Hogeita hiru puntu eta sailkapeneko hamabigarren postuan. Hamabost partidetatik lau irabazi, bi berdindu eta bederatzi galdu. Sailkapenari behako bat ematea aski da Miarritze sasoi hasiera txarra egiten ari dela ikusteko. Munduko Kopara zortzi jokalari bidali dituen eta Heineken kopako talde klasikoa den baten lekua ez da hori. Oraindik toki txarrean baldin badago ere, gauzak hobetzeko bidean dira Aguileran, hala ere. Gaur-gaurkoz, adibidez, jaitsiera postuetatik salbu da, gutxigatik hori bai, Baionarekin berdinduta baitago azken-aurreko postuan. Sasoi honen lehen zatia iraganik, Miarritzeren hasiera txarraren eta azken asteetako susperraldiaren arrazoiak aztertu ditu BERRIAk.
1. Fitxaketetan huts
Jean Mixel Gonzalezek BERRIAri erran zionez, Miarritzek sasoia prestatzeko egin hautuak kalte egin dio. Kanboko entrenatzaileak esperientziazko bizpahiru jokalari nahi zituen, Zeelanda Berrian jokatzekoa zen Munduko Koparen eraginari aurre egiteko. Horren ordez, baina, Serge Blanco klubeko presidenteak harrobiko gazteen alde egin du. Hain zuzen ere, Gonzalezek talde xuri-gorria uzteko arrazoi nagusia hori da.
Sasoi hasierak arrazoi eman dio Gonzalezi. Gazteen aldeko apustua garesti ordaindu du Miarritzek. Yachvili, Hariñordoki eta Trailleren gisako liderrik gabe, taldeak oreka anitz galtzen du. Guyotek, Lesgourguesek, Barraquek, Roussariek... eta beste gazteek ez dute asmatu liderren hutsunea betetzen. Egindako fitxaketek ere ez dute espero zena eman. Baby gaizki ari da; Burotu min hartuta egon da luzaz, eta Capricek apenas jokatu duen.
2. Munduko Koparen eragina
Garantiazko jokalaririk gabe, Miarritzek oso fite maila ahula erakutsi du. Munduko Kopak zortzi jokalari eraman dizkio. Horiek gabe, partida bakarra irabazteko gai izan da Lapurdiko taldea (Bordeleren aurka, 11-13). Seigarren jardunaldian lortutako garaipen hori kenduta, emaitza kaskarrak bildu ditu Miarritzek. Luzaz, sailkapeneko azken postuan egon da.
Munduko Kopa bukatuta ere, Miarritzeri kostatu egin zaio berriz ere Top 14an buru-belarri jartzea. Frantziako selekzioaren ibilbide apartak —finalera iritsi zen— Miarritzeko hainbat jokalari ahulduta utzi ditu. Yachvilik hilabete pasatu du Miarritzerekin jokatu ezinik, Zeelanda Berrian ukan lesio batengatik. Hariñordoki ere zelaian baino gehiagotan egon da sendagilearen kontsultan, eta Traillek hiru partida bakarrik jokatu ahal izan ditu. Hiru jokalari horiek gabe, Miarritze ez da talde bera; asko galtzen du, eta azken partidetan argi ikusi da hori, hiru jokalari horien parte-hartzearekin gora egin baitu nabarmen.
3. Jokalari asko,min hartuta
Munduko Kopan aritutako jokalari horien guztien falta aski ez, eta Miarritzek zortea ez du alde izan. Unerik txarrenean, jokalari anitz selekzioekin zuelarik, lesioak bata bestearen gibeletik etorri zaizkio. Lehen lerroan egoera kritikoa izan da partida anitzetan: Coetzeek errugbia utzita, August, Terrain, Watremez ala Johnstone min hartuta edo sasoiz kanpo. Beste pisuzko jokalari batzuk ere luzaz min hartuta egon dira, edo oraindik ere halaxe daude: Lund anaiak, Haylett-Petty, Taele...
Lesio horiek guztiek gazte anitz batera zelairatzera behartu dute Miarritze. Ondorioz, gazteekez dute izan beteranoen babesa, eta erabakien zama hartu behar izan dute bizkar gainean. Zama handiegia izan da haientzat, eta urduritasuna igarri da partida anitzetan. Askotan ondo hasi da, baina partidak eskutik ihes egin dio gero, eskarmentu falta horregatik. Tolosa eta Perpinyaren aurka, adibidez.
4. Heineken kopa
Azken urteetan, Top14an gaizki hasi, eta Heineken kopa erabili du Miarritzek emaitzak onak lortu eta denboraldian sartzeko. Sasoi honetan, alta, gauzak ez doaz erabat espero moduan Heineken kopan. Lehiaketa hasiera ona egin zuen Miarritzek, etxean Saracensi ederki irabazita (15-10). Ospreysen eta bereziki Trevisoren etxean galdutako partidek, baina, toki txarrean utzi dute sailkapenari begira. Normalean, ligaxkan bi partida galtzen dituen taldea lehiaketatik kanpo gelditu ohi da. Lortutako puntu gehigarriei esker, ordea, Miarritzek final-laurdenetara sailkatzeko aukera du oraindik. Italian, erraterako, bi puntu lortu ditu, galdu arren. Erasoko eta defentsako puntu gehigarriei esker berdinketa bat adina puntu saskiratu ditu, eta sailkapenean egoera salbatu du. Sailkatu nahi baldin badu, hurrengo bi partidak irabazi beharko ditu Miarritzek, tartean Saracensen aurka Londresen jokatu beharrekoa, igande honetan.
5. Susperraldiaeta etorkizuna
Faktore horiek guztiek arindu ahala, Miarritze bere maila berreskuratzen ari da. Yachvili eta Traille taldera itzuli dira, eta Miarritzek bi garaipen lortu ditu segidan. Lehen aldia da sasoi honetan horrelakorik lortzen duela. Hemendik aitzina, liderren laguntzarekin, eta min hartutakoen itzulerarekin emaitza onak lortzen jarraitu nahi du. Aste honetan Heineken kopari ekingo dio berriz, eta final-laurdenak lortzea garrantzitsua izanen da 2012an taldeak egiazko abiada har dezan.
Gaixoa osatzeko bidean da
Sasoi hasiera oso txarra egin du Miarritzek, baina azken asteetan lortutako garaipenek gorako bidean ezarri dute, eta jaitsieratik irten da. Top14a bi astez etenda egongo denez, Heineken kopan jarriko ditu indarrak orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu