NBAko eraztun gehien jantzi duten taldeak dira, eta mesede galanta egin diote ligari. Biek puntako jokalariak fitxatu dituzte, eta euren konferentzietako buru izan dira. Bide batez, markei erreparatuta behintzat, finala jokatzeko hautagai nagusiak dira. Ligak hori amesten du, Massachusettskoen irish pride-a (harrotasun irlandarra) showtime inoizko saskibaloi ikusgarrienaren oinordekoen aurka. Lakersek bide luze eta gogorra izango du; Celticsek, aldiz, konferentziako finalera arte ez luke aurkitu behar estutuko duen aurkaririk.
NBAko azken sasoietan western film klasikoetako adiera bat berreskuratu dute: mendebalde basatia; eta ez da gutxiagorako, mendebaldean ekialdean baino askoz talde indartsu gehiago baitaude. Lakers izan da mendebalde basatiko buru, Kobe Bryant, Lamar Odom eta Pau Gasol hirukoteari esker. Lehen kanporaketan, Allen Iverson eta Carmelo Anthonyren Denver Nuggetts biziak izango dituzte aurkari. New Orleans Hornets izan da bigarren sailkatua, eta ez du zorte handirik izan. Dallas Mavericksek denboraldi kaskarra egin du, baina ondo bukatu du urtea. Talde handia da, duela bi urte finala jokatu zuen, eta aurkari gogorregia izan daiteke lehen kanporaketarako. AEBetako adituek kanporaketa oso parekatua dela diote.
Mendebaldeko lehia orekatuena, baina, San Antonio Spurs eta Phoenix Sunsen artean espero da. Spurs-ak, iazko txapeldunak, Sunsen borrero izan dira azken urteetan; Phoenixekoek, baina, Shaquille O'Neal erraldoia fitxatu dute San Antoniokoen barneko jokoari aurre egiteko. Mendebaldeko azken kanporaketan, Utah Jazzek eta Houston Rocketsek jokatuko dute. Luis Scolak, Baskoniako jokalari ohiak, tokia aurkitu du Houstonen hasierako bostekoan. Sasoiak aurrera egin ahala, haren jokoak hobera egin du, eta taldeak ia ez du nabaritu Yao Ming pibotaren hutsunea. Mendebaldeko orekak ez die euren taldeei mesede handirik egiten, ekialdeko oilarrekin alderatuta, litekeena delako konferentziako txapeldunak jota iristea finalera.
EKIALDE AHULA. Mendebaldea basatia bada, ekialdea ahula da. Mendebaldeko bederatzigarren taldeak -Golden Statek (48-34)- ekialdeko laugarrenak -Clevelandek (45-37)- baino partida gehiago irabazi ditu. Bostongo taldea da faboritoa, eta Detroit Pistons beharko luke kontrario finalean. Bostonek etzi ekingo die kanporaketei, etxean, Atlanta Hawksen aurka. Garnett, Allen eta Pierce hirukoteak taldeko beste kideak bizitu ditu, eta litekeena da partidarik galdu gabe egitea aurrera. Liga sasoi bikainean bukatu dute gainera, azken hamar partidetatik bederatzi irabaziz -guztira 66 partida irabazi dituzte-, eta kanporaketa guztiak etxean hasteko eta bukatzeko abantaila izango dute. Lehen kontrario gogorra finalerdietan aurkituko dute, Cleveland edo Washington. Clevelandek iaz finala galdu zuen, eta Lebron Jamesek aurten eskarmentu handiagoko taldekide hobeak ditu; orain arte euren onena eman ez duten arren.
Ekialdeko konferentzian Detroit Pistons izan da bigarren, eta Bostonen benetako kontrario bakarra da finalerako bidean. 2004ko txapeldunek azken urteetako multzoari eutsi diote, ordezkoek minutu gehiago jokatu badituzte ere. Philadephia izango dute aurreneko aurkari, eta irabaziz gero Orlando edo Toronto. Hirurak kanporaketetan eskarmentu gutxi duten taldeak. Ekialdeko kanporaketek mendebaldekoak baino argiagoak dirudite, eta finalera iristen den taldeak freskoago ekingo dio azken txanpari. Gehienek Lakers-Celtics nahiko lukete, garai zahar eta hobeagoak berpizteko. Saskibaloiak ere behar du, bai behintzat ikurrak eta izenak jokoaren maila bera baino garrantzitsuagoak diren garaietan.
