Ajaxeko zaleak nostalgian murgilduko dira gaur. Amsterdamgo taldeak Milan hartuko du Amsterdam Arenan. Futbol ikusgarriaren ikur izandako taldeak 1970eko hamarkada hasieran izan zituen garairik loriatsuenak, eta 1990eko hamarkadan beste loraldi bat izan zuen. Seedorf, De Boer anaiak, Litmanen eta enparauak elkartu zituen belaunaldiak 1995ean jo zuen gaina, Milanen aurka Vienan 1-0 irabazitako Europako Kopako finalean. Hamabost urte geroago, baina, gauzak asko aldatu dira, eta gaur berriz ere neurtuko dituzte indarrak, egoera oso desberdinean.
Amsterdamen, ustez, oreka baino izen handiagoko partida jokatuko da. G multzoko bigarren jardunaldiko norgehiagoka izango da, eta Ajaxen lau Europako Kopadun historia Milanek irabazitako zazpiekin gurutzatuko da. Iraganak, ordea, ez du golik sartzen, eta zelai gainean Italiako taldea izango da faborito. Izan ere, urrun gelditu dira Ajaxek Europako talde handiak talentu gaztez hornitzen zituen garaiak. Azken urteetan ez da Txapeldunen Ligarako sailkatu, eta aurten zaila dirudi lehen faseko langa igaro ahal izatea. Bere egungo izar nagusia Luis Suarez goleatzaile uruguaitarra da, eta Real Madrilen aurkako sailkatze faseko lehen partidan zigortuta zegoelako jokatu gabe gelditu ondoren gaur hasieratik ariko da.
Ajaxen eta Milanen arteko harremana, baina, harago doa. Jokalari asko izan dira Herbehereetatik Lonbardiara igarotakoak: Van Basten, Rijkaard, Reiziger, Seedorf... Milanen da Seedorf oraindik. Antzeko bidea egin du Zlatan Ibrahimovicek, bere lehen talentu tantak ikusi zituen estadiora itzuliko baita gaur. Aurrelaria hasieratik ariko da, eta erasoko joko ardura hartuko du Ronaldinhorekin eta Robinhorekin, Robinho oraindik sasoirik onenean ez dagoen arren. Hirurek talentua sobran daukate, beste kontu bat izango da jarrerarena. Massimiliano Allegri entrenatzaileak bi jokalari faltako ditu hamaikakoa osatzeko garaian: Ambrosini erdilaria eta Pato aurrelaria; izan ere, min hartu zuten duela hamabost egun Auxerren aurka, eta oraindik ez dira osatu.
Milango taldeak ondo hasi zion sailkatze faseari, eta gaur ustekabekoa saihestea du helburu. Hurrengo bi partidak Real Madrilen aurka jokatu beharko ditu, eta Ajaxi irabazteak multzoko lehen posturako borrokari lasai ekiteko aukera emango lioke. Etxeko taldeak, berriz, ezin du hutsik egin bigarren posturako borrokan jarraitzeko.
Auxerren krisia
G multzoko beste partidan Auxerrek Real Madril hartuko du Abbe Deschamps estadioan. Frantziako taldea kinka larrian dago etxeko ligan. Iragan sasoian ustekabekoa eman ondoren, egun azken aurreko postuan dago, eta ez du partidarik irabazi lehen zazpietatik. Real Madrilek, berriz, titulurako hautagaietako bat dela berresteko aukera du, horretarako, baina, Frantziako taldeen aurka duen bolada txarrari eta gola egiteko zailtasunei aurre egin beharko die.
Beste hiru multzotan ere jokatuko dituzte bigarren jardunaldiko partidak, eta E multzoan, Bayern Munich saiatuko da Bundesligako komeriak gozatzen Basilearen zelaian. Alemaniako ligan, sei jardunaldiren ondoren, bederatzigarren postuan dago, liderrarengandik hamar puntura. Hala ere, taldeko zuzendariek Louis van Gaal entrenatzailearen kontratua luzatu berri dute. Entrenatzaileak hutsune asko izan ditu hamaikakoa eratzeko, Robben, Ribery eta Contento min hartuta daudelako. Dena den, eta hutsuneak hutsune, ez lirateke aitzakia izango Bayernek Suitzan irabaziko ez balu.
Garai gozoak gogoan
Ajaxek Luis Suarez goleatzailearekin hartuko du gaur Milan, Txapeldunen Ligako sailkatze fasean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu