Eusko Label eta Euskotren ligak Coruñan (Galizia) hasiko dira, uztailaren 4an, eta bigarren jardunaldia ere han jokatuko dute. Riazor hondartzako eremu bihurri bezain ikusgarriak emango die hasiera bi ligei. Horretarako, Galiziako Xuntaren oniritzia behar zuen Traineruen Kluben Elkarteak, eta ez da erraza izan baimena lortzea, baina azkenean gauzatu ahal izango da TKEko hamabi taldeek maiatzaren 30ean onartu zuten estropada zerrenda. Hemezortzikoa izango da gizonezkoen kasuan, eta hamabikoa emakumezkoenean.
Galizia hirugarren fasetik aterata dago atzotik, baina, hala ere, Xuntak nahiko komeria izan ditu TKEri baimena emateko. Hori bakarrik ez, Galiziako traineruei ere atzo arte ez die utzi uretara entrenatzera ateratzen. Euskal Herriko taldeek baino astebete atzerago doaz gai horretan galiziarrak, nahiz eta EAE oraindik hirugarren fasean egon.