Lo askorik ez zuen egin atzo Xalak (Lekuine, Lapurdi, 1979), eguerdi aldera erantzun baitu BERRIAren deia. «Etxea garbitzen ari naiz; bart festa hemen bukatu genuen, eta dena hankaz gora dago». Ahotsa pixka bat urratua du, baina lasai dago. Poza sumatzen zaio, baina ez dago euforiarik, urte osoa baitu lorpena dastatzeko.
Non dago txapela?
Autoan, ez dut atera. Igandean lagun baten autoan mugitu nintzen, eta bila joan behar dut.
Gorde al diozu txokorik etxean?
Ez dakit non jarriko dudan. Etxean dekorazio kontuak nire bikotekideak daramatza, eta berak aurkituko dio. Tira, bera ezagututa, toki batetik bestera ibiliko da.
Zer moduz ospakizuna?
Ondo. Txoko batean egin genuen afaria, eta gero dantzaleku batera joan ginen. Goizeko seiak aldera bildu ginen.
Egunkariak ikusi al dituzu?
Ez. Aitak erosiko ditu, bera da nire jarraitzailerik fidelena. Berarengatik pozten naiz, oso gaizki pasatzen duelako pilotalekuan.
Elastiko gorri gehiago eskatu dizkiozu enpresari?
Ez dut pentsatu, baina eskatu beharko ditut. Urdinak oparitu egingo dizkiet lagunei; jende askok lagundu nau azken hilabetean.
Pilotarien ametsa bete duzu.
Bai, nirea ere bazen. Buruz buruko txapel bat irabaztea ikaragarria da; 8-9 hautagai daude, eta oso zaila da. Baina nik horretarako borroka egin dut, eta azkenean lortu dut. Pentsa, orain hilabete jokatuko nuenik ere ez nekien.
Borrokak merezi izan du azkenean.
Bai, merezi izan du, baina galdu izan banu ere merezi izango zuen. Nik jokatu nahi nuen, buruz buruko finala jokatzea gauza handia da, ez da urtero lortzen, eta nik aukera hori nuen.
Bi aldiz txapeldun sentitzen al zara?
Ez, behin bakarrik, baina nahikoa; lorpen oso handia da.
Baina aldarri pertsonal bat da.
Pilotan hasi nintzenetik beti errespetuz tratatu dut jende guztia, zuzen jokatuz, txikitatik. Nire barruan sentitzen dudana ikaragarria da. Ikusi da pilota agintzen duten lau edo bost pertsonen iritzia baino gehiago dela. Gure kirolak irabazi du.
Nola gogoratzen duzu finala?
Gogorra izan zen. Nik hasieran erritmoaren falta sumatu nuen. Ondo hasi nintzen, baina gero Aimar agindu zuen. Nik nekea sumatu nuen, eta bera fresko zegoen. Nik txapelaren bila joan behar nuen, eta oldarkorrago jokatu, baina ez zen erraza hainbeste denbora geldirik egon ondoren. Berak hamar tanto egin zituen jarraian lehenbizi, eta gero, nik. Buruz buruko boladak ohikoak dira.
17-10ekoarekin partida galduta ikusial zenuen?
Galduta ez, baina tanto bat behar nuela garbi ikusi nuen; joera aldatu. Tanto bat behar nuen, hiru edo lau jarraian eginez gero partidan sartuko nintzelako. Botileroak airez sartzeko eta arriskatzeko esan zidan, eta, tanto bat bestearen atzetik pilatzen ari nintzela ikusita, hazi egin nintzen.
Zer etorri zitzaizun burura azken tantoa lortzean?
Partida ikaragarria izan zela hilabete oso txar baten ondoren. Jokatzeko asko arriskatu behar izan nuen, baita irabazteko ere.
Agian, dena normal joan izan balitz ez nuen hala jokatuko. Nik jokatu nahi nuen. Patua izango zen agian, nork daki, ebakuntza egin ez balidate agian ez nukeen irabaziko. Gertatzen zaizun guztia zerbaitegatik da, eta ahal bada pertsonalki aberats zaitzan baliatu behar da. Hausten den hezurra sendatzen denean, gogorragoa bihurtzen da.
Beste Xala bat ikusi genuen, sutsuagoa, tantoak ospatu zituena.
Final bat zen, gauzak ondo zihoazen, eta besoen keinua oso nirea da. Harmailan iparralde guztia zegoen, eta «zuentzat da» esateko modua zen. Ikusleak garrantzitsuak izan ziren, nirekin zeudela sumatu nuen, eurei esker ez nintzen inoiz burumakur egon.
Ipar Euskal Herriko lehen txapelduna, bereziago bihurtzen du.
Garrantzitsua da, baina aurretik Gonzalezek irabazi zuen lau t'erdikoa, eta egon dira binakakoak. Pausotxo bat da, eta ea gazteak animatzen dituen. Nik uste iparraldean beti egongo dela maila onean jokatuko duen pilotaririk.
Uda desberdina izango al da orain?
Ez, berdina izango da. Orain pixka bat lasaitu nahi dut burua, oso gogorra izan da. Kazetari eta ustezko aditu askok zioten final txarra izango zela, motza, azken unera arte ezingo zirela nirekin fidatu. 22-2 galdu eta etxera joan nintekeen, oso ondo egonda ere; final txarrak egon dira, eta egongo dira. Halako komentarioek min egin didate, baina, tira, azkenean, zorionez, dena ondo irten da.
Yves Salaberri 'Xala'. Buruz buruko txapelduna
«Galduta ere, borrokak merezi izango zuen»
Eskuz banakako lehia irabazi berri du, eta garaipenak, txapelaz gain, arrazoia eman dio. Iskanbilaz jositako hilabete baten ondoren, pozik eta lasai dago, ausardiari esker aspaldiko finalik hunkigarriena irabazi baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu