Galdeanok ukatu egin du Freire puntuak lortzeko soilik fitxatu nahi zuela

Munduko txapelketa baino bi hilabete lehenago elkartu ziren biak, eta entrenatzaile izatea ere proposatu zion

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
«Gezurra da Oscar Freire, lehiatu gabe, haren puntuak eskuratzeko soilik fitxatzen saiatu garela». Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadiren proiektu berriko manager nagusiak ohar bat kaleratu zuen atzo, Espainiako egunkari baten esanak gezurtatuz. «Munduko Txapelketa baino bi hilabete lehenago elkartu nintzen berarekin, uztailean, bere egoeraren berri jakiteko». Limburgeko Munduko Txapelketaren ondoren erretiroa hartzeko asmoa zeukala erantzun zion Freirek Galdeanori.

Arabarraren eskaintza ez zen txirrindulari soil izateko bakarrik. «Txirrindulari maitatua da Freire, eta nazioartean sona handia izango zuen fitxaketak. Etorkizunean, gainera, haren antzeko ezaugarriak dauzkaten gazteen aholkulari gisa aukera polita izango genuen harekin». Ripolin eta Banaka Bizkaiko taldeetan aritu zen txirrindulari espainiarra 1995etik 1997ra; hiru aldiz izan da munduko txapeldun, eta hainbat etapa garaipen dauzka Tourrean, Vueltan eta klasikorik sonatuenetan.

Beste eskaintza bat ere bai

Beste iturri batzuen arabera, Galdeanok beste eskaintza bat ere egin zion Freireri. Albiste horien arabera, Euskal Herriko Itzulia izan arte espainiarrak lehiatzea nahi zuen Galdeanok —Milan-San Remo klasikoa barne—, eta entrenatzaile lanetan ere ariko zen tarte horretan eta hortik aurrera. Freirek hiru aldiz dauka irabazita Milan-San Remo klasikoa, 2004an, 2007an eta 2010ean. Lehen harreman horien arabera, Freire prest zegoen denboraldi guztian lehiatzeko ere.

Erik Zabel txirrindulari ohiak Katuxa taldean egiten duen modu berean, Freire taldeko aholkulari izatea zen Galdeanoren helburua. Iturri horien arabera, Euskaltel-Euskadi eta Freire hartu-emanetan zirela, beste talde batek deitu zion txirrindulariari, egun bakar batean ere lehiatu gabe euren taldera joan zedin eskatuz. Espainiarrak erabat baztertu zuen aukera hori. 36 urte dauzka Freirek, eta ehun puntu inguru dauzka pilatuta aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.