Lau hautagai
eta zor batKobe Bryant da NBAko jokalari onenaren saria jasotzeko faboritoa, urte bikaina egiteaz gain ibilbidea ere saritu behar dutelako. Lehia horretan hiru aurkari ditu, eta badago berak baino gehiago merezi duenik.
i. magro
Iruñea
Titulu garrantzitsua da, ia txapeldun eraztuna bezainbeste. NBAko gaina jotzea da. Maurice Podoloff komisionatu ohiaren izena darama, eta jokalari onena saritzen du. Saskibaloiaren historian tokitxoa ziurtatzen duen saria da. Aitortza pertsonal handiena, ezer gutxi dago gorago. Ika-mika asko sortu izan du sariak, askotan kirol merituaz harago baldintzatuta baitago. Taldeak, taldekideak, adina, garaipen zerrenda... Denak baldintzatzen du jokalari onena aukeratzen duen kazetari eta saskibaloi jakintsuen epaimahaia. Aurten NBA oso irekita dago, eta lau dira saria jaso dezaketenak.
Kobe Bryant
Zor diote
Taldea: Los Angeles Lakers
Postua: Eskolta
Jaioteguna: 1998ko abuztuaren 23a.
Jaiolekua: Philadelphia (AEB)
Altuera: 1,98 m. Pisua: 95 kilo.
Aurtengo batez bestekoak partidako: 28,4 puntu, 6,3 errebote eta 5,4 asistentzia.
Los Angeles Lakersen jokatuta zail da itzalpean egotea. Ligako ikurretako bat da, jokalari ezagunena ziurrenik. Hiru aldiz irabazi du NBAko titulua; hirurak, baina, Shaquille O'Nealen alboan, eta horrek haren maila kolokan jarri zuen. Ligako pibotik onenaren alboan beste edozeinek ere irabaz zitzakeela egotzi izan zaio. Iaztik hona, ordea, taldeko lider izateko ere balio duela erakutsi du. Aurten Lakers mendebaldeko konferentziako talde onena izan da, eta Bryant izarra. Ligako azken txanpan kide onak izan ditu alboan, eta hala errazagoa da marka ona lortzea.
Bryanti, baina, iritsi zaio bere lanaren aitortza jasotzeko garaia, eta apustu etxeetan bera da saria jasotzeko hautagai nagusia. Lau aldiz izan da Ligako bosteko onenaren partaide, eta beste lautan defentsa bosteko onenaren partaide. Izarren partida ia urtero jokatu du, eta jokalari onenaren saria ez den ezer txiki gelditu zaio dagoeneko. Litekeena da saria berak jasotzea, baina talde handi batean jokatzeaz gain baditu gauza txikiak bere aurka ere. Falta tekniko gehien adierazi dioten jokalaria da, eta zale askori ez zaio haren izaera gustatzen. Isila da, eta harroxkoa dela egozten diote.
Chris Paul
Gehien merezi duena
Taldea: New Orleans Hornets.
Postua: Joko-antolatzailea
Jaioteguna: 1985eko abuztuaren 23a.
Jaiolekua: W. Salem (I. Carolina, AEB)
Altuera: 1,83 m.Pisua: 78 kilo.
Aurtengo batez bestekoak partidako: 21,1 puntu, 4 errebote, 11,6 asistentzia eta 2,7 baloi eskuratze.
Berak merezi du gehien. Bryantek aurretik jokalari onenaren saria jaso izan balu ez legoke zalantza handirik. Paul ligako joko-antolatzaile onena izan da, erdipurdiko taldea goitik behera irauli eta mendebaldeko konferentziako bigarren postura eraman du. C3PO ezizenarekin -Star Wars filmeko robot txikiaren izena- bigarren urtea du ligan, eta Nash, Kidd edo beste edozein antolatzaileren adinakoa dela erakutsi du. Bere taldea iaz ez zen kanporaketetan sartu; aurten, berriz, faboritoetako bat da, eta Paul da erantzule nagusia. Ez du kide handirik alboan, gehienak beste talde batzuetan alboratuta daude. Estatistikak ere alde ditu, azken bi urteetan Steve Nashek jaso zuen jokalari onenaren saria, eta haren batez bestekoak Paulek aurten lortu dituenak baino okerragoak ziren. Hornetseko jeinu txikiak beste marka harrigarri bat erdietsi du, gainera: hamaika partidatan 20 puntu eta 15 asistentziatik gora lortu ditu, ligako beste jokalari guztien artean bederatzi aldiz lorturiko balentria.
