Saskibaloia. ACB ligako kanporaketak. Valentzia 75. Lagun Aro GBC 67

Galduta ere, bikain, dotore

Lagun Arok nortasun aparta erakutsi du; Panko gabe, Baron eta Vidal pattal, baina adoretsu jardun du eta talde lanean oso ongiEpaileek baldintzatu dute partida: Lagun Aroren alde lehenik eta etxekoen alde gero

Andoni Urbistondo.
Valentzia
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Valentzia. Markovic (1), Rafa Martinez (3), Claver (5), Caner-Medley (10), Faverani (5) —hasierako bostekoa—; De Colo (13), Ogilvy (4), Newley (17), Pietrus (7), Dean (2), San Miguel (8) eta Abia.

Lagun Aro GBC. Neto (5), Baron (4), Vidal (6), Lorant (7), Doblas (16) —hasierako bostekoa—; Papamakarios (4), Salgado (21), Betts (4), Ogide eta Lasa.

Markagailua. 16-21, 39-41 (atsedenaldian); 59-48 eta 75-67.

Epaileak. Arteaga, Perez eta Jimenez.

Bestelakoak. 8.800 ikusle inguru Fonteta de San Lluis pabiloian.

Tristurarik ez. Talde batek barruan daukan guztia ematen duenean kritika orotik salbu geratu behar du. Lagun Arok bukatutzat eman du denboraldia Valentzian, baina duintasun handiz egin ere, espero ez zituen oztopoei aurre eginez, partida galduta zeukanean muturreraino borrokatuz, bere porrota garesti salduz. Oztopo ikaragarria baita zure taldeko jokalari onenak ez jokatzea, laringean kolpe mingarria zeukalako.

Andy Panko, ez ahaztu, 20 puntu eta sei errebote partidako. Eta atzo aulkian, txandalarekin, ernegatuta, kideei lagundu ezinik. Peter Lorant kantxaratu zuen entrenatzaileak Pankoren ordez, eta lan bikaina egin zuen hungariarrak. Caner-Medley estu lotu zuen eta erasoan ere puntu politak lortu. Zer esan David Doblasi buruz. Hazi egin zen. Bere partida zela ulertu zuen Pankok ez zuela jokatuko jakin ostean eta parean jarri zitzaizkion guztiak txikitu zituen: 16 puntu, 11 errebote eta milaka kemen keinu.

Salgado bezala. Asmatu ezin, baina segi, saiatzen. Hiru hiruko ikusgarrirekin taldea partidan sartu arte: 21 puntu saskiratu zituen Santutxukoak, eta fedea, indarra eman taldeari. Vidalek, fisikoki mugatuta, ezin izan zuelako gehiegi lagundu. Zer esan Jimmy Baroni buruz, jaurtitzaile aparta, finetan finena, jaurtiketa estetika politarekin. Atzo ezin asmatu! Bederatzi ahalegin egin zituen lehenengoa sartzeko, baina bota egin zituen, ez zion erantzukizunari muzin egin. Bere taldeak behar zuelako.

Aparteko komentarioa behar du epaileen lanak. Hamaikagarrenez. Txarrak direlako. Lehen erdian Lagun Aroren aldeko joera erakutsi zuten. Nabarmena oso. 17 falta Valentziari, eta 10 gipuzkoarrei! Partida Valentzian zen, ez ahaztu. Jokaldi batzuk jendea ernegatu zuten, eta Donostiako kazetariak harritu ere bai. Ez baitzen normala! Buelta etorriko zela jakina zen, eta etorri zen. Hirugarren laurdeneko seigarren minuturako parean zeuden bi taldeak falta kopuruan, baina horrekin konforme ez, eta laugarren laurdenean ere bonusean sartu zen Lagun Aro azkar. Oso nabaria izan zen Arteagak, Pereak eta Jimenezek oreka jartzeko erakutsi zuten borondatea, baina itsusi egin zuten, ez ziren faltak adieraziz, eta lotsagarri geratuta saskibaloiaz apur bat dakien ororen begietan.

Merezitako garaipena

Eta halere, merezita lortu du finalerdietako txartela Valentziak. Ezustean hartu zuen Lagun Arok lehen laurdenean, eta 39-41 iritsi zen atzetik atsedenaldian. Panko, Vidal eta Baron gabe ari zen taldearen aurka! Hirugarren laurdenean ardiaren odola usaitzen duen otsoa bezala kantxaratu ziren, eta giltzarrapoa jarri bere saskiari. Lagun Arok bi puntu bakarrik saskiratu ahal izan zituen bederatzi minututan, eta lehiaketak ihes egin zion (57-43). Laugarren laurdenean partida berdintzeko aukera izanda ere, hiru aldiz.

Bukatu da aurtengoa, baina damurik ez. Partida bukaeran Donostiatik joandako 60 zale sutsuk taldea kantxara itzultzera behartu zuten, eta han Lagun Aro asko hazten ari den taldea dela erakutsi zioten saskibaloi zale guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.