Galdurikoen penatan

Jose Antonio Camachoren ustez, sasoi honetan Osasunari gehiegitan egin diote ihes eskuan izandako puntuekJuanfranek eta Nekunamek Osasunan jarraituko dutela sinetsita da entrenatzailea

Jose Antonio Camacho, bakarrik, Osasunako aulkian eserita, sasoi honetan etxean jokaturiko partida batean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Asier Legarda Ereño
Iruñea
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Eguberrietako jaiegunen ondotik, atzo itzuli zen lanera Osasuna. Eta, bide batez, Jose Antonio Camacho hedabideen aurrera agertu zen orain artekoak aztertu eta aurretik geratzen denaz hitz egiteko. «Jokalariek eginiko lana aztertuz gero, puntuak falta zaizkigu. Zuzendu beharreko zerbait da, eskuan ditugun puntuak galduz gero, jaitsiera postuetatik gertu izatera kondenatuta baikaude. Eta askotan errazegi galdu ditugu puntuak», esan zuen Osasunako entrenatzaileak Taxoaren hitza hartu orduko, taldeak 2010ean eginiko lana aztertzean.

Asko hitz egin da Osasunaren gol gabeziaz. Urtea joan eta urtea etorri, Ligan gol gutxien sartzen duten taldeen sailkapenaren buruan izaten da beti. Baina zenbait partidatan atzealdean egindako opariek golak sartzeko ezintasunak adina kezkatzen dute Camacho. «Korner batean gola sartzen dizutenean, ez da defentsako hutsa, talde guztiarena da errua, eta aurrena neurea. Atzealdeari soilik ezin zaio leporatu errua. Hobera egin nahi badugu, ezinbestekoa da inozokeriengatik punturik ez galtzea», adierazi zuen gorritxoen entrenatzaileak.

Urtarrilean aldapa gogorra dute zain nafarrek. Lehen lau partidetatik hiru etxetik at jokatu behar dituzte, Sevillan, Vila-realen eta Almerian —etxean Getafe hartuko dute tartean—, eta bosgarrenean Real Madril hartuko dute. 2010eko urtarrilaz gerotik etxetik at partidarik irabazi gabe egonagatik, teknikariak ez die beldurrik irteerei: «Inoiz ez dago jakiterik non lortuko diren puntuak, eta zelai guztietara irabazteko asmoz irtetea da gakoa. Emaitza onik ez dugu lortu aspaldian etxetik at, baina partida guztietan izan ditugu puntuak batzeko aukerak. Aukera horiek baliatzen asmatzea da gakoa. Lehen itzuliaren amaieratik gertu gaude, eta, irabaziz gero, Sevillak adina puntu izango ditugu. Partida zaila izango dela argi dago, Sevilla talde handia baita gaur egun. Hargatik, aukerak izango ditugu».

Neguko fitxaketa epean taldea indartzeko asmorik ez daukatela ere argi utzi zuen atzo Osasunako entrenatzaileak: «Ez gara merkatuan mugitzen ari, orain hilabete aukera bat izan genuen, baina ez genuen ezer lotu. Ez zen posible izan. Daukaguna hobetzeko soilik fitxatuko dugu, eta hori diruarekin soilik lor daiteke. Eta, egun, dirurik ez dago futbolean», esan zuen ozen Camachok.

Hori bai, inork alde egiterik ere ez du espero. «Juanfranen kasuan ez dago berritasunik, ez dut uste inora alde egingo duenik. Diru arazoengatik utzi diote alde egiten Simaori Atletico Madrileko agintariek, eta dirua aurrezteko hori egin eta gero ez dut uste orain Osasunari dirutza ordaintzeko prest egongo direnik. Oparituta eramango lukete gustura, baina ez dut uste Juanfran fitxatzeko behar den dirurik daukatenik. Juanfran gizon garrantzitsua da niretzat, baina Pandiani edo Camuñas gabe ere aritu gara min hartuta daudelako, eta futbolak horixe dauka», azaldu zuen Camachok.

Bestalde, Eguberrietarako Iranera joan aurretik, Javad Nekunamek ere adierazpen bitxiak egin zituen, agian Osasunarekin azken partida jokatu berri zuela esanez. Nekunamek eta Masudek ekainean amaituko dute kontratua, baina kontratua luzatu behar ez badiote, ekainean alde gitea baino nahiago du urtarrilean bertan irtetea euskarri irandarrak. Camachok umorez hartu ditu zurrumurru horiek: «Nekunam ere bai? Denek alde egiten badute, akabo! Gauza bat esamesak dira, eta beste gauza bat da errealitatea. Gaur egun kluben ekonomia nola dagoen badakigu denok. Ez dut uste Osasunak alde egiten utziko dienik, gutxienez legeak agintzen duena ordaindu beharko dute gure jokalariak fitxatu nahi dituzten klubek, eta ez dut uste horretarako moduan daudenik futboleko klubak gaur egun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.