Emporio Armani Milan 99. Laboral Kutxa Baskonia 85

Gainbehera sinestezina

Oso eroso jokatzen hasi, 26-41 aurretik jarri, burua galdu, eta porrot mingarria jaso du Laboral Kutxak Euroligako Top 16an, Milanen

unai zubeldia
2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Emporio Armani Milan. Hackett (12), Gentile (29), Moss (7), Melli (4), Samuels (17) —hasierako bostekoa—; Brooks (13), Cerella, Ragland (9), Kleiza (8) eta Elegar.

Laboral Kutxa Baskonia. Adams (18), Causeur (17), Bertans, Xengelia (14), Iverson (2) —hasierako bostekoa—; Hansbrough, San Emeterio (11), Tillie (4), James (11) eta Begic (8).

Markagailua. 20-25, 39-43(atsedenaldian); 74-60 eta 99-85.

Epaileak. Jovcic, Latisevs eta Piloidis. Ez zuten inor kanporatu bost faltarekin.

Bestelakoak. 7.400 ikusle Milango Mediolanum Forum pabiloian.

Beldurgarria izan zen Laboral Kutxaren atzoko hirugarren laurdena (35-17). Beldurgarria bigarren laurdenean 26-41 aurretik jarri ondorengo jokoa eta noraeza. Eta beldurgarria Emporio Armani Milanek azken 26 minutuetan emandako astindua. Dena alde zeukatenean, desagertu egin ziren gasteiztarrak, eta porrot mingarria jaso zuten (99-85); Europako zortzi onenetan sartzeko erronka izugarri zailduko dion porrota. Espero zen albistea iritsi zen Grezia aldetik: Olympiakosek irabazi egin zion Anadolu Efesi (86-75). Baina, besteei begira jarri, eta bererik ez zuen egin Laboral Kutxak.

Denboraldi honetan partidak kontrolatzeko erabateko zailtasuna daukate gasteiztarrek, eta atzokoa da horren erakusgarri: bigarren laurdenaren lehen lau minutuak jokatuta, 26-41 aurretik zen Laboral Kutxa, partida hausteko aukerarekin. Baina, onenean zenean, erlaxatu, hutsak pilatu, eta desagertu egin zen taldea. Tarteka agertzen den jokamolde bizi eta ikusgarria 40 minutuetara nola zabaldu asmatu beharrean da Ibon Navarro.

Davis Bertansen lesioa

Sarreretan itsutu egiten da sarri Xengelia; antolaketa lanean bizitasuna eta prezipitazioa nahasten dituzte gehiegitan Adamsek eta Jamesek; saskipean zentimetroak baliatzeko lanak izaten ditu askotan Begicek... Errealitate horiek guztiek minutu askoan bat egin zuten atzo. Eta, horrekin nahikoa ez eta, hiru minutu jokatuta, belauna bihurritu zuen Bertansek. Aldageletara eraman zuten zuzenean, eta partidaren ondoren ziren egitekoak proba guztiak. Ikusi egin beharko da zenbatekoa den lesioaren larritasuna.

Akats pilaketa horretan, hamabost puntuko alde erosoa ezerezean geratuta, 39-43 heldu ziren atsedenaldira, kontrolik gabeko lehen bi zati ero jokatuta. Eta hirugarren laurdenean iritsi zen erabateko gainbehera. 35-17. Horixe izan zen laurden horretako partziala. Gasteiztarrek ezer ez zuten ondo egin hamar minutu horietan. Navarrok ere ezin zuen sinetsi ikusten ari zena. Gentilek bere kasa txikitu zuen Laboral Kutxa —29 puntu denera—. Arabarren noraezaren erakusgarri, etxekoek 42-12ko partziala lortu zuten hamalau minutu eskaseko tartean, 26-41ekotik 68-53kora. Hain zegoen larri taldea, Gasteizen jokatutako partidari begira jarri ziren jokalari guztiak. Hemeretzi puntuko aldea lortu zuen orduan Laboral Kutxak, eta alde hura galtzeko zorian ibili zen atzo. Sinestezina izan zen gainbehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.