Futbola

Gaizka Garitano: "Nire kirol ibilbideko erronkarik handiena da"

Athleticeko entrenatzaile berriak nabarmendu du egoera aurrera ateratzeko "indarra eta energia" duela: "Jokalariengan konfiantza handia dut. Ondo ikusten ditut"

ainara arratibel gascon
2018ko abenduaren 5a
18:38
Entzun

Gaizka Garitanok "pozik" hartu du Athletic entrenatzeko ardura. "Eduradorekin [Berizzo] hitz egin eta gero deitu zidaten, eta ez nuen bitan pentsatu. Klubeko beste edozein langile bezala, edozertan laguntzeko prest nago".  Bere kirol ibilbideko "erronkarik handiena" dela onartu du. "Baina ez dut fardel bat bezala ikusten, baizik eta aukera bat bezala. Hau da entrenatzaileon lana". Gainera, uste du jokalariak eta kluba ezagutzeak lagundu egingo diola: "Denen artean aterako dugu aurrera hau, atzetik jende asko izango dugulako bultzaka. Indar, energia eta ilusio handiarekin nago".

Egoera ez dela erraza onartu du, jokoan egon diren 42 puntuetatik 11 baino ez dituelako atera talde zuri-gorriak, eta  jaitsiera postuetan dagoelako. Hiru puntura du salbazioa. "Argi dago zulotxo bat ireki dela. Hortik ateratzea ez da berehalako gauza bat izango, baizik eta prozesu luze bat. Pazientzia izan behar dugu, eta zenbat eta lehenago barneratu mailari eusteko borrokan gaudela, gauzak hobeto irtengo zaizkigu".

Jokalariak ondo ikusten ditu: "Levanteren aurka galdu eta gero lur jota egotea normala da. Baina eskarmentua duten jokalariak dira, eta badakite zer den galtzea eta irabaztea. Gaur ondo ikusi ditut. Ondo entrenatu dute, eta konfiantza eta uste osoa dut haiengan". Egin ditzakeen aldaketen inguruan ez du hitz egin nahi izan: "Eduardori diodan errespetuagatik ez dut egingo. Sekulako entrenatzailea da. Ez du zorterik izan, baina gure miresmen guztia dauka. Dena den, pertsona berri bat iristen denean beti egiten du aldaketaren bat. Joango zarete ikusten, entrenatzaileok gure taldeen jokoaren bidez hitz egiten baitugu".

Argi du, dena den, ez dutela denbora askorik "estilo propio bat" eraikitzeko: "Horretarako denbora behar da. Gure lehentasuna partida bakoitza irabaztea izango da, eta horretarako ahalik eta ondoen prestatzea. Ezeren gainetik garaipenak behar ditugu". Huescaren kontrako Espainiako Kopako itzulerako partida izango da lehen erronka. Zuri-gorriek 4-0 irabazi zuten, eta hanka eta erdi dute final-zortzirenetan. "Emaitza oso ona lortu zen. Baina partida serioa egin beharko dugu aurrera egiteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.