Joaneko partidako 2-2koarekin, Athletici ez zitzaion komeni partida erorik. Turinek zeukan arriskatu beharra, golen bat behar zuelako. Bost atzelari eta hiru euskarri zelairatuta, jokoaren kontrola nahi zuen Ernesto Valverdek, eta lehen minutuetan hainbestean lortu du. Baina 16. minuturako 0-1 zen atzetik; Gurpegi lesionatu egin da gero; partida berdindu berritan, 1-2koa sartu du Turinek (45. min.); eta, zailena eginda zegoenean, 2-2koarekin, Darminek isilarazi du San Mames. Ia nahigabean, kolpe festan murgildu da Athletic, eta zaurituta amaitu du gaua, Europatik kanpo.
Aginduz ekin dio Athleticek partidari. Lehen minuturako kornerra behartuta —Turinek bi atera ditu jarraian—, presioa goian egiteko asmoarekin zelairatu dira zuri-gorriak. Gazziren gogortasunarekin, Turinek faltak eginez gelditu du Athleticen sormen lerroa, eta kontraerasoa bilatu du itsu-itsuan. 14. minutuan iritsi da Quagliarellaren lehen abisua, ezker oinarekin egindako jaurtiketa kanpora bidali duenean. Eta bi minutu geroago lehen kolpe serioa, Gurpegik bere arean kontrolean huts egin eta Vivesi penaltia egin dionean. Quagliarellak ez du huts egin (0-1).
Kanporaketa euren alde jarrita, italiarrek indartu besterik ez dute egin hasieratik zeukaten asmoa: bost jokalariko zelai erdiarekin Athletic itotzea. Vives eta Gazzi faltak egin eta egin ari zirela, berotuz eta euren onetik ateraz joan dira zuri-gorriak. 23. minutuan San Josek kanpora bidali du burukada, Beñatek ondo ateratako falta jaurtiketan. Eta partida erabat hoztuta zegoenean, bat-batean erotu da, atsedenaldira bidean. Gurpegik aldaketa eskatu behar izan du lehenengo, belaunean kolpe handia hartu ondoren, eta bi minutuko tartean bi gol iritsi dira gero. Ikusgarria lehenengoa, Athleticena (44. min.). Beñaten pasea jasota, kontrol ederra egin du Iraolak area barruan, eta atezainaren gainetik dotore bidali du baloia sareetara. Berehala iritsi da, ordea, erantzuna. Eskuin hegaletik Darmianek erdiratu, eta, Etxeitari aurrea hartuta, Maxi Lopezen burukada sareetara (1-2).
Mutu geratu da San Mames gol horrekin, baina, aldageletatik bueltan, berehala sortu da sua harmailetan. Izan ere, ero-ero hasi da bigarren zatia, joko biziarekin. Laportek ozta-ozta kanpora bidali du falta jaurtiketa lehenengo (48. min.); bi minutu geroago Herrerinek geldiketa ona egin dio Maxi Lopezi, 1-3koa ezerezean utzita; 52. minutuan, Ricoren erdiraketaren ondoren zutoinera joan da Williamsen burukada... Eta 61.ean iritsi da De Marcosen gola, 2-2koa, Muniainen pase sakona jasota.
Kanporaketa berdinduta zela, zeukatenari eutsi edo partida hautsi, zalantza hori argitu ezinik ibili dira bi taldeak. Baina, etxekoentzat tamalez, Darminek sartu du 2-3koa, 68. minutuan, ezker hegaletik El Kadouik egindako jokaldi onari amaiera hobea emanda. Kito. Bi gol gehiago behar zituen Athleticek aurrera egiteko, eta, kolpe festan, lehertuta zegoen ordurako. Bihotzarekin jokatuta, saiatuta, baina Europatik kanpo daude zuri-gorriak.
Europako Liga
Gainezka egin dio kolpe festak (2-3)
Markagailua bi aldiz berdindu arren, Europako Ligako final-zortzirenetatik kanpo geratu da Athletic. Iraolak eta De Marcosek sartu dituzte etxekoen golak, eta Darminek 2-3koa, erabakigarriena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu