Futbola

Gainbehera ezin geratu (0-1)

Eibarrek laugarren partida jarraian galdu du, Elxen aurka, eta jaitsiera postuak zortzi puntura eduki arren, bolada txarra eten ezinik jarraitzen du. Jonathasek sartu du gola, 50. minutuan.

jarraia108089.jpg
unai zubeldia
2015eko otsailaren 17a
08:33
Entzun

Denboraldi ikusgarria egiten ari da Eibar, baina joera arriskutsuan murgildu da azken jardunaldietan. Ligako azken hiru partidak galduta, burua altxatzen hasteko aukera ona zeukan Ipuruan, Elxen aurka, baina laugarren porrota jarraian pilatu dute gipuzkoarrek, Jonathasek 50. minutuan sartutako golaren erruz. Lehen zati apala jokatu ondoren, 0-1ekoarekin aukera on dezente izan dituzte etxekoek, Capak jokoari eman dion bizitasunari esker, batez ere. Baina azken partidetan gertatu zaion bezala, errematean asmatu ezinik ibili dira etxekoak. Zortzi puntura daude oraindik jaitsiera postuak, baina, 27 punturekin, erreakzionatu beharra daukate eibartarrek.

Aukera gutxikoa izan da lehen zatia. Bovedak, Navasek eta Borjak egindako jaurtiketa bana, horixe izan da etxekoen uzta lehen 45 minutuetan, eta Elx ere ez da ibili askoz finago, Jonathasen erremate batean bakarrik gerturatu delako Iruretaren atera. Bigarren zatia hastearekin batera, ordea, 0-1ekoa lortu du Elxek. Albacarrek falta atera eta Jonathasek buruz egin du errematea. Jokoz kanpokoa eskatu du Iruretak, baina legezkoa izan da gola. Gola jasota bizitu egin da Eibar, Caparen eskutik, eta lau geldiketa harrigarri egin ditu Tytonek, Elxeko atezainak, Capari argiena, 55. minutuan. 78. minutuan epaileak txartel gorria atera dio Piovaccariri, eta, hala ere, azken minutuetan bi aukera argi sortzeko gai izan dira etxekoak. Capak eduki du Tytonekin buruz burukoa 85. minutuan, eta Eibarreko jokalariek penaltia eskatu dute 92.ean —oso argia izan da, Jonathasek eskuarekin ukitu duelako baloia area barruan—. 0-1 azkenerako, eta laugarren porrota jarraian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.