Binakako Txapelketa

Galdua zeukatena irabazi dute Artola-Imazek

Zortzi tantoko aldearekin galtzen joan dira Artola eta Imaz (18-10), baina 12-2ko partziala egin diete Ezkurdia eta Martijari, txapelketako laugarren puntua eskuratzeko (20-22), Arrasaten jokatu den partidan. Artolak hamabost tanto egin ditu, eta Ezkurdiak hamalau. 

Artolak airez 11 tanto egin ditu gaur Arrasaten. FOKU
Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 22a
09:49
Entzun

Partida handia jokatu dute Artola-Imaz eta Ezkurdia-Martija bikoteek gaur Arrasateko Uarkapeko pilotalekuan, Binakako Txapelketako bosgarren jardunaldian. Ikusgarria izan da bi aurrelarien abilezia eta eraginkortasuna tantoak bukatzeko lanean, eta bi atzelarien zurruntasuna ere nabarmendu egin behar da. Irabaztea bi bikoteek merezi izan dute, baina batek bakarrik duenez saria, Artolak eta Imazek eskuratu dute puntua. Laugarrena dute, eta buruan dira sailkapenean, Jaka eta Zabaletarekin berdinduta. 

Garaileak 0-2 aurreratu badira ere, berehala eman diote buelta galtzaileek, 7-2koarekin. Artola eta Imazen susperraldia etorri da gero, eta 7na egon dira. Hortik aurrera, Ezkurdiaren trebetasunak agindu du, eta 18-10era joan dira. Aurrelari nafarra era guztietako tantoak ari zen egiten. Gaizki ez ziren ari Artola eta Imaz, baina ezin gauza handirik egin Ezkurdiaren erakustaldiaren aurrean.

Ematen zuen azkar batean amaituko zela partida, baina ez dute amore eman bi pilotari gipuzkoarrek, eta, Artolaren gidaritza ausartari esker, tantoari tantoa gehitzen joan dira.  Airez asmatu du gehien Alegiakoak, 11 tanto egin baititu. Imazek ere ondo lagundu dio atzean, ia hutsik egin gabe. Bost tanto erreskadan egin eta 18-15 jarri dira. 19.a egin dute gero Ezkurdiak eta Martijak, 16.a ondoren aurkariek. Hortik aurrera, Artola nagusitu da, eta 6-1eko partziala eginez, 22raino iritsi dira; 18-10ekotik 12-2ko partziala egin diete irabazleek. 

Gozatu ederra hartu du kantuan aritu den zale kopuru handiak lau pilotariek egindako partidarekin. Giro itzela egon da Uarkapen, eta partidaren mailak are gehiago bizitu eta poztu du giroa. San Tomas egun ederrean partida polit askoa ikusi dute zaleek. Gustura hartuko lukete antzeko ikuskizuna pilotazaleek hilaren 25ean Eibarren, bosgarren jardunaldi honetako azkeneko partidan. Aurrez aurre izango dira Altuna-Galartza eta Laso-Albisu (18:00). 

SAILKAPENA

1. Jaka-Zabaleta 4 puntu
2. Artola-Imaz 4 pt.
3. Irribarria-Rezusta 3 pt.
4. Ezkurdia-Martija 2 pt. 
5. Laso-Albisu 2 pt*
6. Altuna-Galartza 2 pt*
7. Bengoetxea-Marizkurrena 1 pt.
8. Olaizola-Urrutikoetxea 1 pt.

*Partida bat gutxiago dute jokatuta

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.