Paulek alde adina gauza ditu kontra. Kirol ibilbideak garrantzi handia du epaimahaiaren erabakian, eta bera gazteegia da tamaina horretako ohorea jasotzeko. Bi urte baino ez daramatza NBAn, eta izango du saria lortzeko aukera gehiago ere. New Orleans ere ez da oso hiri handia, eta bertako hedabideek eragin gutxi dute. Ligakojokalari gehienek haren aldeko aldarria egin dute, baina ligako bosteko onenean sartzearekin konformatu beharko du ziurrenik. Ez da gutxi, berarentzat izan ezik.
Lebron James
Baliotsuena
Taldea: Cleveland Cavaliers.
Postua: Eskolta-hegalekoa
Jaioteguna: 1984ko abenduaren 23a.
Jaiolekua: Akron (Ohio, AEB)
Altuera: 2,03 m. Pisua: 113 kilo.
Aurtengo batez bestekoak partidako: 30 puntu, 7,9 errebote eta 7,4 asistentzia.
Maurice Podoloff sariak ez du zehazki jokalari onena saritzen, baliotsuena baizik. Alde horretatik ere zalantza gutxi legoke; Lebron James da, estatistikoki behintzat, marka onenak lortzen dituen jokalaria. Ligako saskiratzaile nagusia da, ia Bryantek baino bi puntu gehiago sartzen ditu partidako, eta Michael Jordanek erretiroa hartu zuenetik 30-8-8ko batez bestekoetara hurreratu den jokalari bakarra da. Dominatzaile petoa da, eta hori gutxi ez balitz bezala, aurten bere jaurtiketa batez bestekoak hobetu ditu (%48). Ligako ikurretako bat da, iragarki asko egin ditu, eta iaz bere taldea finaletara eraman zuen.
Taldea da, baina, jokalari onenaren saria jasotzeko duen traba nagusia. Cavaliersak laugarrenak dira ekialdeko konferentzian, eta mendebaldekoan lanak izango zituzten kanporaketetan sartzeko. Egoera horretan zaila da saria jasotzea, era berean, baina meritu handia du taldekide horiekin kanporaketetan sartzeak ere. Jamesengatik ez balitz, Cleveland kanporaketetatik urrun geldituko litzateke. Dirudienez, baina, Jamesek estatistikoki jokalari onena izatearekin konformatu beharko du, eta bosteko onenean sartzearekin. Horretaz gain, Paul bezala, gazteegia da, 23 urte baino ez ditu.
Kevin Garnett
Talde onenaren jokalari onena
Taldea: Boston Celtics.
Postua: Hegal-pibota
Jaioteguna: 1976ko maiatzaren 19a.
Jaiolekua: Mauldin (H. Carolina, AEB)
Altuera: 2,11 m. Pisua: 100 kilo.
Aurtengo batez bestekoak partidako: 19,3 puntu, 9,3 errebote eta 7,4 asistentzia.
Garnetten argudioak aise azaltzen dira, Boston Celticsak NBAko talde onena izan dira, eta bera da talde horretako jokalari onena. Udan Bostonek jokalari garrantzitsuak fitxatu zituen, eta garrantzitsuena Garnett izan zen. Kazetari zein adituek gertutik aztertu dute haren jarduna denboraldi osoan, eta hegal-pibotak ondo erantzun du. Taldeko ardura bere gain hartu eta Bostonek urte bikaina egin du. Celtics talde mitikoa da, eraztun gehien irabazi duena, eta Garnettek berpiztu egin du.
Garnettek, eta kideek; hegal-pibota puntako kideak izan baititu Bostonen. Paul Pierce eta Ray Allen, ligako eskolta eta hegaleko onenetarikoak. Kide horiekin talde onena izatearen meritua gutxitu egiten da. Garnett da burua, baina jokalari bikainekin dena da errazagoa. Garnettek, gainera, estatistikoki ez du beste hautagaiek adinako markarik lortu, eta partida dezente galdu ditu lesioen erruz. Hori gutxi ez, eta duela lau urte berak jaso zuen jokalari onenaren saria, eta ligak dagoeneko saritu du bere ibilbidea. Bosteko onenean tokia izango du, eta zaila dirudi zerbait gehiago jasotzea.