Galdera asko, eta erantzun gutxi, edo erantzun zehatzik ez. Baskoniak ez du batere sentsazio onik transmititzen. Baieztapen hori hain garbi egitea ez da azaltzen erraza OAKA zailean irabazteko zorian egon zarenean, edo Panathinaikos handia izutzeko moduan egon zarenean. Baina taldea ez dago ondo. Taldea, zerbait esate aldera, gaur-gaurkoz ez baitago talderik. Jokalariek euren kabuz aritzen direnean ez baitago talderik. Jokalari bat besteari mokoka aritzen denean ez dagoelako batasunik. Antsietatearekin eta berekoikeriaz jokatzen denean hutsak behin eta berriz egiten direlako.
Eta hutsak behin eta berriz eginez, partidak galtzen dira, eta norgehiagokak galtzen direnean komeriak, arazoak etortzen dira. Baskoniak final-laurdenak jokatu nahi baditu Top16ko azken bi partidak irabazi beharko dituela. Unicajari aurrena etxean, eta Vilniusen ondoren, Lietuvosen aurka, azken jardunaldian. Eta hori arazo bat da, Lietuvosek ere sailkatzeko aukera izango duelako bere zaleen aurrean.
Galdera asko etortzen dira burura. Garrantzitsuena: non dago Dusko Ivanovicen aginte makila Mirza Teletovicen berekoikeria kontrolatzeko? Bosniarra trakets ari da jokoan azken hilabeteetan, eta itsusi jarrerari dagokionez, nahi duena nahi duenean eginez. Taldeko kapitaina da, eta hiruko ikusgarriak sartzen dituelako da zaleen seme kutun, baina taldearentzat zama jasanezina da gaur egun. Ez du piperrik defenditzen, agindutako jokaldiei muzin egiten die, eta burua galtzen du sarri. 35 minutu jokatu zituen atzo, eta 0ko balorazioa lortu. Haren parekoak, 40koa! Antonis Fotsisek 22 puntu sartu zizkion, asko bakar-bakarrik, defentsan lau errebote lapurtu eta hiru baloi berreskuratu. Eta, halere, 35 minutu jokatu zituen Teletovicek. Ordezkorik ez duela ez da aitzakia, gaizki badago taldea zamatuko ez duen jokalariak egon badaudelako.
Jarrera itsusiak
Fernando San Emeteriok kontuak eskatu zizkion Teletovici jokaldi batean, harrikada bat bota zuelako, baina ez zuen jarrera aldatu. Ivanovic, bitartean, isilik. Harritzekoa izan zen aulkiko jokalariak barrez ikustea San Emeteriok azken segundoan puntu bateko bi jaurtiketarekin partida berdintzeko aukera izan zuenean. Non dago jokalarien konpromisoa? Auzitan jarri behar dira entrenatzailearen beste hainbat erabaki. Zergatik jokatu zuen hain gutxi Stanko Baracek, taldeak errebotean zituen arazoak ikusita? Pape Sow oso mugatua da erasoan, baina defentsan ere ez zuen luze gogoratzeko moduko partidarik jokatu. Esteban Batista ere galduta dabil. Defentsan diziplina huts larriak egiten ditu, eta gurina baino bigunagoa da aurkari astunen aurka.
Galdera gehiago. Taldea nekatuta dago, freskotasunik gabe, eta Atenasen buruz buruko jokaldiei eta hiruko jaurtiketetako portzentaje onari esker jarraitu zion arrastoa Panathinaikosi. Marcelinho Huertasek, San Emeteriok eta Teletovicek 30 minutu baino gehiago jokatzen dituzte partidako, ongi edo gaizki jokatu, eta horrek eragiten duen nekeak mina egiten dio taldeari aurkaria hausteko aukera duenean. Baskoniak hiruko hamalau jaurtiketa gauzatu zituen, eta biko hamahiru. Saskipean jokatzeko arazo asko izan zituela erakusten du horrek.
Dena, edo ia dena kanpotik jokatu zuen Baskoniak. Eskerrak hirukoetan %49 asmatu zuen, hala izan ez balitz partida lehen zatian bukatuko zelako. Jokaldi gehienetan gauza bera errepikatzen zen. Jokaldiren bat egiten saiatu, Panathinaikosek galarazi, eta baloia David Logan, San Emeterio, Huertas edo Teletovici eman. Lehen biek partida bikaina jokatu zuten: 21 eta 19 puntu, hurrenez hurren. Huertasek ere hamazazpi sartu zituen, baina hiru baloi eman zituen une erabakigarrietan. Teletovicena esana dago: hamabi jaurtiketa egin eta hiru bakarrik sartu.
Segundo pare batean zenbatu litezke Baskoniako pibotek saskipean jasotako baloiak. Zergatik, Baracek hiruzpalau metrotik txukun moldatzen bada? Zergatik, Batista horretarako ekarri bazuten? Galderak egitea erraza da, errealitate gordina kontatzea bezala. Baskoniak nahiko zail du final-laurdenetako txartela lortzea, gaur-gaurkoz Vilniusen irabazteko gai delako baina ez Atenasen bezala jokatzen badu jokoa bizpahiru jokalariren talentuaren baitan utzita eta bere kirol arakasta hirukoen erruletaren baitan utzita. Taldea ez dago ondo.
Galdera asko
Baskoniak irabazteko aukera izan du Atenasen, baina oso kaskar aritu da talde jokoan, berekoikeriaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu