Bartzelona 2. Reala 1

Galdu arren, meritua da

Bartzelonak aulkian utzi ditu ohiko hainbat jokalari, baina Realak ez du punturik urratu, bigarren zatian aurkari sufritzen jarri arrenDefentsan ongi moldatu dira txuri-urdinak, baina baloia jokatzerakoan ezina igarri zaie

jon eskudero
Donostia
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Bartzelona. Victor Valdes; Dani Alves, Puyol (Abidal, 75. min.), Mascherano, Adriano; Thiago, Busquets (Pique, 83. min), Dos Santos, Cuenca; Messi eta Tello.

Reala. Claudio Bravo; Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Cadamuro; Markel Bergara, Aranburu, Pardo (Llorente, 76.min); Xabi Prieto (Agirretxe, 77. min.), Griezmann eta Diego Ifran (Carlos Vela, 57. min.).

Golak. 1-0. Tellok (8. min.); 2-0. Messik (72. min); 2-1. Carlos Velak (73. min.).

Epailea. Clos Gomez. Txartel horiak: Realeko Iñigo Martinezi.

Bestelakoak. 60.000 ikusle inguru Camp Noun. Tenperatura hotzaren ondorioz, berogailua jarri zuten zelaian partida aurretik, eta horren erruz, bigarren zatian lurra harrotu zen, jokoaren kalterako.

Ederra da Camp Nou. Handia. Ikusgarria. Berdea. Baserritar batek baino gehiagok eskertuko luke etxe alboan halako zelai dotorea, segaren beharrik ez izateko. Harmailak izugarriak dira, eta eserlekuak, zer esanik ez. Gozatzeko modukoak. Ordea, guztia hain dotorea bada, zergatik sufritzen da hainbeste bertan? Zergatik mirariaren zain egoten dira bisitariak? Erantzuna asmatzeko ez da oso jakintsua izan behar: Bartzelona. Bartzelona da hitz magikoa. Talde magikoa. Edo bestela esanda, futbola magiko egin duena. Atzo ere ez zuen hutsik egin, eta Reala izan zen biktima. Partida txukuna jokatu zuen Philippe Montanierren taldeak, baina galdu egin zuen. Soilik gol batez. Baina galdu (2-1).

Artzain paregabea da Guardiola. Etxekoen entrenatzailea. Bere lanak badu zerikusirik aipaturiko baserritarrarenarekin. Bien zeregina zera baita, aginduak emanez helburu dutena barrura sartzea. Batak ardiak behar den gunera eramatea. Eta besteak baloia sareetara bidaltzea. Bada, horixe egin zuten kataluniarrek. Nola ez, Messi artzain zakur jarrita, ederki gobernatu zituen gorriz eta urdinez jantzitako ardiak, eta etxean geratu ziren hiru puntuak.

Meritua da, ligako zelairik gaiztoenean soilik gol bateko aldearekin galtzea. Eta gehiago Guardiola sufriarazten ipintzea. Reala da meritu horren erruduna. Aurre egin zion Bartzelonari, lotsagabe jokatuaz. Talde gaztea atera zuen entrenatzaileak, eta gaztea zerbait bada, lotsagabea da. Ongi etorri zitzaien hori txuri-urdinei. Pardo zelai erdian jarrita, sendo agertu ziren atzeko lerroan, baina gabezia dezentea igarri zitzaien baloia jokatzerako orduan. Ezinean aritu ziren, eta apenas hurbildu ziren Valdesen ate ingurura. Tellok, aldiz, lehenengo aukeran gola egin zuen, zortzigarren minutuan.

Sustoak emateko izan zuten aukerarik lehen zatian donostiarrek. Epaileak hasierako txistua jo eta lasterrera, gainera. Ifran bakarrik geratu zen, baina ez zuen asmatu gola sartzen. Eta barkatzen duenak, ordaindu egiten du gero. Gehiago halako kalitatea daukan talde baten aurka. Gerora Griezmannek eta Prietok ere jaurti zuten atera, baina oker.

Gola egiteko aukera etengabe edukitzen duena Bartzelona da. Partida osoan tren geltokia zirudien Bravoren area txikiak. Orain eskuinera begiratu; ondoren ezkerrera erreparatu. Une oro gainean zituen aurkariak, eta egia esan, goraipatzeko lana egin zuen txiletarrak. Sekulako geldituak egin zituen, maila handikoak. Baina, zergatik izaten da atezaina beti jokalaririk onena Bartzelonaren aurkako partidetan? Zerbaitegatik izango da.

Bigarren zatian, hobeto

Lehen zatia amaitu bezala ekin zioten bi taldeek bigarrenari. Bartzelonarena zen baloi jabetza, baina Reala tartean-tartean sustoren bat emateko moduan egon zen. Dena den, Messik eta enparauek izan zuten lehia erabakita uzteko aukerarik. Golaren kontua ikusten zen lehenago edo beranduago helduko zela, eta azkenean bai. Azkenean Messik egin zuen desiratutako gola, 72. minutuan. Bazirudien dena erabakita zegoela, baina ez. Hurrengo minutuan horra gola Velak. Ederki gainera. Maisuki.

Neurketa amaitzeko ordu laurden faltan, gol bat atzetik soilik egon zen Reala, baina Bartzelonak ongi kontrolatu zuen egoera. Montanierrek aldaketa egin zuen, Prieto kendu eta Agirretxe zelairatuaz, baina alferrik. Orokorrean, goraipatzeko lana egin zuen Realak, ez baita ohikoa Bartzelonak etxean sufritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.