Txapeldunak momentu erabakigarrietan ongi erantzuten dutelako dira txapeldun, eta Miguel Mari Urrutia multzo horretan sartzen da. Partida erabakigarria zeukan atzo Galarretan, kale edo balekoa, eta ez zuen hutsik egin. Banakako Kutxa Torneoaren finalerdietara sailkatzeko txartela zeukan jokoan, eta, Javier Urrizari 30-24 irabazita, aurrera egin zuen. Azken hori sailkatuta zegoen lehendik, baina ligaxkako lehen postua jokoan zegoenez, zuen guztia eman zuen. Alferrik, ordea. Urrutiak, sailkapena ez ezik, aurreneko tokia ere eskuratu zuen. Garaipen batekin, bi opari, beraz. Hala, Saldiaskoak San Miguelen kontra neurtuko ditu indarrak bihar, lehen finalerdian. Hilaren 27an, berriz, Ezkurra eta Urrizaren txanda izango da. Finalerdi horietan egongo ez dena Zeberio II.a da. Askok txapela janzteko hautagai nagusitzat zuten, baina Elduaingoa bere mailatik urrun aritu da.
Txapelketako neurketarik onena jokatu zuen atzo Urrutiak. Orain arte ez bezala, sakea ezin hobeto baliatu zuen, eta ez zion ezertarako aukerarik eman Urrizari. Guztira hamar tanto egin zituen lehen pilotakadarekin, eta beste hainbeste dominatu. Hasieratik ikusi zen Saldiaskoa konfiantzaz beterik irten zela kantxara, baina Urriza ez zen beldurtu. Partida guztian defentsan aritu zen, baina hainbat tantotan ezer ez zegoen lekutik petrolioa ateratzen jakin zuen. Amaierara, hori bai, nekatuta iritsi zen.
Lehia distiratsua izan zen, pilotakada askokoa eta goi mailakoa. Tanto ikusgarriak jokatu zituzten bi pilotariek, eta Galarretan bildutako zaleak gustura egon ziren euren besaulkietan. Tantoa amaitzerako garaian inspiratuta aritu ziren, ikusleen mesederako. Saldiaskoak hamasei tanto egin zituen guztira sakea kontatu gabe, eta Iruñekoak, hemeretzi. Galdu, ordea, gehiago egin zuen, eta horregatik egin zion ihes garaipenak. Galdutakoak baino askoz tanto gehiago izan ziren egindakoak, eta horrek adierazten du norgehiagokaren maila ona.
Bi finalerdiak oso politak geratu dira. Urrutia eta San Miguelen arteko lehia interesgarria da, bi atzelari ariko direlako nor baino nor gehiago. Ezkurra eta Urrizaren artekoan, berriz, faborito nahiko garbia izango da Doneztebekoa. Urrizak, baina, argi erakutsi du zergatik dagoen onenen artean.
Garaipen bat, bi opari
Urrutiak 30-24 irabazi dio Urrizari, eta biek egin dute aurrera Kutxa Torneoan; Zeberio II.a kanpoan geratu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu