Irlanda 10. Gales 22

Galesek bere historiako garai onenak oroitu ditu

Deabru gorriak finalerdietan ariko dira, defentsa onari esker Irlandarren aurka irabazi ondoren

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Irlanda. Healy, Best, Ross; O' Callaghan, O' Connell; Ferris (Ryan, 75. min.), Heaslip (Leamy, 75. min.), O' Brien; Murray (Reddan, 56. min.), O' Gara (Sexton, 56. min.); Earls (Trimble, 73. min.), D' Arcy, O' Driscoll (kap.), Bowe; Kearney.

Gales. Jenkins, Bennett, A. Jones; Charteris (Davies, 41. min.), AW Jones; Lydiate, Warburton (kap.), Faleteau; Philips, Priestland (Hook, 78. min.); Williams, Roberts, Davies, North; Halfpenny.

Markagailua. 10-3 (atsed.).

Galesek bere historiarekin berriz ere topo egin zuen atzo, Irlandari irabazi eta Munduko Kopako finalerdietan sartu baitzen.Warren Gatlanden jokalariek Irlandak baino errugbi landuagoa erakutsi zuten. Irlandak indar handiagoa izan arren, Galesek defentsa bikaina erakutsi zuen, eta gibelean talentuaren eta jokoa kudeatzeko gaitasunaren nahasketa ederra lortu zuten.

Partidako lehen kolpea Galesek eman zuen. Jamie Robertsek eraso egin zion defentsari, eta Shane Williamsek jokaldia bukatu: 7-0. Galesen gaztetasunak eta bizitasunak arnasestuka utzi zituen O' Connell, O' Callaghan eta O' Driscoll irlandar beteranoak. Lehen kolpea jasota, hirustako hamabostekoak bere aitzineko indarrarekin erantzun nahi izan zuen. Ostikoz jotzeko moduko bi zigor kolpe eskasera bota zituen, aitzinekoen dortoka sortzeko asmoz. Baina Galesko defentsak ezerezean utzi zuen ahalegina.

Bigarren zatian, Irlandak bere bertutea erakutsi zuen. Partida ez zuen sekula galdutzat eman, eta berdintzea ere lortu zuen. Erasoaldi gogor baten ondotik, Keith Earlsek entsegua sartu zuen 10-10ekoa ezarriz. Baina atzokoa ez zen Irlandaren eguna. Galesek berehala erantzun zuen bere gibelekoekin. Jamie Robertsek berriz zentzu onean ezarri zituen galesak, eta, jokaldi bizi baten ondotik, Mike Philips, Baionarekin fitxatu duen uztartze erdia, jokalari multzotik atera zen azeri-azeri entsegua sartzeko: 10-15.

Galesek berean jarraitu zuen. Uztartze baten ondotik, Philipsek ihes egin zuen, eta hurrengo jokaldian, Jonathan Davies erdikoak entsegua sartu zuen. Partida bukatzeko oren laurden bat falta zela, Galesek zuloa egin zuen: 22-10. Irlanda suspertzen entseatu zen, baina ahalegin guztiak Galesen defentsa lan bikainean urtu ziren.

Hego hemisferioaren txanda

Hego hemisferioko selekzioen txanda izanen da gaur. Lehen final-laurdenean, Hegoafrikak tituluaren defentsa hasiko du Australiaren aurka (07:00, France 3 eta Canal +). Azken final-laurdenean, berriz, etxeko selekzioak, Zeelanda Berriak, titulurako faboritoa dela berretsi beharko du Argentinaren aurka (09:30, TF1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.