ATHLETIC 1. BARTZELONA 1

Galduta ere irabazten da

Athleticek txukun jokatu du Bartzelonaren aurka, baina Abidalek 75. minutuan sartutako golak desorekatu du kanporaketaLlorentek 1-1ekoa lortu du 85. minutuan, eta zuri-gorriek estutuz amaitu dute lehia

unai zubeldia
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Epailea: Muñiz Fernandez. Txartel horiak Athleticeko Gurpegi eta Toquerori; eta Bartzelonako Sergio eta Pintori. Golak: 0-1: Abidalek (75. min.). 1-1: Llorentek (85. min.). Bestelakoak: 40.000 ikusle San Mamesen; zelaia leporaino beteta.

Edonork ez du lortzen Bartzelonak 165 minututan golik ez sartzea. Espainiako Ligan bertan aurkariak txikitzen ari da Bartzelona, baina Athletic bizi-bizirik egon zen atzo Espainiako Kopako final-zortzirenetako kanporaketan, azken hamabost minutuetan sartu arte. Bartzelonak aurrera egin duela eta Athletic kalean geratu dela. Baina handia egin zuten atzo zuri-gorriek. 0-1 galtzen hasita ere, 85. minutuan 1-1ekoa lortzeko gai izan ziren. Eta Bartzelonak izugarri sufritu zuen azken minutuetan.

Ohi duen moduan ekin zion Bartzelonak partidari, baloia ukitu, ukitu eta ukitu. Lehenengo minutua izan zen horren erakusgarri. Bartzelonak izan zuen lehen jabetza, eta minutu batean batera eta bestera ibili ondoren, Pedrok gertu eduki zuen 0-1ekoa. Marrazainak jokoz kanpokoa adierazi zuen, baina Bartzelonako aurrelaria ez zegoen Athleticeko atzelariak baino aurrerago. Lehen abisua izan zen hori.

Baina abisurik argiena 8. minutuan iritsi zen. Javi Martinezek baloi inozoa galdu zuen, Villak Messiri eman zion pasea, argentinarrak eskuin hegalera zabaldu zuen jokoa, Dani Alvesek erdiraketa ona egin zuen eskuinez, eta Villak area txikian bakar-bakarrik zegoela, erdi-erdira bidali zuen burukada. Iraizozek ezker eskuarekin gelditu baino gehiago, baloia bera joan zen nafarraren eskuetara. Oso-oso aukera argia izan zuen Villak, baina hortik aurrera zuri-gorriek neurria hartu zioten partidari.

Gurpegik eta Javi Martinezek lan ikusgarria egin zuten euskarri postuan, eta gertutik lotu zituzten Messi, Xavi eta Busquets. Egin beharreko faltak eginez, eta kataluniarren sormen jokoa ezerezean utziz, joko geldoegian ito zen Bartzelona. 14. minutuan eduki zuen Athleticek lehen aukera argia. Ustaritzek baloi luzea bidali zion Llorenteri, aurrelariak Gabilondori eman zion baloia, donostiarra Bartzelonaren areara joan zen ezker hegaletik, baloia atzean utzi, eta Susaetak, jaurtiketa argia zeukanean, zeruetara bidali zuen baloia.

Zelaiaren egoerak ere ez zion askorik lagundu Bartzelonari bere jokoa egiteko, eta Messiren, Pedroren eta Xaviren aukera bana salbu, kataluniarrek ez zuten gol aukera argiegirik sortu. Xavirena izan zen argiena, 31. minutuan. Messik azkar atera zuen falta, eta Xavik, oinaren puntarekin, kanpora bidali zuen baloia.

Bigarren zati hasiera ona

Athleticek ere eduki zituen pare bat aukera lehen zati horretan. 24. minutuan Toquerok buruz atzeraka bidali zuen Koikilik hegaletik ateratako baloia, Bartzelonako bi jokalarik tupust egin zuten, Llorentek area txikiaren ertzetik erdiratu, eta inor ez zen iritsi goleko marran bertan. 45. minutuan, berriz, Gabilondok ondo atera zuen estrategia jokaldia, eta Gurpegik, buruz, oso gutxigatik bidali zuen baloia kanpora. Euskarriak erraz irabazi zion jauzian Alvesi. Bartzelonaren baloi jabetza nabarmen handiagoa lehen zatian, baina golik ez. Eta kanporaketako lehen 135 minutuak jokatuta, kataluniarrak bilbotarrei gol bakar bat ere sartu ezinik.

Eta bigarren zatian ere bultzatuz hasi ziren etxekoak. Buruz buruko jokaldi bakoitzean zuri-gorriak nagusitu ziren, goi-goian egin zuten presioa lehen ordu laurdenean, eta Bartzelona gutxitan bezala ari zen baloiak galtzen. 48. minutuan Koikilik jaurti zuen oso urrutitik, eta Pintok arazorik gabe gelditu zuen. Eta lehen hamabost minutu horietan bi korner atera zituzten etxekoek. Hori bai, 53. minutuan, 62.ean eta 63.ean Bartzelonak gertu eduki zuen 0-1ekoa. 53. minutuan Pedro area txikiraino iritsi zen, eta erdiraketa Ociok urrundu zuen —Ustaritz penaltia egitekotan egon zen—; 62.ean Messik oso gutxigatik ez zuen lortu Pedroren erdiraketa sareetara bidaltzea; eta hurrengo minutuan Villak buruz kanpora bidali zuen baloia.

De Marcosek 69. minutuan baloia irabazi —falta egin zuen—, eta Llorente motel ibili zen jaurtitzeko orduan. Eta 75. minutuan Abidalek sareetara bidali zuen Xavik eta Messik landutako jokaldia. 0-1ekoarekin ere ez zuen etsi Athleticek, eta 85. minutuan eromena sortu zuen Llorenteren golak. Ezin izan zuten lortu azkenean, baina kanporaketa galduta ere irabaz daitekeela erakutsi zuen atzo Athleticek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.