Jaizkibel ez da Galibier, eta Arkale ez da Luz Ardiden. Baina xarma berezia izaten du beti Donostiako klasikoak. Frantziako Tourraren usainean iristen delako beti. Errepide bazterrak euskal zalez betetzen direlako beti. Ikuskizuna ziurtatuta egoten delako beti. Donostian hasi eta bukatu, 234 kilometroko ibilbide gogorra dauka klasikoak. Laburpena muturreraino eraman nahi duenarentzat, erraza da ondorioa: 145 kilometroko berotua, ihesaldia, Jaizkibel, Arkale, Jaizkibel, Arkale... eta Mirakruz. Horixe dauka gordeta Donostiako klasikoak.
Tourrak Alpeei, eta, bereziki, Galibierri egin berri die omen, mendeurrenean, hara bi aldiz igota. Eta Donostiako klasikoaren 31. ekitaldiak Jaizkibel izango du ikur, bi igoerarekin mendate etzan hori izaten delako epailea; beti ez bada, gehienetan. Iaz, esaterako, Jaizkibelgo bigarren igoeran ihes egin zuten Aleksandr Vinokurovek (Astana), Luis Leon Sanchezek —irabazlea—, eta Carlos Barredok (Rabobank).
11:10ean abiatuko dira txirrindulariak Alderdi Ederretik, baina, klasikoa hasi, 11:20an hasiko da, Antiguan. Orio, Zestoa, Azpeitia, Beasain, Tolosa, Hernani eta Oiartzundik barrena ibilita, 148. kilometroan hasiko dira lehen aldiz Jaizkibel igotzen. Gogorrak dira azken 86 kilometroak. Tourrean egurrean ibili direnentzat mendate apala da Jaizkibel, baina %7,5ekoa da batez bestekoa lehen lau kilometroetan. Hanketan 200 kilometro pilatuta, min egiten du igoerak. Jaizkibelek eta Arkale motz baina tenteak hautsiko dute tropelaren oreka.
Hori bai, Arkale bigarren aldiz igo, jaitsi eta Oiartzundik Donostiara arteko 11 kilometroetan badago klasikozaleei hainbeste gustatzen zaien beste aldapa serio bat: Mirakruz. Ondo bidean, talde txiki bat osatuta egongo da ordurako, eta ez harritu baten batek igoera horretan erasoa jotzen badu. Horretarako apropos sortutako aldapa dela ematen du.
Sekretu askorik gabeko klasikoa da jada Donostiakoa, denek primeran ezagutzen dutelako ibilbidea. Eta faboritoen izenak aipatzen hasita, hor ere ez dago misterio handirik. Cadel Evans (BMC) ez beste guztiak irteeran izango dira. Philippe Gilberten (Omega Pharma-Lotto) izena ageri da faboritoen zerrendaren buruan. Baina aurre-aurrean ibiltzeko hautagaiak dira Andy eta Frank Schleck (Leopard-Trek), Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), Damiano Cunego (Lampre), Ivan Basso (Liquigas), Luis Leon Sanchez, Carlos Barredo, Oscar Freire (Rabobank), Joaquim Rodriguez (Katuxa)...
Txirrindularitza. Donostiako klasikoa
Galibierren pare, Jaizkibel bi aldiz
Frantziako Tourrean aurrean ibili diren ia faborito guztiak irteeran direla, gaur jokatuko da Donostiako klasikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu