia. Europako bi finaletan sartu zen 2016an eta 2018an, eta beste koska bat igo zuen iaz, Txapeldunen Liga eta Kluben Arteko Munduko Kopa irabazita. Orain, esku-eskura dauka Ingalaterrako liga, azken hiru hamarkadetan ihes egin dion titulua.

1990ean gailendu zen azkenekoz etxeko txapelketan. Orduko hartan, ez zegoen zalantzarik: Liverpool zen Ingalaterrako talde nagusia. Hemezortzi liga ageri ziren Mersey ibaiertzeko klubaren garaipen zerrendan. Urrun ageri zen Manchester United, soilik zazpi titulurekin. Bada, 1992an Premier League izena hartu zuen txapelketak, eta, ordutik, ez dute sekula irabazi reds-ek. Red devils-ak [deabru gorriak], aldiz, hamahiru bider izan dira ligako txapeldun, Alex Fergusonen aro loriatsuan; eta hala, aurrea hartu diote Liverpooli sailkapen historikoan. Joera azkar alda daiteke, ordea. Izan ere, azken 30 urteetako madarikazioa apurtzeko bidean da Anfield Roadeko taldea. Igandean 2-0 gailendu zitzaien Old Traffordekoei, eta beste kolpe bat eman zuen mahai gainean.

Handiren bat gertatu beharko luke Liverpool titulurik gabe gelditzeko. Gaur-gaurkoz, hamasei puntura dauka bigarren sailkatua, Manchester City, eta norgehiagoka bat gutxiago du jokatua. Erabateko nagusitasuna ari da erakusten: jokoan izandako 66 puntuetatik 64 batu ditu, 22 partidatatik 21 irabazi eta bat berdinduta. Ezein taldek ez du sekula halako liga hasierarik eduki. Arrastoa utzita kitatu nahi du klubaren historiarekin daukan zorra. Oraingoz, hamahiru garaipen daramatza jarraian hemezortzi kateatu zituen Cityk 2017an, eta Anfielden jokatutako azken hemeretzi neurketak irabazi ditu beste bi garaipenekin, Cityk 2012an izandako bolada hobetuko luke. Hala jarraituz gero, liga lehiarik galdu gabe bukatu dezake, 2003-2004ko denboraldian Arsene Wengerren Arsenalek egin bezala. Jomugan du, halaber, Cityk 2017-2018koan ezarritako 100 punturen langa.

Ez da Premier League txapelketa irabazteko aukera duen lehen aldia. Urrutira joan gabe, oso gertu egon zen iragan sasoian. Borroka estua izan zuen Cityrekin, eta azkenean, puntu bakarreko aldearekin gailendu zitzaion Pep Guardiolaren taldea. Marka izan zen, gero: 97 puntu batu zituen, partida bakarra galdu zuen, eta, hala ere, ez zen txapeldun izan. Kale egin zuen Evertonen aurkako derbian, 29. jardunaldian, eta, hortik aurrera partida guztiak irabazi arren, ezin izan zuen City aurreratu. 2013-2014koan ere, Cityk utzi zuen titulurik gabe. Amaiera dramatikoa izan zuen sasoi hark. Zaleek nekez ahaztuko dute 35. jardunaldian gertatu zena, Anfielden, Jose Mourinhoren Chelsearen aurka. Liverpool lider zen, eta irabazi beharra zeukan goiari eusteko. Bada, neurketa hutsean eta atsedena ate joka zela, Steven Gerrard kapitain mitikoak laprast egin zuen kontrol bat egitean. Oparia baliatu egin zuen Demba Bak, eta Livepoolek galdu egin zuen; baita, gerora, liga ere.

Klopp, Shanklyren uberan

Iraganeko mamuak uxatzeko aukera aparta dauka orain Kloppek zuzendutako taldeak. Alemaniarrak itxuraldatu egin du Liverpool, eta askok jada Bill Shanklyrekin alderatzen dute. Teknikari eskoziarrak 1959an hartu zuen taldearen lema, Bigarren Mailan, eta gorenera eraman zuen hurrengo hamabost urteetan. Tituluak lortzeaz gain, nortasuna, estiloa eta arima eman zizkion klubari. Haren aginduz jarri zen aldageletako tunelean Hau Anfield da dioen afixa famatua.

Hura bezala, entrenatzaile soil bat baino gehiago da Klopp. Jokamolde zirraragarria ezarri du, mundu mailako izar bihurtu ditu Salah, Mane, Firmino eta Van Dijk, baina, ororen gainetik, nor den oroitarazi dio Liverpooli. Galdutako handitasuna eta mistika berreskuratu ditu Ingalaterrako taldeak. Nazioartean jada dastatu du loria, eta, hala, jokalariek Shanklyk jarritako afixa ukitzeko baimena dute berriro. Tradizioa debekatu egin zuen Kloppek, lehen titulua lortu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.