Funtsean, gainbehera datozen bi talde klasikoren arteko lehia izango da. Txapeldunen Liga jokatzeak mesede eskasa egin zion Betisi iragan denboraldian, asko sufritu baitzuen mailari eusteko. Bide beretik doa, oraingoz.
Antzekotasunak ez dira hor amaitzen, biek baitauzkate, teorian behintzat, Ligan askoz erosoago egoteko moduko taldeak, baina, kasu batean zein bestean, fitxatu berriei uste baino gehiago kostatzen ari zaie finkatzen, eta aldaketak etengabekoak izan dira hamaikakoan. Lesioekin ere arazo franko, aurrealdean zein atzealdean. Damiari fitxa kendu dio Betisek, beste hegaleko bat fitxatzeko, eta gauza bera egin du Realak Jauregirekin, Jesulik haren tokia bete dezan. Bestalde, Betisek eta Realak galdu dituzte jokalari garrantzitsuak (Joaquin eta Oliveira batek, eta Nihat eta Mark Gonzalez besteak), eta ardura hartu beharko luketen futbolariak eskas jokatzen ari dira.
Realari, ordea, ezer gutxi axola zaizkio aurkariaren arazoak. Nahikoa du berearekin. Azken sei edo zazpi partidetarako esandako gauza berak balio du gaurko honetarako: nola edo hala lortu behar du garaipena taldeak. Epaileak xisteratik ateratako penalti sinestezin batekin -ez dirudi oso posiblea-, joko negargarria egin ondoren jokaldi aldrebesa sartutako golarekin... berdin dio. Hiru puntuak lortuta ere, ikusi beharko litzateke, askok iradoki bezala, behin betiko gorakadaren atarikoa izango litzatekeen edo ez, baina argi dago burua jaso nahi izatekotan ezinbesteko pausoa dela eta gehiegi atzeratzen ari dela. Gero gerokoak. Txuri-urdinek gaurko norgehiagoka baino ez dute buruan izan behar.
Ondo asko daki taldeak zer den sufritzea. Une latzenetan buelta emateko gai dela ez du gutxitan erakutsi, baina azken hamarkadetan oraingoa baino egoera kezkagarriagorik ez du bizi. Datuak hor daude: 30 puntutatik hiru baino ez ditu lortu, eta Liga laurden bat jokatu dute dagoeneko. Gaurko Betisen aurkako partidari baino ez diote erreparatu behar jokalariek, baina zaleak hasiak dira kontuak egiten, eta askorentzat neguko azokara berpizteko aukerekin iristea da orain helburu bakarra. Salbazio postuetako aldea ahalik eta txikiena izatea. Ezkorrakizatea leporatuko diete, txarrenean jartzea, baina taldearen ibil-bidea txarrenean jartzeko modukoa da, tartean erabateko aldaketarik ez baldin badago, behinik behin.
Ostadarra ikusi ahal izateko erauntsiari eusten jakin behar dela eta presioa jasatea jasotzen duten soldataren barruan doala adierazi zuen herenegun Lotinak. Arrazoi du. Rekartek, bestalde, mezu argia utzi zuen astelehenean: «Lehen Mailako jokalariak gara. Inork ez dezala zalantzarik izan». Nahiko lukete zaleek urduri ez egon, baina lehiaketak bakoitza bere tokian jartzen du, eta une desegokiagorik ezin zuen hautatu kapitainak hori esateko. Gauzak garbi uzteko, behin ere egin ez dutena egin beharko dute zelaian: kontrarioa baino gehiago direla erakutsi. Min egin, eta min egin ondoren abantailari talde izaera sendoan oinarrituta eutsi. Lortu ahalko dute gaur!