«Gaiztoa» badator

Baionaren krisiak hiru biktima eragin ditu: Gajan, Lievremont eta Tauzin entrenatzaileak; Elizaldek ordezkatu ditu

Jean Pierre Elizaldek atzo zuzendu zuen Baionaren lehen entrenamendua. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Egun bat, berrikuntza bat. Baiona, beste behin ere, kirol krisian sartu da. Taldea Top 14ra itzuli zenetik, entrenatzaileen dantza bizi izan da Aturri eta Errobi bazterretan, eta sasoi hau ez da salbuespena izanen. Doucet, Beltran, Pemeja, Mentieres, Alvarez, Peytavin, Coyola, Dourthe, Elizalde, Laporte, Delaigue... ez dira guti Baionatik pasatu diren entrenatzaileak. Zerrenda horri Gajan, Lievremont eta Tauzinen izenak erantsi beharko zaizkie orain.

Hainbeste aldaketen artean, baina, atzokoak garrantzi berezia dauka. Aldi honetan, gauzak sakon aldatzea erabaki dute Baionako zuzendaritzakoek, iragan udaberrian barne krisi sakon baten ondoren presidentea (Francis Salagoiti), zuzendaria (Michel Parneix) eta administrazio kontseiluaren hiru laurdena aldatu ondoren. Atzokoa, bi mugimenduko jokaldia izan da.

Lehenik, Jean Pierre Elizalderi eman zaio taldearen kirol egoera zuzentzeko ardura. Elizalde jadanik Baionan izan zen 2006ko irailetik 2008a arte. Etxea ongi ezagutzen du, han jokatzen aritu zelako, uztartze erdi gisara. Berez, hurrengo sasoian etorri behar zuen, bulegoetatik Alain Aflelouren aholkularia izateko. Taldearen sasoi hasierak bere etorrera aitzinatu du, postu desberdin batean «Zelaian egonen naiz, baina sei hilabeterako. Taldea egoera honetatik ateratzeko misioan nago. Gero, aholkulari papera hartuko dut», adierazi du.

Alain Aflelou eta Jean Grenet Baionako auzapezaren konfiantzazko kideak botere guztia izanen d sei hilabetez Baiona zulotik ateratzeko: «Auditoria bat egiten ari naiz. Zuzendu beharrekoak oihu egin gabe zuzentzeko gai naizela uste dut; baina tonua igo behar bada, igoko dut». 2006an gertatu bezala, «gaiztoaren» egitekoa beteko du Elizaldek, eta jokalariek badute kezkatzeko motiborik. Orain bost urte, hainbat jokalariri atea erakutsi zien, haien alferkeriagatik. Ikusteko dago aldi honetan zer gertatuko den.

Elizalderen etorreraren ondoan, atzoko jokaldiaren bigarren mugimendua Alain Aflelouk eman du. Baionako babesle nagusia denak, eta orain arte lehendakariorde zenak, taldearen presidentetza hartuko du. Larunbateko administrazio kontseiluan erabakia berretsiko da. Michel Cacouault presidenteak, hilabete gutxi iraun du bere postuan: «Laburrerako misioa nuen, gauzak klubean baretu arte. Orain, Aflelou presidente izanik, gauzak garbi izanen dira». Egia da ofizialki Cacouault presidente izan arren, Aflelourena zela agintea.

Faugeron eta Broncan

Aldaketa horiekin guztiekin, oraingo entrenatzaileen geroa argitzea falta da. Klubak Christian Gajan eta Thomas Lievremonten kontratu etetea adostu nahi du. Gajanek berriki ekarri zuen Yann Delaigue gibeleko jokoaren aholkulariak ere ez du jarraituko. Fred Tauzin orain arte gibeleko entrenatzailea zenak, berriz, postu berri bat ukan behar luke klubean, gazteak entrenatzen.

Horiek konponduta, Jean-Pierre Elizalde bere konfiantzazko laguntzaileen bila aritu da. Gibelekoen ardura Didier Faugeronek izanen du. Azken urteetan Brive eta Parisko Stade Françaisen gibelekoak zuzendu ditu. Aitzinean, berriz, Colomierseko entrenatzaile Pierre-Henry Broncan etorriko da. Broncanek Tolosako eskualdeko taldea zuzentzen jarraituko du, eta asteazkenetan bakarrik izanen da Baionan aholkulari gisa. Beste egunetan, Elizaldek zuzenduko ditu aitzinekoak.

Bi entrenatzaileak ekaina bukaera arte bakarrik egonen dira, eta Elizalderen lan ildoa aplikatu beharko dute: «Borroka, borroka eta borroka zin ematen ditut. Jendeak ez ditzala 100 metroko entsegu eder eta ikusgarriak espero. Horrelakoetan, krisiak eta borrokak ematen dute aitzinatzeko indarra». Jokalariak abisatuta daude, Baionako «gaiztoa» itzuli da eta ekaina arte txantxa gutxi izanen dira Jean Dauger aldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.