Pilota gozoko Emakume Master Cupeko finalak baditu finalistak: Galeano ahizpek eta Agirre-Ruiz de Larramendi bikoteak jokatuko dute gaur zortzi. Finalerdiak gaur eguerdian jokatu dira, Elgoibarren (Gipuzkoa). Lehen finalerdian, Nagore eta Leire Galeanok 18-16 irabazi diote Ruiz de Infante-Jaka bikoteari. Lehia oso parekatua izan da, eta partida guztian ez da izan bi puntu baino gehiagoren aldea.
Bigarren finalerdian, Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik irabazi egin diete Irantzu Etxebesteri eta Ane Urkizuri. Partida horretan, aldea handia izan da bi bikoteen artean, eta 3-18 gailendu dira Agirre eta Ruiz de Larramendi.
Finalerdiak martxoaren 8an ziren jokatzekoak, baina, koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, atzeratu egin ziren. Azkenean ikusleak izan dira harmailetan, edukieraren %60 beteta, 163 ikuse. Finala Irunen jokatuko da (Gipuzkoa) ekainaren 28an.