Entrenatzaile perfekturik? Ba ote den halakorik. Horixe erantzuten diet Joaquin Caparros eta Martin Lasarte estu hartzen dituztenei. Ez bat eta ez bestea gustatzen ez zaienek argumentu hori erabiltzen dute beren ustea azaltzeko: aldaketak (ez) egitearena. Athleticekoari leporatzen diote partidak iraultzeko aldaketarik ez egitea, ez daukala gaitasunik hori egiteko. Realekoari ere beste horrenbeste esaten diote, eta hau ere bai: berandu egiten dituela aldaketak. Ez dut ukatuko hala ez denik bien kasuan, baina denean onak izatea ez al da zail samarra? Edo, akaso, egungo onenetakoak diren Pep Guardiolak eta Jose Mourinhok den-dena ondo egiten al dute? Izango dituzte hutsak, izango dira baldar samarrak entrenatzaileari dagokion lanen batean. Jar gaitezen Caparros eta Lasarte orain dauden lekuan beste bi egongo direla. Demagun bi berriek aldaketen gaia hobeto kudeatzen dutela, baina, hala ere, egongo da ondo egiten ez duten beste zerbait. Aldaketen kontua ez dut uste entrenatzaileak jipoitzeko arrazoi nagusia izan daitekeenik. Badira larriagoak.
Aldaketekin azkarragoa den bat. Caparros, Lasarte eta aldaketen kontua hitz eta pitz dabilen honetan, hara non azaldu den Jose Luis Mendilibar. Alor horretan, beste muturrean dagoen entrenatzailea. Osasunako jokalarien nagusi berriak ez du bitan pentsatzen norbait aldatzeko orduan. Ez diote leporatuko aldaketak berandu egitea, ez zaio zigortuko partida iraultzeko aldaketak ez egiteagatik. Lehen ere zalea zen aldatu beharrekoak edonoiz aldatzen, eta berdin segitzen du. Herenegun, lehen zatia amaitu aurretik kendu zuen zelaitik jokalari bat. Azaldu zuen zergatia gero: «Baloia askotan galtzen ari zen leku arriskutsuetan, eta beste jokalariak arazo horrekin ardura gehiegi edukitzen hasita zeuden». Aldagelara. Dutxetako ura berotzera garaia baino lehenago. Galdetu Masudi txarra ote den aldaketak berandu egitea edo partida iraultzeko aldaketak ez egitea.
Ikusi edo ez ikusi. Zer ikusi? Aldaketen kontuarekin segituz, azkenaldian harritu samar naukan egoera bat aipatuko dut. Ikusten ditut makina bat partida astebururo, hango eta horko txapelketetakoak, eta entrenatzaile askoren jardunak harrituta nauka. Beren taldea ondo ari ez dela oso nabarmena denean, ez dute ezer aldatzen. Aurkaria min ematen ari bazaie ere, min horren eragilea den egoerari eusten diote, ezer aldatu gabe. Nire kezka ez da nirea bakarrik. Beste entrenatzaile batek arazo bera ikusten zuela esan zidan aurreko astean. Haren galderak hauexek: zertarako daude entrenatzaileak? Nondik atera dute halako, hain talde handiaren ardura izateko? [Inter Milaneko Leonardoz ari zen, aurreko asteko Txapeldunen Ligako partida hizpide hartuta]. Nik beste galdera batekin erantzun nion: entrenatzaile horiek ikusten al dute beste askok ikusten duguna beren taldeak larri dabiltzanetan? Erantzuna baiezkoa delakoan nago, eta orduan, beste galdera hau sortzen da:
Zergatik ez dute ezer aldatzen? Partidako emaitza estua bada, gol bateko aldea kontra adibidez, aldatzea arriskuarekin lotzen dutela uste dut. Pentsatzen dute zerbait aldatuz gero, are gehiago handituko dela kontrako aldea. Hautsi egingo dela neurketa. Eta ez dute ezer aldatzen. Egoera aldrebesak ez ikustea ez da entrenatzaile batek izan dezakeen hutsetako bat, ez perfekzioaren esparru horretan. Ez ikustea entrenatzailea ez izatea da. Arazo oso larria. Entrenatzaileak ikusi egin behar duelako zer dagoen gaizki eta zer ondo. Horren arabera, erabakiak hartzeko. Gordin-gordin esanda: ikusten ez duenak ez du balio entrenatzaile izateko. Hori bai dela argumentua entrenatzaile batek balio duela edo ez duela neurtzeko. Eta ez aldaketak lehenago, beranduago edota partidak iraultzeko egitea / ez egitea.
Aulkitik begira
Galdetu Masudi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu